Abu Dhabin bildutako negoziatzaile errusiarrek eta ukrainarrek "lagunak" ziruditen, eta datorren astean bilduko dira berriro, AEBen arabera
Dena aurreikusitakoaren arabera joango balitz, bi aldeak datorren igandean bilduko lirateke berriro. Estatubatuarrek uste dute gatazkaren amaiera gertu dagoela.
Hiruko bilera, Abu Dhabin. Argazkia: EFE
Larunbat honetan Ukrainako gerrari amaiera emateko hiru aldeko negoziazioen lehen txanda izan da Abu Dabin (Arabiar Emirerri Batuak). Topaketa amaituta, Errusiako eta Ukrainako negoziatzaileek "ia lagunak" ziruditela esan dute AEBko bitartekariek, eta datorren astean beste bilera bat egiteko asmoa dutela ere iragarri dute.
"Sarraski ugari izan dira, heriotza asko, baina errespetu handia ikusi dugu bi aldeen artean, benetan irtenbideak aurkitu nahi zituztelako", esan die hedabideei funtzionario estatubatuar batek.
"Datorren asteko igandean, Jainkoak nahi badu, beste bilera bat egongo da akordio hau azken amaierarantz eramateko", aurreratu du.
Borrokak aurrera darraio
Bien bitartean, gutxienez pertsona bat hil da eta lau zauritu dira larunbat goizaldean Errusiako Armadak Kieven, Ukrainako hiriburuan, egindako eraso masibo baten ondorioz, bertako agintariek jakitera eman dutenez.
"Oraingoz hildako bat eta lau zauritu daudela jakin dugu. Zaurituetako hiru ospitaleratu egin dituzte. Hiriburuaren ezkerraldean berokuntza eta ur hornidura etenaldiak daude", adierazi du Vitali Klitxko Kieveko alkateak Telegram bidez zabaldutako mezu batean.