Zer gertatuko da Ormuzko itsasartearekin? AEB-Iran akordioaren gakoak
Estatu Batuen, Iranen eta bien arteko bitartekari Pakistanen ikuspuntuak, gerrari amaiera emateko atariko akordioaren edukiari buruz.
Ormuzko itsasartea, artxiboko irudia. Argazkia: Europa Press.
AEBko presidente Donald Trumpek iragarri du, igande honetan, akordioa lortu duela Iranekin Ormuzko itsasartea berriro irekitzeko eta bi herrialdeen artean hiru hilabete baino gehiagoz luzatu den gatazkari amaiera emateko. Inplikatutako hiru aldeek: AEBk, Iranek eta Pakistanek (bitartekaria) akordioaren inguruko beren interpretazioa egin dute. Akordioa bost gairen inguruan egituratu da: itunaren aplikazio-faseak, Ormuzko itsasartea eta Irango portuen blokeoa, Irango programa nuklearra, zigorrak eta finantza-eragina, eta Libano.
Fasekako hitzarmena: Nola gauzatuko da?
- Pakistango lehen ministroak baieztatu du bi herrialdeek operazio militarrak berehala eta behin betiko amaituko dituztela.
- Bi aldeek iragarri dute gerraren amaierako akordioa Suitzan sinatuko dela ostiral honetan.
- Irango Kanpo Arazoetako ministroorde Kazem Garibabadik adierazi du akordioaren edukia hura sinatu ondoren argitaratuko dela.
- AEBk eta Iranek ziurtatu dute Ormuzko itsasartea desblokeatu egingo dela eta AEBk Irango portuen gainean ezarritako blokeoa kentzen hasiko dela dokumentua sinatu bezain laster.
- Bi aldeek azaldu dute konplexutasun handieneko gaiei buruzko negoziazioak —bereziki Irango auzi nuklearra eta AEBk herrialde horren aurka ezarritako zigorrak— hurrengo 60 egunetan landuko direla.
Ormuzko itsasartea eta Irango portuen blokeoa
- Ormuzko itsasartea ostiral honetan irekiko dela iragarri du Donald Trumpek, eta Irango portuen gaineko blokeoa kentzeko agindua eman du.
- Irango goi-kargudun batek adierazi du “merkataritza-ontzi guztiek" itsasartea irekita izango dutela memoranduma sinatu ondoren.
- Irango Fars berri-agentziak jakinarazi duenez, akordioaren arabera, itsasarteko itsas trafikoa Iranek arautuko du, Omanekin koordinatuta.
Irango programa nuklearra
- Bi aldeek ziurtatu dute Iranek onartu egin duela ez duela arma nuklearrik ekoitziko ezta eskuratuko ere; Teheranek hamarkadetan behin eta berriz errepikatu duen konpromisoa da hori.
- Irango goi-kargudunak baieztatu du, behin betiko akordioaren zain, Iranek bere jarduera nuklearra geldiaraziko duela, uranioa aberasteari utziko diola eta instalazio nuklearrak bere horretan utziko dituela. Gainera, adierazi du AEBk onartu egin duela Iranek bere herrialde barruan uranio aberastuaren erreserbak diluitzea etorkizuneko akordio global baten esparruan.
- Trumpek larunbatean adierazi zuen ez zegoela presarik Irango material nuklearraren erreserbak ateratzeko, eta AEBk “dena lasai dagoenean” berreskuratuko zituela.
- Trumpek baieztatu egin du Iranen gainean ikuskapen-sistema zorrotza ezarriko dela etorkizuneko akordio baten esparruan, baina ez zuen xehetasunik eman.
- Lindsey Graham AEBko senatariak esan zuen Kongresuak berrikusi eta onartu beharko duela Irango programa nuklearrari buruzko behin betiko edozein akordio.
Zigorrak eta finantza ondorioak
- Irango goi-funtzionarioak azaldu duenez, AEBk onartu egin du Iranen aurkako zigor gehiagorik ez ezartzea behin betiko akordioa lortu arte.
- Gaineratu du AEBk uko egingo diola Irango petrolio-sektorearen aurkako zigorrak aplikatzeari epe jakin batean, eta behin betiko akordioaren ondoren AEBk eta NBEk ezarritako zigor guztiak kendu egingo direla adostutako egutegiaren arabera.
- Irango goi-funtzionarioak adierazi du AEBk adostu duela Iranen izoztutako aktiboetatik 25.000 milioi dolar merkaturatzea, zuzeneko diru-transferentzien, eskualdeko herrialdeen arteko lankidetzaren eta finantza-kredituen bidez.
- Gaineratu du Washingtonek, eskualdeko aliatuekin koordinatuta, Iranerako berreraikuntza eta garapen plana prestatuko duela; plan hori Teheranekin negoziatu eta adostuko da 60 eguneko epean.
- Trumpek adierazi du ez zaiola Iranari diru-funtsik emango eskudirutan, baina zigorrak kentzeko aukera egon daitekeela.
Libano
- Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek adierazi du operazio militar guztiak berehala eta behin betiko amaitzeak Libano barne hartuko duela.
- Irango Segurtasun Nazionaleko Goi Kontseiluaren Idazkaritzak iragarri du operazio militarrak behin betiko geldiaraziko direla astelehen gauean, Libanon ere bai.
- Abbas Araghtxi Irango Kanpo Arazoetako ministroak esan du beharrezkoa dela Israelen Libanoren aurkako erasoak erabat etetea, eta AEB dela akordioa ezartzeko arduraduna.
- Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek adierazi du Israelgo armadak Libanon, Sirian eta Gazan hartu dituen eremuetan jarraituko duela, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroak hori argi utzi diola Trumpi.
- Memoranduma iragarri aurretik, Trumpek adierazi zuen eskualdera bakea ekarriko duela, Libano barne. Esan zuen Israelek ez ziola Libanori eraso gehiagorik egingo, ezta Hezbollahk Israeleren aurka ere.
- Hezbollahk ontzat jo du Libanoko su-etena eta indar politikoei "jarrera nazional bateratua" eskatu die, Israelen aurrean herrialdearen subiranotasuna babesteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak akordio historiko bat sinatu dute autodeterminazioaren alde
Cardiffen, Galesko hiriburuan egindako bileran independentziari buruzko erreferendumaren alde egiteko estrategia bateratua iragarri dute hiru buruzagiek.
Zentro-ezkerreko oposizioak garaipen estua lortu du Suedian, baina emaitza ez da ziurra oraindik
Hiru eserlekuren aldea baino ez du, 176 173ren kontra, eta ostiralerako espero da behin betiko emaitza, atzerritik iritsitako botoak zenbatuta. Ultraeskuinak indarra galdu du, eta Alderdi Kontserbadorearen atzetik geratu da.
Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako liderrek independentziaren aldeko memorandum bat sinatuko dute gaur
Trumpek Irlandaren bateratzea laster gertatuko dela esan eta biharamunean iritsi da iragarpena. AEBko presidentearen adierazpenak oso kritikatuak izan dira Erresuma Batuan.
Zentro-ezkerreko oposizioko blokeak irabazi ditu Suediako hauteskundeak, inkesten arabera
Zentro-ezkerrak botoen % 51,3 eskuratu ditu eta Ulf Kristersson lehen ministro kontserbadoreak, berriz, % 46,8, SVT telebista publikoak egindako inkesta baten arabera.
AEBko Kongresuko demokratek IAren garapena geldotu nahi dute, sektoreko buruen alarmaren ostean, baina Trumpek esan du ez dela "gertatuko"
Asteartean bilera egingo dute Behe Ganberako demokratek, eta bertan "lehentasun garrantzitsu bat adimen artifizialaren inguruko ekintza izango da", aurreratu dute.
500 kolono israeldar inguru sartu dira Al Aksa meskitara juduen Urteberriko ospakizunetan
1967tik indarrean dagoen statu quoaren arabera (Israelek Ekialdeko Jerusalem okupatu zuenean), esparru hori musulmanen gurtzarako baino ez da, eta juduak bisitari gisa baino ezin dira sartu.
Ukrainak eta Errusiak elkarri eraso diote: bi pertsona hil eta dozenaka zauritu dira
Ukrainako indarrek Errusia ipar-mendebaldean eragin dituzte bi heriotzak, Nizhnekamsk udalerrian. Moskuk droneak erabiliz eraso dio Kievi, eta gutxienez bost lagun zauritu ditu. AEBren arabera, baina, bi herrialdeek nahi dute gatazka konpondu.
Trumpek esan du "gustatuko" litzaiokeela Irlanda batzea: "Lehenago edo geroago gertatuko da"
Irlandan dago egunotan AEBko presidentea, eta bertan egin ditu adierazpen polemiko horiek. Erreakzioak erreskadan etorri dira.
BRICSeko herrialdeek Ekialde Hurbilean neurriz jokatzea eta alde bakarreko zigorrak baztertzea erabaki dute
Indian bilduta, herrialde horiek 140 puntuko adierazpen zabal bat adostea lortu dute, eta, besteak beste, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, "merkataritzaren eta energiaren fluxua babesteko".
Saudi Arabiak Ekialde-Mendebaldeko oliobidea itxi du, hainbat eraso jasan ostean
Azpiegitura hori da merkatu globalak hornitzeko bide nagusia Ormuzko itsasarteko egungo tentsio egoeran; egunean zazpi milioi upel petrolio gordin garraia ditzake.