Txinak adierazi du ez duela negoziazio nuklearretan parte hartuko, START III ituna iraungi ostean
Asiako erraldoiak dio bere gaitasun nuklearrak ez daudela Estatu Batuen edo Errusiaren parean. Etxe Zuriak salatu du Txinak nabarmen handitu duela bere ahalmen nuklearra.
NBEko Segurtasun Batzordearen irudia. Argazkia: Europa Press
START III ituna azken orduetan iraungi ostean, Txinak esan du ez duela oraingoz negoziazio nuklearretan parte hartuko. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Armagabetze Konferentzian agertu du bere posizioa, AEBk armamentu nuklearra kontrolatzeko itun berri baterako negoziazioetan parte hartzeko duen borondateari erantzunez.
"Txinaren gaitasun nuklearrak ez daude inola ere Estatu Batuen edo Errusiaren parean; beraz, Txinak ez du armagabetze nuklearreko negoziazioetan parte hartuko une honetan", esan du Jian Shen Txinako enbaxadore ondokoak, NBEren Genevako Europako egoitzan.
AEBren eskaera
Txinako Gobernuaren ikuspuntutik, armategi nuklear handienak dituzten estatuek "beren gain hartu behar dute armagabetze nuklearrari dagokionez duten erantzukizuna", beren ardura baita armategien murrizketa esanguratsuak egitea. Txinatarren iritzian, derrigorrez eta baieztatua izango den era batean ekin beharko liokete prozesu honi.
Era berean, START III ituna bertan behera geratu izana deitoratu du Txinak; izan ere, munduko egonkortasun nuklearrari eusteko garrantzi handikoa izan zen, txinatarren aburuz.
"Badakigu Errusiak proposatu duela Errusiak eta Estatu Batuek itunaren muga nagusiak betetzen jarraitzea, eta AEBri eskatzen diogu erantzun positiboa eman dezala, eta berrekin diezaiola segurtasun estrategikoko elkarrizketari Errusiarekin”, gaineratu du.
AEBren akusazioak
AEBk salatu du Txinak asko handitu duela bere ahalmen nuklearra, munduko gainerakoei ezkutatuz. Shenen esanetan, hori “narratiba faltsua” da.
"AEB ez da armamentu-karrera larriagotzeko arduraduna. Milaka milioi dolar inbertitu ditu arma nuklear berriak garatzeko", esan du.