G7aren goi-bilera adierazpen bateratu eta labur batekin amaitu dute
Asteburuan Biarritzen bildu diren estatuburuek eta buruzagiek adierazpen bateratu baina labur bat kaleratu dute astelehen honetan, goi-bilera hasi zenean hitzordua guztiek onartutako oharrik gabe amaituko zela aurreikusi bazen ere, haien arteko desadostasunak direla eta. Orrialde bateko adierazpen bateratu horretan, ez dute ia ezer berririk esan.
Zazpi herrialde boteretsuenetako estatuburuek gehien sakondu duten gaia merkataritzarena izan da, agian, Txina eta AEBren arteko arantzelen borroka dela eta. Hala, Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) erreformaren alde agertu dira goi-bilera honetan bildu diren agintariak: “G7ak sakonki erreformatu nahi du MME, jabetza intelektualaren babesean eraginkorragoa izan dadin, herrialdeen arteko lehiak azkarrago konpontzeko eta praktika komertzial desleialak desagerrarazi daitezen”.
Ildo horretatik, datorren urtean, erreforma horren inguruan akordio bat lortzea proposatu dute, nazioarteko araudia sinplifikatzeko eta fiskalitatea modernizatzeko helburuarekin. “G7a konprometituta dago merkataritza global ireki eta justuarekin eta ekonomiaren egonkortasunarekin”, nabarmendu dute testuan.
Jarraian, goi-bilera honetako beste gai polemiko bati egin diote aipamena, Irango egoera politikoa, Mohammed Yavad Zarif Irango Atzerri ministroak igande honetan aurreikusi gabe egindako bisitaren ondoren, bereziki. “Bi helburu hauekin bat gatoz: Iranek ez duela inoiz arma nuklearrik lortuko bermatzea eta eskualdean bakea eta egonkortasuna sustatzea”, zehaztu dute adierazpen bateratuan.
Ukrainari dagokionez, “datozen asteetan” Normandiako laukotearen bilera bezalako egitura izango lukeen hitzordu bat egitea proposatu du G7ak, “emaitza zehatzak lortzeko” asmoz, Frantzia, Alemania, Errusia eta Ukrainiako buruzagiekin.
Bestalde, Libian su-eten iraunkorra bermatu ahal izateko akordio batera iristeko beharraz hitz egin du G7ak. "Uste dugu irtenbide politiko batek bakarrik bermatuko duela Libiaren egonkortasuna. Nazioarteko hitzordu baten zain gaude, interesa duten alde guztiak eta gatazka honetan murgilduta dauden eskualdeko eragile guztiak bilduko dituena", azaldu du G7ak. Halaber, Nazio Batuen Erakundearen eta Afrikako Batasunaren bitartekaritza lana eskertu du.
Azkenik, Hong Kongen egiten ari diren protesten inguruan, 1984an Txinak eta Britainia Handiak sinatu zuten adierazpenaren “izaera eta garrantzia” aipatu ditu G7ak, eta “bi sistema dituen herrialde bakarraren printzipioa” berretsi du. Gainera, "indarkeria saihesteko" deia egin du G7ak. 1997ko uztailaren 1ean, Hong Kongen subiranotasuna itzuli zion Londresek Txinari.
Amazoniako suteei aurre egiteko laguntza
Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak goizean jakitera eman duenez, G7ko herrialdeek 20 milioi dolarreko (17,9 milioi euro) “berehalako laguntza” bideratuko dute Amazoniako suteei aurre egiteko.
Macronek azaldu duenez, kaltetutako herrialdeekin elkarlanean adostutako planaren lehen urrats honetan, diru-laguntzaz gain, hegazkinak ere bidaliko dituzte Amazoniara, "orain inoiz baino behar gehiago" duen eskualdeak suari aurre egiteko beharrezko baliabideak izan ditzan. Sebastian Piñera Txileko presidentearekin batera egindako agerraldian eman du Macronek plan horren berri.
Horrez gain, Frantziak laguntza militarra eskainiko duela iragarri du Macronek, eskualdean sua kontrolatzeko zereginetarako.
“20 milioi dolar inguruko diru-laguntza eskainiko diogu Brasili. Datorren hilabetean, eskualde horretako herrialde guztiekin adostutako ekimen bat aurkeztuko dugu Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusian”, esan du Macronek.
Alabaina, ingurumenari buruzko saioa ez da polemikatik kanpo geratu Biarritzeko goi-bileran. Izan ere, zazpi herrialdeetako estatuburuek klima-aldaketaren inguruko bilera egin dute astelehen honetan, baina Donald Trump AEBko presidentea ez da bertan izan. Frantziako presidentea haren falta arrazoitzen saiatu da, gaurko bilera aldebiko topaketekin bat zetorrela esanez.
Bestalde, Piñera “oso pozik” agertu da demokraziarik industrializatuenek eta Amazoniako herrialdeek eskualde horretako suteei aurre egiteko lortu duten akordioarekin, eta lankidetza sustatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela ziurtatu du.
Bigarren etapari dagokionez, Txileren laguntza izango du eta datorren hilabetean adostuko dute, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) urteroko Batzar Nagusian. Zehazki, suak kiskali dituen herrialdeen baso-berritzea abiatzea izango du helburu, "subiranotasuna errespetatuz baina elkarlanean arituz, biodibertsitatea hobeto zaintzeko".
Dena dela, Txileko presidenteak nabarmendu duenez, “brigada espezializatuak” beharrezkoak izango dira Amazonian suari aurre egiteko.

Amazoniaren aldeko martxa bat. Argazkia: EFE
Macronen asmoa zalantzan jarri du Bolsonarok
Bestalde, Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak “zalantzak” agertu ditu iragarpen horren aurrean, eta aditzera eman du Frantziako buruzagiak beste interes batzuk ezkutatzen dituela.
Brasilgo agintariak, O Globo egunkariaren astelehen honetako lehen orria erakutsi du kazetarien aurrean, izan ere, bere titular nagusiak honakoa dio: "Herrialde dirudunen laguntza hitzeman du Macronek Amazoniarako".
“Izan daiteke norbaitek beste norbaiti interesik gabe laguntzea nahi?”, galdetu die Bolsonarok kazetariei Alvorada jauregiaren atarian, bere bizileku ofizialean, galdera bakar bati ere erantzun gabe.
Herrialderik aipatu gabe, agintariak adierazi du asteburuan "aparteko buruzagiekin" hitz egin duela suteek sortutako egoera larriari buruz, "benetan Brasilekin elkarlanean aritu nahi dutelako".
Zure interesekoa izan daiteke
Ekialdi Hurbilean izandako azken erasoek petrolio azpiegiturak eta garraioa izan dituzte helburu
Azken orduetan ugaritu egin dira petrolio azpiegituren eta garraioen aurkako erasoak. Iranek eta Qatarrek partekatzen duten gas plantaren aurkako erasoa egin du Israelek. Iranek gogor erantzun du, misil oldea jaurtiz Bahrain, Saudi Arabia, AEB, Kuwait eta Jerusalem aldera.
EBk premiazko neurriak eskatu ditu Irango gerraren eragin ekonomikoa geldiarazteko
Europako buruzagiek energiaren prezioari buruzko berehalako neurriak eskatu dizkiote Batzordeari, eta gatazka arintzearen alde agertu dira; zenbait herrialde Ormuzko itsasartera laguntza bidaltzeko prest agertu dira.
Emakume bat hil da Suitzako Alpeetan, bera zegoen teleferikoko kabina maldan behera erorita
Ezbeharra izan da asteazken honetan Titliseko eski estazioan, Suitzako erdialdean. Teleferikoa lokabe geratu da, eta maldan behera erori da. Hildakoa zen kabinako bidaiari bakarra. Suitzako Meteorologia Bulego Federalaren arabera, istripuaren unean 100 eta 130 km/h arteko haize-ufadak zeuden.
Txertoak agortu dira eta farmaziak gainezka daude Erresuma Batuan, meningitis-agerraldi baten ondorioz
Kezka zabaldu da Erresuma Batuan. Unibertsitate-ikasleak biltzen diren Canterburyko diskoteka batean hasi da agerraldia. Dagoeneko bi pertsona hil dira, eta gutxienez 20 kutsatu dira.
Petrolio-upelaren prezioa 113 dolarrera igo da, eta gasa % 30 garestitu, Qatarko energia-azpiegituren aurka abiatutako erasoen ondorioz
Ekialde Hurbileko gatazkak merkatuak astintzen jarraitzen du: Asiako burtsek behera egin dute gogor, eta Europakoetan eguna negatiboan hastea aurreikusten da, Europako Kontseiluaren bileraren zain.
Israelek eta Estatu Batuek eraso egin diote Iranek eta Qatarrek duten munduko gas aztarnategi handienari
Iranek ohartarazi du bere azpiegitura energetikoaren aurkako erasoek "ondorio kontrolaezinak" ekar ditzaketela, eta egoera are gehiago zaildu eta mundu osoari kalte egin diezaioketela.
Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste.
Irango zentral nuklear bati eraso egin diotela salatu du NBEk
Oraingoz, ez dute biktimen ezta kalteen berririk eman. Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak Ekialde Hurbileko gatazka baretzeko deia egin du, istripu nuklearrak gertatzeko arriskua saihesteko.
Iranek misilekin eraso egin du Tel Aviven aurka, Ali Larijaniren hilketaren mendeku gisa
Irango Guardia Iraultzailearen esanetan, "100 helburu militar eta segurtasun helburu baino gehiago" jo dituzte, erasoan Israelgo aireko defentsa sistemak gaindituta.
Iranek baieztatu du Ali Larijani Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria hil duela Israelek
Martxoaren hasieran Khamenei aiatola hil zutenetik, Larijani Irango buruzagi garrantzitsuenetakoa zen. Halaber, eraso berean Golamreza Soleimani Basij indar paramilitarreko buruzagia hil dutela baieztatu du Irango Guardia Iraultzaileak. Hilketa horien aurrean, Irango agintari politiko eta militarrek "mendekua" agindu dute.