Ekialde Hurbila
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Arabiar Ligaren hitzetan, Trumpen egitasmoak "ez ditu palestinarren nahiak betetzen"

Plana palestinarren eta israeldarren arteko "bake prozesuaren erreferentzien aurkakoa da", orain arte "nazioarteko legedian eta NBEren ebazpen garrantzitsuetan" oinarritzen baitziren.
"Mendeko akordioak" Jerusalem Israelgo hiriburu "zatiezina" dela dio
"Mendeko akordioak" Jerusalem Israelgo hiriburu "zatiezina" dela dio. Argazkia: EFE.

Ameriketako Estatu Batuetako Administrazioak aste honetan aurkeztutako bake egitasmoa arbuiatu du gaur Arabiar Ligak, palestinarren nahiak eta orain arte bake prozesuaren oinarriak izan direnak kontuan hartzen ez dituelako.

Atzerri ministroak Kairoko egoitzan bildu dira. "Mendeko akordioak ez ditu Palestinako herriaren nahiak eta gutxieneko eskubideak errespetatzen", azaldu du Arabiar Ligak agiri batean.

Era berean, plana palestinarren eta israeldarren arteko "bake prozesuaren erreferentzien aurkakoa da", orain arte "nazioarteko legedian eta NBEren ebazpen garrantzitsuetan" oinarritzen baitziren.

Horregatik, "bidezko bake prozesu etengabe eta integral baten erreferentziekin konpromisoa hartzea", eskatu dio Arabiar Ligak AEBetako Administrazioari.

Ligak erreferentzia aipagarrienetariko bat gogorarazi du: 1967ko mugek Palestinako Estatu independentearen hiriburua Ekialdeko Jerusalem dela aitortzen dute, baina Donald Trump AEBetako presidentearen egitasmo berriak ez ditu kontua hartzen.

Jordan harana Israelen parte izatea aurreikusten du egitasmoak, Zisjordaniako lurraldearen % 30, alegia, eta Jerusalem Israelen hiriburutzat jotzen du.

"Mendeko akordioak ez ditu Palestinako herriaren nahiak eta gutxieneko eskubideak errespetatzen"

Palestinako hiriburua Jerusalemen auzo pobreetan kokatuko litzateke, Israelgo harresiaren "ekialdean eta iparraldean": Kafr Aqab, Shuafateko ekialdea eta Abu Dis.

Palestinarrentzat puntu lagaezina da. "Jerusalem salduko" duen presidentea izango ez dela adierazi du Mahmud Abas Palestinako presidenteak.

Ahmed Abul Gheit Liga Arabiarreko idazkari nagusiak adierazi duenez, Donald Trump presidente estatubatuarraren bake-planak "palestinarren eskubideen urraketa ugari" dakartza.

Hala, AEBk landutako 'bide orriak' planteatzen dituen konpromiso ugari "onartezinak" direla adierazi du. Haren hitzetan, "ezin da bake justu eta iraunkor bat lortu 1967tik Israelen okupazioa legitimatzen bada".

"Mendeko akordioak" Jerusalem Israelgo hiriburu "zatiezina" dela dio, kolonia juduen eta Jordaneko haranaren kontrola mantenduko lukeena; Palestinak, berriz, hiriburua Jerusalemgo eremu batean izango luke. Israelek jarritako segurtasun hesitik kanpo kokatua.

Trumpek, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin batera Etxe Zurian egindako agerraldian, bi estaturen elkarbizitza baketsua bermatzeko irtenbide "errealista" dela defendatu du.

Era berean, "aukera" hori onartzeko eskatu die palestinarrei, "azkena izan litekeelako". Erantzun gisa, Abbasek "mendeko zaplazteko" gisa deskribatu du proposamena, eta "historiaren zabortegian" amaitzeko asmoa duela nabarmendu du.

Bestalde, Netanyahuk azpimarratu du proposamena hori dela palestinarrek lortu ahal izango duten "akordiorik onena", eta onartzeko eskatu die.

Zure interesekoa izan daiteke

venezuela-asanblea-amnistia-efe.jpg
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Preso politikoentzako amnistia legea onartzeko lehen pausoa eman du Venezuelako Parlamentuak

Delcy Rodriguez presidente arduradunak bultzatutako eta ostegunean lehen bozketan onartutako proiektuak 1999tik (chavismoa boterera iritsi zenetik) gaur egunera arte atxilotutako preso politikoak hartzen ditu barne, eta kanpoan uzten ditu giza eskubideen urraketa larriengatik auzipetuak edo zigortuak. Kontsulta prozesua zabalduko da orain, eta bigarren eztabaida batean onartu beharko da gero.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Arma nuklearren START III tratatua iraungi den egunean, eustearen aldeko jarrera agertu dute Errusiak eta AEBk

START III itunak arma nuklear estrategikoen kopurua mugatzen zuen, gehienez 1.550 buru nuklearretara eta 700 sistema balistikotara, bi potentzietako bakoitzerako, izan lurrean, itsasoan edo airean. Start III 2010eko apirilaren 8an sinatu zuten, Pragan, Dmitri Medvedev Errusiako eta Barack Obama AEBetako orduko presidenteek, eta 2021eko otsailean berritu zuten beste bost urterako eta gaur iraungi da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X