Isildu beharrean, hitz egiten du Trumpek
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak mesede bat egin dio Venezuelako Nicolas Madurori. Trumpek askotan egin ohi duena egin du: isildu behar duenean, hitz egin. Atzo, Ameriketako sei herrialdek —Kanada, Txile, Argentina, Kolonbia, Peru eta Paraguai— salaketa aurkeztu zuten Venezuelako gobernuaren aurka Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian. Giza eskubideen bortxaketa eta Gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzi diote Madurori. Oinarritzat hartu dituzte Nazio Batuen Giza Eskubideetarako goi ordezkariak, Amnistia Internazionalak eta Ameriketako Estatuen Erakundeak egindako txostenak. Salaketa larria da, eta azalpen sinesgarria ematea behartzen du Maduro.
Gauza horrela, Trumpek ahoa zabaldu eta honakoa esan du Nazio Batuen Batzar Orokorrean: "Litekeena dela Maduroren erregimena laster bertan behera geratzea". Mehatxu militar baten itxura du horrek. Horixe da, hain zuzen, Madurok entzun nahi duena: lau haizetara zabaltzea iraultza bolibartarraren nazioarteko konspirazioren mamua. Bistan denez, salaketa aurkeztu duten sei herrialdeek azalpenak eman behar izan dituzte eta berretsi ez dutela Venezuelaren kontrako esku hartze militarrik babesten.