Lau urteko kartzela-zigorra ezarri diote Mette-Marit printzesaren semeari, bortxaketa eta tratu txarrak egotzita
39 delitu leporatzen zizkioten Marius Borg Høibyri, Mette-Maritek Haakon printze oinordekoarekin ezkondu aurretik izan zuen semeari.
Osloko epaitegi batek lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Marius Borg Høibyri, Norvegiako Mette-Marit printzesaren semeari, bi bortxaketagatik eta neska-lagun ohietako bati tratu txarrak emateagatik, besteak beste. Beste bi bortxaketengatik absolbitu dute Høiby. Ez da Norvegiako Errege Etxeko kidea.
Fiskaltzak zazpi urte eta zazpi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu zuen 39 deliturengatik; defentsak, berriz, kargurik larrienagatik absolbitzea eskatu zuen, eta urte eta erditik beherako zigorra onartzeko prest zegoela adierazi zuen, akusatuak aitortutako hainbat deliturengatik, besteak beste, mehatxuak eta marihuana soinean eramatea.
Lau bortxaketa-delitu
Høibyri lau bortxaketa-delitu leporatzen zizkioten, eta auzitegiak frogatutzat jo ditu kasu horietako bi: bata, printze oinordekoen Skaugum jauregiaren sotoan gertatutakoa (Osloko kanpoaldean); bestea, biktimaren apartamentuan. Horiekin lotutako bideoak daude eta, epaiaren arabera, irudiek frogatzen dute erasoak egin zirenean emakumeak ez zeudela kontziente.
Espetxe-zigorraz gain, Høibyk 640.000 koroa norvegiar (58.000 euro inguru) ordaindu beharko die biktimei, kalte-ordainetan.
Mette-Marit semearen defentsak jakinarazi du epaia aztertzeko denbora hartuko duela, helegitea aurkeztu ala ez erabaki aurretik.
Behin-behineko espetxealdian
Akusatuak espetxean izan du epaiaren berri, bertan baitago otsailaren 2tik, beste delitu batzuengatik atxilotu zutenetik, besteak beste, biktimetako bat bisitatzeko debekua urratzeagatik. Izan ere, behin baino gehiagotan eskatu du etxean bete ahal izatea kautelazko neurria, baina Justiziak baztertu egin ditu eskaerok, berrerortzeko arriskua dagoelako.
Azken egunetan, akusatuak berriro eskatu du etxean atxilotzea, amak duen osasun-egoera delikatua argudiatuz. Ama birika-transplantearen zain dago, 2018an diagnostikatutako biriketako fibrosi kronikoa larriagotu baitzaio. Hala ere, apelazio-auzitegi batek baliogabetu egin du aurretik beste instantzia batek emandako aldeko erabakia.