Venezuela: etenik ez duen emigrazioa
Venezuelarren emigrazio jendetsua zonalde osoko arazo bilakatu da jada. Brasilek mugara errefortzu militarrak bidaltzea erabaki du, eta, Kolonbiak, berriz, nazioartearen laguntza eskatu du.
Ekuador eta Peru zailtasunak jartzen ari dira venezuelarren sarrerari pasaportea eskatuz, orain arte horren beharrik ez zegoenean. Herrialde horietako gobernuak koordinatu nahian dabiltza egunero milaka venezuelarren etorreraren aurrean.
Venezuelarren emigrazio hori ez da gauza berria, kalkulatzen da azken bi urteetan milioi eta erdi venezuelarrek alde egin dutela haien herrialdetik; dena den hori agerikoagoa da azken asteotan, Venezuelan egoera politiko eta ekonomikoak okerrera egin ostean. Maduro presidenteak iragarri dituen azken neurriak ez dira emaitzak ematen ari eta emigrazioa are gehiago handituko da.
Moneta berri bat sartzeak, “bolibar subiraua” deitua, nahasmena baino ez du sortu, inflazioak goranzko bidean segitzen du eta merkatuan oinarrizko produktuak falta dira. Maduroren arabera horrek azalpen erraza du: horren atzean bere kontrako nazioarteko konspirazioa dago eta venezuelarrak ihesi doaz kanpotik engainatzen ari direlako.