Hilabete da Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik
Hilabete igaro da Errusiako Armadak Ukrainan inbasioa hasi zuenetik. Otsailaren 24an, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Donetsken eta Luhansken "operazio militar berezia" hasi zuela iragarri zuen; Errusiako Federazioak hiru egun lehenago aitortutako errepubliketan, hain zuzen. Errusiako tropak Ukrainan sartu ziren.
Ordutik, Errusiako Armadaren erasoaldiaren ondorioz, Ukraina osora hedatu da Donbass Ukraina ekialdeko eskualdea astintzen ari zen gatazka armatua. 2014an hasi zuen Ukrainako Armadak estatu kolpea babestu ez zuten eta beren burua independentetzat jo zuten errepubliken aurkako "operazio antiterrorista".
Nola doa gerra?
Errusiako tropak duela hilabete sartu ziren Ukrainan, Errusiako eta Bielorrusiako mugetatik. Gaur egun, Txernihiv, Sumy, Kharkiv, Zaporizhia, Kherson eta Mykolaiv mugako oblast edo eskualdeen zatirik handiena kontrolatzen dute.
Krimearen egoera bestelakoa da. 2014an Errusiak anexionatu egin zuen, herritar gehienak erreferendum batean Kieveko gobernu berriaren politiken aurka agertu eta Moskurekin lerrokatu ondoren. Ukrainak eta Mendebaldeak ez dute Krimea Errusiako Federazioaren zati gisa onartzen.
Donetsk eta Luhansken kasua ere berezia da, Ukrainako Armada 2014tik Errusiaren babesa duten indar independentisten kontra borrokatzen baita. Ukrainarentzat oblast diren eta Errusiarentzat errepublikak diren hauetan, indar separatistek eta Errusiako Armadak ia lurralde osoa menderatzen dute.
- Mariupol, Azoveko itsasoaren kostaldean, hegoaldean, Ukrainaren menpe jarraitzen duen gune horretako hiririk garrantzitsuena da. Errusiako Armadak setiatuta du inbasioa hasi zuenetik, eta horrek krisi humanitario baten atarian jarri du. Errusiak hiria errenditzeko ultimatuma eman zuen duela hiru egun, eta geroz eta tropa gehiago pilatu ditu horren inguruan; beraz, datozen egunetan borrokak areagotzea aurreikusten da. Hiri honetan, Errusiako Armadak Azov Batailoiari egiten dio aurre, batez ere. Hiria defendatzeaz arduratzen den milizia neonazi hori Ukrainako Armadan integratuta dago 2014az geroztik.
Lurralde horietatik kanpo, gerrak bi interesgune ditu.
- Kievek ateetan ditu tropa errusiarrak. Iparraldean, Txernihiv hiria ia setiatuta dago. Gainera, borrokak izaten ari dira Dnieper ibaiaren bi ertzetan, bai Irpinen, mendebaldean, bai Bovaryn, ekialdean, baina azken egunotan ez da aurrerapen esanguratsurik izan. Azken bonbardaketa merkataritza-gune baten kontra izan da. Ukrainaren arabera, zibilek erabiltzen zuten. Errusiaren arabera, Ukrainako Armadaren biltegi militar bat zen.
- Sumy, Ukraina iparraldean, ia inguratuta dago. Antza, Errusiako Armadaren azken aurrerapenek hiria setiatu omen dute.
Khersonen, duela 20 egunetik errusiarrak nagusi diren hiriburu bakarrean, herritarrek okupazioaren kontrako manifestazioak egin dituzte.
Drama humanitarioa
925 zibil hil dituzte hilabetean, Nazio Batuen Erakundeak aste honen hasieran berretsitako datuen arabera. Hori da baieztatutako datu bakarra, bi aldeek oso bestelako zenbakiak ematen baitituzte. Errusiak dio helburu militarrei bakarrik erasotzen diela, baina Ukrainak milaka zibil hil dituztela salatu du.
Hildako soldaduei dagokienez, Errusiak ia 10.000 soldadu errusiar hil direla esan du, eta Ukrainak 1.000 militar baino gehiago galdu dituela aipatu du. Bi iturri horiek arerioaren heriotza kopuru handiagoa ematen dute.
Hala ere, gerraren ondoriorik nabarmenetako bat errefuxiatuen krisia da. 3,6 milioi errefuxiatuk ihes egin dute, NBEren Errefuxiatuentzako Goi Komisarioaren datuen arabera.
Gehienak, 2 milioi baino gehiago, Poloniara joan dira, baina Eslovakiak, Hungariak, Errumaniak eta Moldaviak ere ukrainarrak hartu dituzte. Gainera, beste 6 milioi pertsona herrialde barruan mugitu behar izan dira. Bestalde, ia 270.000 Errusiara joan dira, eta herrialde horrek ere Donbasseko errefuxiatuak hartu zituen inbasioaren aurreko uneetan.
Aurreko astean, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu zuen 350 errefuxiatu inguru iritsi direla Euskal Autonomia Erkidegora. Guztiak behar bezala artatzeko kontingentzia-plan bat jarri dute martxan.
Negoziazio mahaia
Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak harremanetan egon dira inbasioa hasi zenetik. Alde bakoitzak bestearen asmoei buruzko bertsio desberdinak kontatzen baditu ere, negoziazioak aurrera doazela eta jarrerak gero eta gertuago daudela esan daiteke. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berak onartu du negoziazioak zailak direla, "baina pausoz pauso aurrera goaz", esan du.
Ukrainak su-etena eta tropa errusiarrak erretiratzea nahi du; Errusiak, berriz, inbasioaren aurreko asteetan aipatzen zituen baldintza berberak eskatzen ditu: Ukrainaren neutraltasuna, hau da, NATO aliantza militarrean ez sartzea, eta herrialdearen desmilitarizazioa.
Financial Times-en arabera, negoziazio-taldeak aurrera egiten ari dira alderdi horietan, 15 puntuko zirriborro bat abiapuntu hartuta. Hala ere, zailena lurraldetasunaren ingurukoak dira: Krimearen gaineko errusiar subiranotasuna eta Donetsk eta Luhansken independentzia onartzea eskatzen du Errusiak.
Ordezkaritzek zailtasunak izan dituzte korridore humanitarioak hitzartzeko; zibilei erasotzea edo haiek giza ezkutu gisa erabiltzea egozten diote elkarri.
Zelenskik ohartarazi du gerraren amaiera ezinezkoa izango dela bi presidenteek ez badute elkarrekin hitz egiten. Ukrainako presidenteak ziurtatu du lurraldetasunari buruz ere hitz egiteko prest dagoela Putinekin, baina aurretik "lehen pausoa" eman behar dela "segurtasun bermeen eta su-etenaren bidean".
Bakerako edozein aurrerapauso, nolanahi ere, gerraren alde militarraren eboluzioari egongo da lotuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Hungariak Orbanen aroa ixteko aukera izango du igandean
Peter Magyar liberalak (inkestetan faborito argia da) garaipen sendoa behar du lehen ministro ohiak 16 urteko agintaldian altxatutako egiturak aldatzeko.
'Orion' ontzia itsasoratu da jada, eta amaitu da Artemis II misioa, 50 urtean Ilargira egindako lehen bidaia
Lau astronautak (Reid Wiseman, Victor Glover, Christina Koch eta Jeremy Hansen) osasun egoera onean daudela baieztatu du NASAk.
Artemis II misioko astronautak prest dira 02:07an Kaliforniako kostaldearen parean itsasoratzeko
Hego Euskal Herriko 02:07an, NASAren aurreikuspenen arabera, San Diegoko (Kalifornia) kostaldean itsasoratuko da Orion espazio ontzia.
Ekuadorrek % 50etik % 100era igoko ditu Kolonbiako inportazioen muga-zergak, merkataritza-gerra gogortuz
Noboaren gobernuaren arabera, "segurtasun nazionala" bermatzeko hartu dute erabakia, eta "erantzukizun partekatua indartzea du helburu, mugan narkotrafikoaren presentziari aurre egiteko". Petroren ustez, neurri hori "gehiegikeria" da, eta "errespetua" eskatu du "narkotrafikoak eraildako 200.000 kolonbiarrentzat".
Israelek iragarri du Hezbollahko buruzagiaren idazkaria eta iloba hil duela
Hildakoa Ali Yusef Harshi da, Naim Qassemen iloba.
Iranek itxi egin du Ormuzko itsasartea, hainbat orduz irekita egon ondoren
Itsasartea irekita egon da hainbat orduz. Itsasoko trafikoa monitorizatzen duten plataformek mugimenduak atzeman dituztela adierazi dute. Hala ere, Israelek Libanori egindako erasoaren ostean, Irango agintariek berriro etenarazi dute petrolio-ontzien nabigazioa, Guardia Iraultzailearekin lotutako Fars agentziak jakinarazi duenez.
Milaka indigena Brasiliara iritsi dira, 2026ko Lur Librea Kanpamentuan parte hartzeko
Brasilgo indigenek martxa bat egin dute Brasilgo Kongresu Nazionalera euren eskubideak aldarrikatzeko, Brasilian urtero egiten duten kanpaldiaren testuinguruan.
Israelek gutxienez 250 pertsona hil ditu Libanoren aurka egindako "erasorik handienean", su-etena izan arren
AEB eta Iranen artean bitartekari lanak egin dituen Pakistanen arabera, Libanori ere eragiten dio tregoak. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, akordiotik kanpo utzi du herrialdea.
Iranen bake-plan proposamenaren hamar gakoak
Iranek arma nuklearrak ez fabrikatzeko konpromisoa hartu du, eta bere kontrako zigor guztiak kentzea eta jasandako kalteak konpentsatzeko funts bat sortzea eskatu du. Horiek dira, besteak beste, Teheranek AEBrekin gerra amaitzea negoziatzeko aurkeztu duen planaren puntuak.
AEBk eta Iranek bi asteko su-etena adostu dute, Ormuz ireki egingo dutela bermatuta
Pakistanen bitartekaritzak su-eten akordioa lortzea ahalbidetu du. Ituna berehala sartuko da indarrean, eta Islamabadeko bake negoziazioei ateak irekiko dizkie.