'Brexit'aren gatibu
[EGUNERAKETA 2019/03/28: Artikulu honekin, Felipe Etxebarria kazetariak EuroBasque saria irabazi du]
2016ko ekainean botoen % 51,9rekin Erresuma Batuak Europar Batasunetik irtetea erabaki zuenean, beldurra nagusitu zen Bruselan. Beste herrialde batzuek ere britaniarren bidea jarraituko ote zuten, galdetzen zen, arriskuan jarriz Europar Batasunaren geroa. Baina bi urte eta erdi geroago beldur hori, desagertu ez bada ere, urrundu egin da Erresuma Batuak bizi duen kaos politikoa ikusita.
Ekonomian dagoeneko ondorioak izaten ari da. Aurten hazkunde britainiarra ez da % 1,2koa baino handiagoa izan, eta %1,3koa soilik 2019an. Enpresa britainiarren % 80k aitortu dutenez, atzeratu egin dituzte inbertsio erabakiak, brexit-arekin zer gertatuko den ikusi arte. Izan ere, Erresuma Batuak 2019ko martxoaren 29an Europar Batasunetik irten behar du. Eta azken gertakizunak ikusita, gero eta handiagoa da egun horretan inongo akordiorik gabe irtetea.
Atzerriko enpresek ere gauza bera egin dute. Besteak beste, Alemaniako BOSCH konpainiak 39 milioi euroko inbertsioa, Ingalaterran zentro berri bat zabaltzeko, atzeratu egin du. Alemaniako industriei astero 200 milioi euro gehiago kostatuko zaiela uste dute Erresuma Batuarekin merkataritza harremanetan, bai muga zergen arloan eta bertako burokraziaren ondorioz. Erresuma Batuko auto konpainiak ere ez daude prestatuta, Doveren eta Mantxa Kanaleko beste portuetan kamioi pilaketak gertatzen badira, eta muntai kateetara iritsi behar duten autoen osogarriak garaiz iristen ez badira, zer egin jakiteko. Egoera honek izugarrizko segurtasun eza sortzen du enpresa britainiarren artean. Finantza Ministerio britainiarrak uste duenez, astero zergetan 500 milioi libera gutxiago bilduko du Europar Batasunetik irtetearen ondorioz. Europar Batasunean jarraituta, Erresuma Batuko ekonomiak emaitza hobeak izango lituzkeela aitortu berri du Philip Hammond Finantza ministroak. Hala ere, Londresko Gobernuak ez du Europar Batasunean jarraitzeko aukera kontuan hartzen, nahiz eta Luxenburgon Europar Batasuneko Auzitegiak aukera hori zabalik utzi duen.
Arlo politikoan blokeoak jarraitzen du. Theresa May lehen ministroak Europar Batasunarekin adostutako akordioa Westminsterko Parlamentuan bozkatuko da 2019ko urtarrilaren erdialdera. Itxura guztien arabera, bozketan gaitzetsita izango da Europar Batasunetik modu ordenatuan irteteko plan hori. Mahai gainean dagoen akordioaren aurka daude bai Europar Batasunean jarraitu nahi duten diputatuak, eta baita ere lehenbailehen Europar Batasunetik irten nahi dutenak. Brexit-zale hauek etenik gabe etorkizunean Erresuma Batuak Europar Batasunari lotuta jarraituko duela salatzen dute. Zergatik? Hitzarmenean adostu denez, bi Irlanden artean ez delako mugarik egongo. Horretarako, Erresuma Batuak Europar Batasuneko mugen batasunean jarraituko du, bi urte iraungo duen trantsizio epearen ondoren ere bai. Gobernu britainiarrak epe muga bat jarri nahi zuen, baina Europar Batasunak ostera inondik inora ere ez. Izan ere, bi urteko trantsizio epean Londres eta Bruselaren arteko merkataritza hitzarmena lortu ezik, bi Irlanden artean muga kontrolak berriz jarri beharko zirelako, Ipar Irlandako Bake Prozesua arriskuan jarriz. Hori saihesteko, eta nahiz eta merkataritza arloko hitzarmenik lortu ez, bi Irlanden arteko mugan ez da kontrolik ezarriko. Horretarako, Erresuma Batuak bere osotasunean Europar Batasuneko mugen batasunean jarraituko du. Negoziaketetan beste aukera bat izan zen eztabaidan. Alegia, Ipar Irlandak soilik jarraitzea Europako Batasuneko muga batasunean. Baina hori erabat gaitzetsi zuen Londresko Gobernuak, merkatu britainiarraren osotasuna ez zatitzeko. Baina horrek Europarekiko lotura dakar, Lotura horren epe amaiera zehaztu gabe Europako mugen batasunean jarraitzea ez dute onartzen brexit-aren aldekoek. Horregatik gaitzesten dute Mayk Bruselan lortutako akordioa. Beren ustez, konpromiso horrekin Erresuma Batuak betiko Europar Batasunaren menpe jarraituko du, eta erabakietan parterik hartu gabe.
Jeremy Corby laboristen buruzagiak Theresa May lehen ministroaren aurka mesfidantza botoa eskatu du Parlamentuan. Baina lege britainiarraren arabera, lehen ministroa ez dago behartuta erabaki hori jarraitzera. Beraz, orain hiru irtenbide ikusten dira. Lehenengoa, Bruselak eta Londresko Gobernuak adostutako hitzarmena aurrera ateratzea Parlamentuan. Hori ezinezkotzat ikusten da indar politikoen gehiengoa aurka dagoelako, eta Europar Batasunak behin eta berriz esan duenez, ez du beste akordiorik negoziatuko.
Beste bi aukera geratzen dira. Beste referendum batean Erresuma Batuak Europar Batasunean geratuko dela erabakitzea. Aukera honek kontrako iritziak ere badauzka Europar Batasunean. Bruselan batzuek uste dutenez, brexit-ak porrot eginez gero, britainiar askoren frustrazioa Europar Batasunak ordaindu beharko luke. Berriz ere britainiarrek, iraganean bezala, Europako integrazioari oztopoak ipintzen jarraituko lukete, oraingoan, gainera, indar gehiagoz.
Hori dela eta, akordiorik gabeko brexit-a gero eta hurbilago ikusten da. Kontinentean entzuten diren iritzi batzuen arabera, britainiarrei komeni zaie bat-bateko brexit-aren ondoren aste batzuetan kaosa bizitzea, gero gauzak azkarrago bideratzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Kuba argindarra berreskuratzen hasi da, astebetean izan duen bigarren 24 orduko itzalaldiaren ostean
Habanan elektrizitate zerbitzuaren % 70 martxan dago, baina ospitaleek eta ur-hornidurarako azpiegiturek dute lehentasuna.
Air Canadako hegazkin batek eta suhiltzaileen kamioi batek talka egin dute New Yorkeko LaGuardia aireportuan
Air Canadako hegazkin batek eta suhiltzaileen kamioi batek talka egin dute igande gauean New Yorkeko LaGuardia aireportuan (Queens). Hainbat lagun zauritu dira, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.
"Persiar golko osoan" minak jarriko dituela mehatxu egin du Iranek, AEBk inguru horretako uharteetan erasoa jotzen badu
Irango Guardia Iraultzaileak entzungor egin dio Trumpek egindako mehatxuari. AEBk zentral elektrikoen kontra egiten badu, “modu berean” erantzungo duela adierazi du Guardiak.
Israelek Teheranen aurkako erasoak areagotu ditu, AEBk eta Iranek elkarri egindako mehatxuen ondoren
Israelgo Armadak defentsa sistemak aktibatu ditu Irandik jaurtitako geldiarazteko. Gerra luzatzea benetako aukera da, adituen arabera.
Sozialistek irabazi dute Parisen
Aurrerakoiek hiri garrantzitsuenetan agintzen jarraituko dute, eta Nizan eskuin muturrak irabazi du.
Israelgo Armadak "eraso olde berri bat" iragarri du Libano hegoaldean
Israelgo Defentsa ministroak Libanoko Litani ibaiaren gaineko zubi guztiak "berehala" suntsitzeko agindu du. Gaur bertan, Qasmiyeh zubiari eraso diote (irudietan ikus daiteke). Israelgo Armadak, bestalde, "eraso olde berri bat" iragarri du, Hezbollah talde xiitaren "azpiegituren aurka", Libano hegoaldean.
Iranen aurkako gerrarekin bat egiteko eskatu dio mundu osoari Netanyahuk
Gideon Saar Atzerri ministroak Araden salatu duenez, Iranek gerrako krimenak egin ditu azken 24 orduetan bertan, "jomuga militarrik" ez duten gune zibilei eraso eginda.
Irango zentral elektrikoak suntsitzeko mehatxua egin du Trumpek, Teheranek Ormuzko itsasartea 48 orduko epean irekitzen ez badu
Iranek esan du itsasartea irekita dagoela AEBrentzat eta Israelentzat izan ezik, eta ohartarazi du azpiegitura energetikoei, gatza kentzeko plantei eta AEBk eskualdean dituen informazio-teknologien zentroei eraso egingo diela, mehatxua betetzen badu.
Iranek misilak jaurti ditu 4.000 kilometrora, Indiako ozeanoan dagoen base militar baten kontra
Batek ere ez du jo AEBk eta Erresuma Batuak bertan duten basea. Izan ere, batek hegan zihoala huts egin du, eta bestea AEBko Armadako ontzi batek geldiarazi du. Hala ere, erasoak kezka sortu du Iranek irismen handiko jaurtigaiak dituela erakutsi baitu.
Ekialde Hurbila gerraren laugarren astean sartu da, eraso artean eta Ormuzko itsasarteari begira
Israelek eta Iranek bonbardaketak areagotu dituzte, munduko energia garraioari buruzko ziurgabetasuna handitzen ari den bitartean. AEBk merkatua ireki dio, aldi baterako, Irango petrolio gordinari, eta ez du argitu Ormuzen esku hartuko duen ala ez.