koronabirusa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Covid ziurtagiriaren erabilera 2023 erdialdera arte luzatzea adostu du Europar Batasunak

Hogeita zazpiek ziurtagiria urtebetez luzatzea adostu dute, 2023ko ekainaren 23ra arte, bidaiariek agiri hori erabiltzen jarraitu ahal izateko Estatu kideen artean mugitzean.
Covid pasaportea. Argazkia: EITB Media
Covid pasaportea. Argazkia: EITB Media

Europar Batasuneko (EB) herrialdeak covid ziurtagiri digitala urtebetez luzatzeko akordio batera iritsi dira ostiral honetan. Hala, 2023ko ekainaren 23ra arte egongo litzateke indarrean, bidaiariek agiri hori erabiltzen jarraitu ahal izateko Estatu kideen artean mugitzean.

"Covid Ziurtagiri Digitalak paper garrantzitsua jokatu du pandemian zehar pertsonen zirkulazio askea errazteko, eta indarrean dirau bidaiatzeko murrizketak pixkanaka-pixkanaka kentzeko printzipioak, egoera epidemiologikoak hala baimentzen badu", adierazi du Batzordeak, jakinarazpen batean.

EBaren aurreko enbaxadoreek formalki onartu dute ostiral honetan ziurtagiri horrek ezartzen duen araudia luzatzeko agindu negoziatzailea.

Otsailaren 3an, Europar Batzordeak agiria urtebetez luzatzea proposatu zuen, eta bestelako aldaketak ere sartu zituen. Besteak beste, ziurtagiria eskuratzeko test moten artean sartzea kalitate handiko laborategietan egindako antigeno probak, eta entsegu klinikoetan parte hartu duten pertsonei ere txertatze ziurtagiriak ematea.

Batzordeak egindako proposamenen artean, Bruselak txosten bat aurkeztu beharko luke 2023ko otsailaren 1aren aurretik, lege-proposamenekin batera, ziurtagiria baliogabetzeko edo luzatzeko beharra ebaluatzeko, osasun egoeraren bilakaeraren arabera.

Gainera, Estatu kideek nortasun agiria eta txertaketa zein berrezarpen ziurtagiria eskatu ahal izango dituzte, dosi guztiak txertaketa ziurtagiri bakarrean barneratu ahal izateko, txertatze-lekua gorabehera.

Era berean, antigeno proba baten ostean suspertze ziurtagiria igorri ahal izatea eskatu du Batzordeak.

Ziurtagiriaren luzapena garaiz aplikatu ahal izateko, Europar Batzordeak eta Europako Parlamentuak akordio batera iritsi beharko dute, datorren ekainaren 30a baino lehen.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Porrota Enhanced Games txapelketan: milioika dolar saritan eta dopin librea, ofiziala izango ez den errekor bakar baten truke

Enhanced Gamesek, substantzia debekatuak erabiltzea baimentzen zuen kirol-esperimentu polemikoak, kale egin du. Kristian Gkolomeev igerilariak lehiaketaren errekor bakarra lortu du: milioi bat dolar irabazi du, baina bere errekorra ez da ofiziala izango. 42 parte-hartzaileetatik 38k dopatzeko substantziak erabili zituzten: % 91k testosterona eta % 71k giza hazkundearen hormona. Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak eta federazioek atleten osasunerako arriskuaz ohartarazi dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X