Errusiak, AEBk eta Ukrainak segurtasunari buruzko hiru aldeko lehen bilera egingo dute gaur Abu Dabin
Bilera gaur goizaldean adostu dute Moskun, AEBk eta Errusiak. Aurreratutako informazioaren arabera, bileraren ardatz nagusia Donbasen banaketa izango da.
Ukraina, Errusia eta AEBko talde negoziatzaileak Arabiar Emirerri Batuetan bilduko dira gaur, Ukrainako gerraren amaiera negoziatu baterantz aurrera egiteko. Hiru aldeen arteko lehen bilera izango da. Errusiako ordezkaritza Igor Kostiukov almiranteak zuzenduko du, eta Ukrainakoa, berriz, Kirilo Budanov presidentearen bulegoko buruak eta Rustem Umerov Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko buruak.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, bileraren puntu nagusia Donbasen banaketa izango da. Hala iradoki du Kremlinek ere, ostiral goizaldean, lau ordu inguruko bileraren ostean, adierazi baitu ezingo dela "epe luzerako irtenbiderik" lortu Ukrainako gerrarentzat, ez bada lurraldetasunaren inguruko korapiloa askatzen; Washingtonek eta Moskuk 2025eko abuztuan adostutako formularen arabera beharko du izan gainera. Horren arabera, izatez Ukrainarena den baina Errusiako tropek jada hein handi batean kontrolatzen duten Donbas eskualdearen zati handi bat Errusiaren esku geratuko litzateke.
Yuri Ushakov Vladimir Putin Errusiako presidentearen aholkulariak eman du horren berri, Putinek berak eta Steven Witkoff AEBetako ordezkari bereziak Moskun izandako bileraren ostean prentsaren aurrean. Bileran izan dira, halaber, Jared Kushner Etxe Zuriko aholkulari ohia (Donald Trump presidentearen suhia) eta Joshua Gruenbaum Jabetzaren Zerbitzu Federaleko ordezkaria "lehen aldiz" batu dena AEBren taldera.
Ushakovek azpimarratu duenez, Errusiako Gobernuak "Ukrainako krisia bitarteko politiko eta diplomatikoen bidez konpontzeko benetako interesa" du, baina, ziurtatu duenez "hori gertatu bitartean, Errusiak operazio militar bereziaren helburuak lortzeko borrokan tinko jarraituko du gudu-zelaian, Errusiako Indar Armatuek ekimen estrategikoa duten lekuan".