Armadaren 'leialtasun osoa' duela ziurtatu du Madurok
Juan Guaido Batzar Nazionaleko buruzagiak egindako deialdiari "altzairuzko nerbioekin" aurre egitea eskatu du Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak. Indar Armatuetako komandante nagusien "leialtasuna" duela ziurtatu du Madurok.
Defentsa Eskualde (Redi) eta Defentsa Integraleko Zonalde (Zodi) guztietako komandanteekin hitz egin duela ziurtatu du Madurok Twitter sare sozialean. "Herriari, Konstituzioari eta aberriari leialtasun osoa" adierazi diete.
"Bakearen garaipena ziurtatzeko herriaren mobilizazio handia nahi dut. Irabaziko dugu!", aldarrikatu du Venezuelako presidenteak, Guaidok goizeko lehen orduan erronka bota ondoren.
"Militar traidoreen Estatu kolpe" saiakera bat salatu du Venezuelako Gobernuak, Juan Guaido oposizioko buruak Nicolas Maduroren "usurpatzearen azken fasea" hasi dela iragarri ostean, base militar batetik.
"Venezuelako herriari esaten diogu momentu honetan "militar traidoreen talde txiki bati aurre egiten eta indargabetzen ari gara; Konstituzioaren eta Errepublikako bakearen kontrako Estatu Kolpe bat bultzatzeko jarrera hartu dute Altamira Banalekuan", esan du ministroak Twitterren.
"Saiakera horri batu zaio ultraeskuin kolpista eta hiltzailea, bere indarkeriazko agenda duela hilabeteetatik iragarri zuena", gehitu du.
Zentzu horretan, "herriari alerta maximoan mantentzeko" egin dio, " Venezuelako Armada Nazional Bolivartar (FANB) loriatsuarekin batera, kolpe saiakerari gailentzeko eta bakea mantentzeko". "Irabaziko dugu", esan du Rodriguezek.
Altamira Banatzailea La Carlota hegazkin base militarraren alboan dago. Hortik bota du Guaidok bere mezua, askatu duten Leopoldo Lopezekin batera. Presidentziaren egoitza den Miraflores Jauregiarekin lotuta dagoen Libertador etorbidean dago hegazkin basea.
Vladimir Padrino Defentsa ministroak esan duenez, "FANB tinko mantentzen da Konstituzioaren eta bere agintari legitimoen defentsan", Guaidok esandakoa gezurtatuz. Segurtasun indarren babesa daukatela esan du oposizioko buruak.
"Defentsa Integraleko zortzi Eskualdeetan zabaldutako unitate militar guztiek kuarteletan eta base militarretan normaltasuna erdietsi dute, berezko komandanteen agindupean", esan du Padrinok.
"Herrialdea indarkeriaz bete nahi duen mugimendu kolpista hau errefusatzen dugu", gehitu du ministroak. "Mugimendu subertsibo honen gidaritzan jarritako lider politiko faltsuek armatutako soldaduak eta poliziak erabili dituzte hiriko bide publikoan, kezka eta beldurra eragiteko", esan du, Guaidorekin batera agertutako militarrei erreferentzia eginez.
Diosdado Cabello Batzar Nazional Konstituziogileko presidenteak ere armadak Maduroren kontra egin duenik ezeztatu du. Esan duenez, "irregulartasun bakarra" Altamira Banalekuan gertatzen ari dena da, eta La Carlota "ukituta" izan denik ukatu du.
Mobilizatzeko eta Miraflores Jauregira joateko deia egin die herritarrei, iraultza eta "herriaren jauregia" babestera. Hala ere, Estatu Batuen laguntza omen duen oposizioaren ahaleginek seguru porrot egingo dutela esan du. "Ezin izango dute, dagoeneko zabalduta gaude", azpimarratu du.
Cabelloren arabera, Altamira Banalekura joan diren soldadu asko "engainatuta" bertaratu dira, "beste gauza bat" egitera bertaratu behar zirela esan dietelako.
Ordu batzuk geroago, Guaidoren aldeko militarrek hegazkin-base bat utzi dutela ziurtatu du Cabellok. Miraflores jauregia inguratzen duten Maduroren ehunka jarraitzaileren aurrean, Guaidok eta matxinatuek instalazioa utzi dutela esan du Cabellok, Gobernuaren aldeko funtzionarioen erresistentzia ikusita.
"Harroputzak direnez, Carlotako base militarrean agertu eta 'orain bai, Maduro erori da', esan dute", kritikatu du Cabellok kamioi baten gainean, hitzaldi bero batean.
"Argazkiak atera dituzte, Estatu kolpe batean argi eta garbi parte hartuz, baina antzerkia ez zuela funtzionatuko konturatu direnean, ezjakinarena egin eta alde egin dute", erantsi du.
Espainiako Gobernuak ez duela "inolako kolpe militarrik babesten" esan du
Pedro Sanchezen Gobernuak "ez du inolako kolpe militarrik babesten", eta uste du Venezuelaren egoeraren konponbidea baketsua izan behar dela eta hauteskundeen deialdia barne hartu behar duela.
Isabel Celaa ministroak esan duenez, Juan Guaido da Venezuelan "aldaketa demokratikoa zuzentzeko legitimitatea" daukan pertsona, eta Espainiar estatuaren babesa dauka horretarako.
Venezuelan "prozesu demokratiko baketsu" bat egiteko babesa adierazi du Espainiako Gobernuak, eta "odola isurtzerik ez izatea" eskatu du. Esan duenez, Exekutiboak ez zekien ezer Guaidoren mugimenduei buruz.
Venezuelan berehala hauteskundeak egitearen alde dago Espainiako Goberuna, eta Sanchezek bertan gertatzen ari dena jarraitzen duela esan du Celaak.
Zure interesekoa izan daiteke
Schengen eremua bermatuta dagoela esan dio Aagesenek Italiari
Espainiako Gobernuko presidenteordeak azpimarratu du Ceutan sartutako migratzaileetako bat ere ez dela penintsulara iritsi.
Israelek baztertu egin du Trumpen Gazarako 15 puntuko plana
Netanyahuk esan du Hamas erabat armagabetu arte Israelgo Armadak ez duela Gazatik alde egingo, eta baztertu egin du Palestinako Estatua sortzea.
Ebola kontrolik gabe zabaltzen ari da Kongoko Errepublika Demokratikoan eta 1.850 hildako eragin ditu jada
Inoiz izandako agerraldirik larrienak 4.053 kasu baieztatu ditu dagoeneko, eta MOEk "premiazko" erantzuna eskatu du.
Abelardo de la Espriellak Kolonbiako Presidentetza hartu du
Eskuin muturreko presidente berriak Cali aukeratu du inbestidurarako, Bogota hautatu beharrean, eta talde armatu ilegalekin elkarrizketari amaiera ematea eta legez kanpoko laboreak fumigatuko dituela iragarri du.
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.