Errusiaren aurkako zigor gehiago eta Errusiarekiko gas menpekotasuna gutxitzeko neurriak onartuko ditu EBk
Europar Batasuna Errusiaren aurkako zigor sorta bat prestatzen ari da. Halaber, Errusiako gasarekiko eta petrolioarekiko menpekotasuna gutxitzeko neurriak iragarriko ditu astearte honetan.
Mario Draghi Italiako lehen ministroarekin Bruselan bilera egin aurretik egin duen agerraldian, Ursula Von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak ez du argitu Europar Batasunak laugarren zigor sorta hori noiz onartuko duen.
EBko 27 herrialdeetako Atzerri ministroek zigorrak hizpide izan zituzten iragan ostiraleko bileran, baina ez zuten behin-betiko erabakirik hartu. Hala ere, Josep Borrell EBko Atzerri Gaietarako goi ordezkariak ostiralean iradoki zuen Errusiako oligarka gehiago sartuko dituztela zigortuen zerrendan eta Errusiako banku gehiago utziko dituztela SWIFT sistematik kanpo.
Bestalde, Von der Leyenek baieztatu du Errusiarekiko menpekotasuna gutxitzeko beste neurri batzuk hartuko dituela astearte honetan Europar Batasunak. Hiru "zutabe" nagusi aipatu ditu: erregai fosilen hornidura dibertsifikatzea, energia berriztagarrietan inbertsio "masiboak" bizkortzea eta energia eraginkortasunean hobekuntzak bultzatzea.