Urduritasuna Bruselan
Aztoramendua sortu ohi izan da Europako goi bileren aurreko egunetan. Urduritasuna suma daiteke, akordioa lortzea zaila izango dela esaten da, hari mutur asko daudela lotzeko, baina azkenean, buruzagi europarrek beti lortzen dute akordioa, ordu txikietan bada ere. Igandeko bilera garrantzitsuenen artean garrantzitsuena izango da. Negoziazio asko eta zailen ondoren, brexit-a gauzatzeko idatzi den dokumentua onartzen duten, bai ala ez, erabaki behar dute buruzagi europarrek.
Dena multzo batean doa: dokumentu osoa onartu behar dute, edo guztia ezerezean geldituko da. Aho batez onartu behar dute, gainera; herrialde batek ezetz esaten badu, dokumentua ez da aurrera aterako. Azken orduan arazoak sortu dira. Espainiak dio dokumentuak garbi azaldu behar duela Gibraltarreko auzia Londres eta Madrilek zuzenean negoziatu behar dutela. Frantziak dio, bere aldetik, garbi geratu behar duela Frantziako arrantzontziek Britainiako uretan arrantzatu ahal izango dutela. Beste herrialde batzuek ere eragozpen batzuk jarri dizkiote dokumentuari. Arazoa zera da, agintari askok, tartean Theresa Mayk, ezin dutela gehiago eman, dokumentuan jada asko eman baitute. Euren herrialdeko oposizioak ez lieke barkatuko.