AEBk eta Ukrainak produktibotzat jo dituzte Errusiarekin izan dituzten negoziazioak
Ukraina eta Errusiako ordezkariak Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan bildu dira, Estatu Batuetako ordezkariekin batera, gerrari amaiera ematea duen bigarren bilera sorta batean. Elkarrizketek ostegunean jarraituko dute.
Abu Dabin, Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan, elkartu dira Ukrainako eta Errusiako negoziatzaileak, gerrari amaiera emango liokeen bake-plana lotzeko helburuarekin. AEBetako ordezkariek ere parte hartu dute bileran, eta, euren ustez, bilerak "emankorrak" egin dituzte.
Rustem Umérov negoziatzaile ukrainarrak ere hitz egin du elkarrizketen inguruan eta "funtsezko eta emankor" gisa definitu ditu. Telegrameko kontuan argitaratu duenez, "pausu zehatzak" eman eta "erabaki praktikoak" hartu dituzte.
Umerovek adierazi duenez, Abu Dabin egindako aldebiko bileraren ostean, bi aldeetako kideak "lantaldeetan bildu dira".
Hiru herrialdeen artean egin duten bigarren elkarrizketa txanda izaten ari da honakoa. Aurrekoa urtarrilaren 23an eta 24an egin zen, hain zuzen, Kieven eta Moskuren artean egindako lehen negoziazio zuzen eta publikoak izan ziren ordukoak. Bake hitzarmena lortzeko oztopo nagusia, gaur egun errusiar indarren kontrolpean dauden Ukraina ekialdeko lurraldeen estatusa da.
Talde negoziatzaile ukrainarra honako hauek osatzen dute: Rustem Umerov, ukrainako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko idazkaria; Kirilo Budanov presidentearen bulegoko burua; David Arajamia Parlamentuan gehiengoa duen alderdiko burua; eta inteligentzia militarreko buruzagiaren ondokoa, Vadim Skibitski.
Errusiarren taldea, aldiz, militarrek osatzen dute osorik.
Azkenik, AEBren ordezkari gisa joan dira Steve Witkoff Etxe Zuriaren ordezkari berezia, Jared Kushner Trumpen suhia, Josh Gruenbaum aholkularia, Alex Grynkewich jenerala eta Dan Driscol AEBko Armadako idazkaria.