Ertzaintzaren lan eskaintzarako lehen probak atzerapenarekin hasi dira, espero baino jende gehiago aurkeztu baita
Aurreikusitakoa baino ordubete eta laurden geroago hasi dira azterketak, leku eta proba gehiago prestatu behar izan dituztelako; izan ere, hautagaien % 70 aurkeztu ohi dira, eta % 85etik gora bertaratu dira gaurkoan. Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, sindikatuei eman diete jada gertatutakoaren berri, baina Legebiltzarrean agerraldia eskatu du azalpenak emateko.
09:45ean hasi dira gaur BECen (Barakaldo) Ertzaintzaren 35. promoziorako Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) lehenengo hautaprobak, ordubete eta laurdeneko atzerapenarekin. 3.188 pertsona aurkeztu dira probetara, izena eman dutenen % 85etik gora, eta horrek eragin du atzerapena, ez baitzegoen denentzako nahikoa leku eta azterketa.
Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, aurreko deialdietan, batez beste, izena eman duten hautagaien % 70 aurkeztu izan dira, inoiz % 76 ere bai. Gaur, baina, izena emanda zutenen % 86 bertaratu dira, aurreikusitakoa baino % 16 gehiago. Horri aurre egiteko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak leku eta azterketa gehiago prestatu behar izan ditu, eta hautagai guztiek egin ahal izan dute azterketa. Segurtasun Sailaren arabera, azterketak babesteko katea bermatuta egon da denbora guztian.
Segurtasun Sailak gertatutakoaren informazio guztia eman die Ertzaintzako sindikatuei, eta agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, gertatutakoa azaltzeko. Gainera, Bingen Zupiriak zuzentzen duen sailak barkamena eskatu die proba egitera joan diren hautagaiei, eta egoera konpondu bitartean izan duten "pazientzia eta jarrera ona" eskertu die.
Ernek antolakuntzan izandako akatsaz kexatu da
Azterketan izandako "akats larriaz" kexatu da Erne sindikatua. Esan duenez, "beharrezkoa da azterketak erakundeak berak exijitzen duen eta Ertzaintzan sartu nahi dutenek erakutsi duten konpromisoaren maila berekoak izatea, hautaketa prozesu egokiekin".
Esanek antolakuntza falta kritikatu du
Esan Ertzaintzaren sindikatuak "antolakuntza eta planifikazio falta larria" egon dela salatu du. Horren ustez, gertatutakoa "onartezina" da.
"EAJren lardaskeria" izan da, PPren esanetan
PPren legebiltzarkide Ainhoa Domaicak iritzi dio "EAJren lardaskeria" izan dela gaur gertatutakoa, eta galdetu du ea nola kudeatu duten azterketen zaintza fotokopiak egiten ari ziren bitartean.
Euspelek gertatutakoa salatuko du datorren asteartean
Euspel sindikatuak elkarretaratzea egingo du datorren asteartean Erandioko (Bizkaia) ertzain-etxearen aurrean, azterketan gertatutakoa eta Ertzaintzan dagoen enplegu plan "negargarria" salatzeko.
Test psikoteknikoa eta elkarrizketa
Gaurkoan test psikoteknikoa eta nortasun proba egin behar izan dituzte. Horiek gaindituz gero, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala egingo dituzte. Horrela, proba gainditzen dutenek irailean hasiko dute prestakuntza Arkautin, eta 2027ko udaberrian hasiko dira Ertzaintzan zerbitzua ematen, praktiketan.
Lan eskaintza honek Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 150 agente plaza ditu, baina plaza kopurua 473ra handitu daiteke.
Hautagaien profila
Segurtasun Sailak eman dituen datuen arabera, gizonezkoak (% 63) eta 18 eta 30 urte bitartekoak (% 74,1) dira hautagai gehienak. Bizkaian bizi dira hamarretik sei (% 62,2), eta Gipuzkoan (% 19,5) eta Araban (% 12,4) bizi direnak dira sailkapen horretan hurrengoak. Gainerakoak EAEtik kanpo bizi dira.
Bestalde, lautik batek 31 eta 38 urte bitartean ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela