Trumpek ere jokatuko du Munduko Kopa, "America is Back" kontakizuna zabaltzeko
AEBko presidenteak Munduko Txapelketarik "handiena, seguruena eta zoragarriena" agindu du, eta hitzordua probestuko du bere burua proiektatzeko, kontraesanak agerian gera daitezkeen arren.
Etxe Zuriaren webgune ikusgarrian sartzeak Hollywoodeko trailer bat ikustearen antzeko esperientzia eskaintzen du. Helikoptero militarrak, gerra-hegazkinak, bandera erraldoiak, su artifizialak eta, guztiaren erdian, Donald Trump. Irudiek kontakizun bat iradokitzen dute: America is back. Amerika indartsu eta garaile; berriz martxan den herrialde bat.
Horixe da, hain zuzen, Trumpek munduari helarazi nahi dion mezua Munduko Futbol Txapelketaren bidez, nazioarteko kirol ekitaldirik handiena Olinpiar Jokoekin batera.
Agintari estatubatuarra hasieratik saiatu da hitzordua bere irudiari lotzen. Horren erakusgarri da Munduko Txapelketarako Lan Taldearen buru jarri izana —erabat ezohikoa da presidente bat izendatzea horretarako—, eta ekitaldiari lehentasuna eman izana bere agerraldi publikoetan.
“Historiako Munduko Txapelketarik handiena, seguruena eta zoragarriena izango da”, adierazi zuen Trumpek Etxe Zurian, Gianni Infantino FIFAren presidentea alboan zuela. Abenduan, erakundearen Bakearen Ssaria eman zion Infantinok berak.
Ipar Amerikako Munduko Txapelketa bada ere, AEBk bere egin du hasieratik anfitrioi nagusiaren rola. Partiden % 75 AEBn jokatuko dira, bi finalaurrekoak eta finala barne. Eta Trumpek txapelketaren aurpegia nahi du izan.
1994ko Munduko Txapelketatik 32 urte igaro ondoren, AEB berriz ere munduko futbolaren erdigunean izango da. Oraingoan, gainera, futbola hazkunde handiena duen kiroletako bat da herrialdean: beisbolarekin lehian ari da AEBko hirugarren kirolik jarraituena izateko, futbol amerikarraren eta saskibaloiaren atzetik.
Sportwashinga: kontakizun bat proiektatzeko helburua
Kirola —garaipen handiak zein antolakuntza arrakastak— propaganda politikorako erabiltzea ez da kontu berria. Ikuskizun masibo bihurtu zenetik, botere politikoak baliatu du bere irudia indartzeko. Mussoliniren Italiako 1934ko Munduko Txapelketatik hasi eta Hitlerrek 1936ko Berlingo Olinpiar Jokoekin egindako propaganda operaziora arte —Jesse Owensek neurri batean zapuztua—. Adibideak ez dira falta. Azken urteetan, Errusiako eta Qatarko Munduko Txapelketek sportwashingaren inguruko eztabaida eta kritika ugari eragin dituzte.
Trumpen asmoarekin pareka daitekeen aurrekari bat 1984ko Los Angeleseko Olinpiar Jokoak dira. Gerra Hotzaren azken urteetan, Ronald Reaganek ulertu zuen Jokoen balio sinbolikoa, eta arrakasta harekin lotu nahi izan zuen bere irudia.
Orain, Munduko Txapelketak plataforma paregabea eskaintzen dio Trumpi “bere” Amerika zabaltzeko. Eta AEBko presidentea prest dago aukera hori baliatzeko.
Jules Boykoff politologo eta futbolari ohiak Red Card lanean azaldu duenez, Munduko Txapelketa “salbamendu politiko” bat da Trumpentzat; kirolak sortzen duen emozio kolektiboan bilduta, “lidergo, batasun eta antolakuntza arrakastaren irudia munduari proiektatzeko” tresna.
Boykoffek aipatzen duen sportwashing horren beharra ez da kasualitatea. Trumpen egoera politikoa ez da bere unerik onenean. Inkestek erakusten dute haren onespen maila % 36 eta % 40 artean dagoela, bere historiako daturik apalenetako bat.
Ekonomia ez dago bere onenean, Epstein auziak kalte handia egin dio haren irudiari, eta nazioarteko politikak, bereziki Irango gatazkak, bere irudi publikoa higatu du. Horren adibide, aste honetan Madison Square Gardenen jasotako txistuak.
AEBko arrakalak
Munduko Txapelketa aukera bat da Trumpentzat, bere burua eta bere proiektua indartzeko. Baina arriskuak ere baditu. Agerian gera daitezke Trumpek erakutsi nahi duen Amerikaren eta benetako Amerikaren arteko kontraesanak.
Munduko Txapelketak Jorge Dioni idazleak “mugimenduaren ekonomia” deitzen duen hori behar du: pertsonen, kapitalen eta zerbitzuen joan-etorria, masiboa eta mugaz gaindikoa. Eta ekonomia mota horrek, era berean, lan baldintza prekarioak onartzen dituzten langileak behar ditu; gehienetan, migratzaileak.
FIFAk Munduko Txapelketa ospakizun global eta ireki gisa aurkezten du, Trumpen administrazioak, ordea, AEBra sartzeko oztopoak areagotu ditu.
JD Vance presidenteordeak argi adierazi du: “Denak dira ongietorriak ekitaldi ikusgarri hau ikustera, baina amaitzen denean alde egin beharko dute”.
Polemikak
Horrela, ikusteko dago Trumpek nahi duen herri irudia zabaltzea lortuko duen ala ez. Momentuz, hainbat polemikak zipriztindu dute txapelketaren antolakuntza. Sarreren prezio altuek eta VIP paketeen ugaritzeak, ekitaldiari lotutako langileen lan baldintzek eta azpiegitura eta garraio arazoek protagonismo handia izan dute hedabideetan.
Segurtasunaren auzia ere funtsezkoa da. Asteburuan Kansas Cityn tiroketa bat izan zen, eta bederatzi zauritu utzi zituen. Munduko Txapelketako gune nagusietako bat izango da Kansas City, Argentina, Ingalaterra, Aljeria eta Herbehereetako selekzioen egoitza ofiziala.
Azken orduetan, AEBko immigrazio agintariek Somalian jaiotako arbitro bati herrialdean sartzea debekatu diote, bisa indarrean izan arren eta FIFAk epaile lanak egiteko hautatu arren. Arrazoia? Somaliatik zetorren, eta herrialde horretako herritarrek murrizketa zorrotzak dituzte AEBra sartzeko.
Bestalde, Irango selekzioa hainbat oztopori ari zaio aurre egiten txapelketan parte hartu ahal izateko, eta migratzaileen eta zaleen artean kezka zabaldu da, ICE Immigrazio eta Aduana Zerbitzuko agenteek estadioen inguruan atxiloketak egin ditzaketelakoan
Trumpen Amerikak talka egin dezake beste Amerika batekin. Kendrick Lamar eta Jason Isbellen kantuek, zein Ta-Nehisi Coatesen eta Sarah Kendziorren testuek marrazten duten Amerikarekin, hain zuzen. Ikuskizun dago zein kontakizun nagusituko den.
Zure interesekoa izan daiteke
Trumpek esan du "gustatuko" litzaiokeela Irlanda batzea: "Lehenago edo geroago gertatuko da"
Irlandan dago egunotan AEBko presidentea, eta bertan egin ditu adierazpen polemiko horiek. Erreakzioak erreskadan etorri dira.
BRICSeko herrialdeek Ekialde Hurbilean neurriz jokatzea eta alde bakarreko zigorrak baztertzea erabaki dute
Indian bilduta, herrialde horiek 140 puntuko adierazpen zabal bat adostea lortu dute, eta, besteak beste, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, "merkataritzaren eta energiaren fluxua babesteko".
Saudi Arabiak Ekialde-Mendebaldeko oliobidea itxi du, hainbat eraso jasan ostean
Azpiegitura hori da merkatu globalak hornitzeko bide nagusia Ormuzko itsasarteko egungo tentsio egoeran; egunean zazpi milioi upel petrolio gordin garraia ditzake.
Ramon Aizarnak 300 metrora bizi izan zituen 2001ean I-11ko atentatuak: "Ikusitako guztiaren inpaktua bizitza osorako izango da"
Ramon Aizarna gipuzkoarrak, AEBn bizi den euskaldunak, World Trade Centerrera begira zegoen loft batetik ikusi zituen I-11ko Dorre Bikien aurkako atentatuak. Une hartan bertan gertatzen ari zena zuzenean kontatu zuen ETBrentzat. 25 urte geroago, berriro hitz egin dugu berarekin, historia aldatu zuen egun tragiko hura berarekin gogoratzeko.
Emma Bonino hil da, Kontsumo, Arrantza eta Laguntza Humanitarioko Europako komisario ohia, 78 urte zituela
Eragin handiko politikari italiarra izan zen. Eskubide zibilen alde borrokatu zen bere ibilbide osoan (Italian abortua legeztatzearen alde, besteak beste), eta europazale sutsua izan zen.
Albiste izango dira: I-11ko atentatuen 25. urteurrena, PISA txostenaren analisia eta Kataluniako Diada
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
25 urte, I-11tik : Horrela gertatu zen mundu osoa dardarka jarri zuen eraso terrorista
Lau bidaiari-hegazkin bahitu eta Estatu Batuen erdigunea lehertu zuen Al-Qaidak gaur 25 urte. George W. Bush AEBko orduko presidentearen erantzuna berehala etorri zen, aurrekaririk gabeko terrorismoaren aurkako gerra abiaraziz.
Ceutako krisia Espainian barne helburu politikoetarako erabiltzen ari direla salatu du Marokok
Ceutara legez kanpo sartu ziren pertsonak "ofizialki berriro hartzeko prest" dagoela dio Marokok, eta horrekin lotuta, galdera egin du: "Zein da pertsona horiek ez itzultzeko arrazoia?".
Mamdani 11Sko omenaldira joango da New Yorken, eta Trump ez da bertan izango
Alkatearen presentziak kritika eragin du biktima batzuen senideen artean; Trumpek, berriz, Pentagonoan hartuko du parte oroimen-ekitaldietan.
Trumpek 5.000 dolar agindu dizkie estatubatuarrei bere alderdiak azaroko hauteskundeak irabazten baditu
Donald Trumpek heldu bakoitzeko 5.000 dolarreko "dibidendua" agindu du, errepublikanoek azaroaren 3ko hauteskundeak irabazten badituzte eta Kongresuaren kontrolari eusten badiote.