Texaseko erasotzailea biktimekin ikastetxeko areto nagusian sartu zen, tiro egiten hasi baino lehen
Salvador Raimondo Ramos Uvalde ikastetxeko erasotzailea bere biktimekin eskolako areto nagusian sartu zen, tiro egiten hasi baino lehen, Chris Olivarez Texaseko Segurtasun Publiko Departamentuko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Ramos biktimekin nahastu eta babestu zen, eta tiro egin zien, bi irakasle eta 19 haur akabatuz, azaldu du Olivarezek. "Tiratzailearen erabateko gaiztakeria", nabarmendu du tenienteak, CNNk jakinarazi duenez.
Olivarezen hitzetan, poliziek, Ramos geldiarazteko, ia goitik behera miatu behar izan zuten ikastetxea hura aurkitzeko, areto nagusiko sarraila bortxatu eta erasotzailea hiltzeko. 18 urteko gazteak balen aurkako txalekoa zeraman, "talde taktikoek erabiltzen duten bezalako, esaterako, SWATek", baita erasorako su-arma bat ere.
"Erantzunik gabeko galdera asko daude", onartu du Olivarezek. Texaseko agintariak FBIrekin elkarlanean ari dira dagoeneko.
"Tirogilea Uvalden bizi zen, bigarren hezkuntza bertako eskola batean egin zuen, aiton-amonekin bizi zen, langabezian zegoen, ez zuen lagunik, ezta bikotekiderik ere, baina ez zuen aurrekaririk", adierazi du bozeramaileak.
Olivarezek erantsi duenez, Ramosen aurreneko biktima, haren amona, bizirik dago, eta aitona eta beste senide batzuen bila ari dira. Erasotzaileak bere amonari etxean egin zion tiro, eskolara abiatu baino lehen.
Greg Abbott Texaseko gobernadore errepublikanoak prentsaurrekoan azaldu duenez, tiroketa gertatu baino ordu erdi lehenago, Ramosek amonari tiro egin behar ziola iragarri zuen Facebook sare sozialean.
Minutu batzuk beranduago, beste mezu bat argitaratu zuen, amonari dagoeneko tiro egin ziola esateko; eta hirugarren mezu batean, eskolako sarraskia gertatu baino ordu laurden lehenago, ikastetxe bati eraso egin behar ziola idatzi zuen.
Zaurituen kopuruari dagokionez, Uvalde Memorial ospitaleak jakitera eman du asteartean 15 pertsona hartu zituztela, horietako zazpik sendagiria jaso dute dagoeneko; gainerakoak, tartean larrienak, San Antonioko beste zentro mediko batzuetara eraman dituzte.
15 zauritu horietatik 11 haurrak dira, eta lau helduetatik hiru etxera bidali dituzte dagoeneko. San Antonioko Unibertsitate Ospitaleak azaldu duenez, 66 urteko emakume bat eta 10 urteko neskato bat larri daude. 10 eta 9 urteko beste bi neskato, aldiz, egoera onean daude.
Asiara egin duen bidaiatik itzuli berritan Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak galdetu du ea noiz egin behar dion herrialdeak aurre armen lobbyari.
Ameriketako Estatu Batuetako eraikin ofizialetako banderak masta erdian egongo dira larunbatera arte, hildakoak gogoan.
Azken hamarkadan ikastetxe batean izandako bigarren tiroketa larriena da. 2012an Newtongo (Connecticut) eskola batean 26 pertsona hil zituzten. Hirugarren larriena, berriz, 2018an izan zen Parklandeko (Florida) institutu batean. 17 pertsona hil ziren orduko hartan.
Armen kontrolerako oztopoak
Armen inguruko eztabaida, berriro, erdigunean jarri eraso honek. Greg Abbot Texaseko gobernadorea suzko armen defentsore sutsua izan da beti, eta 2021ean estatu mailako hainbat lege babestu zituen, herritarrek mota horretako armak edukitzea ahalbitzen zituztenak.
Barack Obama AEBko presidente ohia izan da armen inguruko legea zorrozteko jarrera argiena erakutsi duen mandatarietako bat. Batez ere, arriskutsutzat jotzen diren pertsonei armak izatea debekatzea babestu zuen irmoki, eta horren erakusle dira historiara pasatuko diren bere zenbait agerraldi; 2012an Sandy Hook eskolan izandako hilketen ondotik negar-malkotan egin zueneko hitzaldia, esaterako.
Erriflearen Elkarte Nazionala da, gaur egun, herritarrek armak izateko aukera izatearen defendatzaile nagusia Estatu Batuetan. "Armagintzaren lobbya" deitzen diote. Baina ez daude bakarrik, eta agertoki politikoan babes zabala dute, Alderdi Errepublikanotik hasita.
Armen edukieraren araudian murrizketarik nahi ez dutenek AEBko Konstituzioaren Bigarren Emendakina erabiltzen dute argudio gisa: "Estatu aske batean segurtasunerako ondo antolatutako milizia bat beharrezkoa denez, herriak armak edukitzeko eta eramateko duen eskubidea ez da inoiz urratuko". Printzipio hori moldatzea edota ezabatzea oso zaila da, bertako egungo araudiaren arabera.
1788an onartutako araudia da indarrean dagoena, eta horrek jasotzen duenez, armei buruzko emendakina moldatzeko edota ezabatzeko, Kongresuko bi ganberen bi herenen babesa behar da eta, aldi berean, estatu guztien (38) hiru laurdenena. Bigarren aukera bat ere badago, oraingoz inork erabili ez duena: estatuen bi herenek konbentzio konstituzionala deitzea.
Chris Murphy Connecticuteko kongresista demokratak hitza hartu du Senatuan, errepublikanoei, "literalki, erregutzeko", herrialdean armen problematika behingoz onartzeko, eta "gertakariak berriz errepikatzea" oztopatzeko legeak babestea eskatu die.
Errepublikanoek sarraskien erantzukizuna "gaixotasun mentalei" leporatzen diete, baina Murphyk argudioa errefusatu eta AEBn gertatzen ari dena ikuspuntu horretatik azaltzea ezinezkoa dela defendatu du.
"Gaixotasun mentalen inguruko ergelkeria horiek aurreztu, mesedez. Munduko beste edozein herrialde baino gaixotasun mental gehiago ez dugu. Ezin da ikuspegi horren bidez azaldu, kasu atipikoa ez garelako. Suzko armak bereganatzeko orduan bai, ordea, gaizkileek eta pertsona oso gaixoek lortzeko gaitasunean. Horrek egiten du AEB ezberdin", azpimarratu du.
Ken Paxton Texaseko fiskal nagusiak, aldiz, eskolak "defendatzeko" irakasleak eta ikasleak prestatzea proposatu du, Poliziak eskainitako trebakuntzaren bidez.
"Texasen programa bat egon beharko luke, irakasleek eskola defendatzeko trebakuntza jaso dezaten", adierazi du Paxtonek Fox telebistan.
Zure interesekoa izan daiteke
Artemis II misioa: "Gizakia Lurretik inoiz urrunen egon den tokira iritsi gara"
Lau astronautak gaur sartu dira Ilargiaren orbitan, eta satelitearen alde ezkutua behatzen hasiko dira. Lehen irudiak erakusten hasi da NASA gaur.
Iranek AEBren su-eten proposamena baztertu eta gerra behin betiko bukatzeko eskatu du
Iranek hamar puntuko proposamen bat helarazio dio AEBri, Pakistanen bitartez, gatazka erabat bukatzeko helburuarekin. Trumpen arabera, "ez da nahikoa", eta Iran osorik suntsitzeko mehatxua bota du, berak jarritako epea betetzen bada.
Ormuzko itsasartetik igarotzeko "protokoloa" negoziatzen ari dira Iran eta Oman
"Elkarrizketa hauen helburua da ontziak Ormuzko itsasartetik segurtasunez pasatzeko prozedura aztertzea", esan du gaur, astelehenarekin, Ismail Bagaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
AEB, Iran eta hainbat bitartekari 45 eguneko balizko su-eten bat negoziatzen egon litezke
Bestalde, Irango Atzerri ministroaren bozeramaileak esan du ez dituela Trumpen ultimatumak onartuko, "negoziazioa ez delako ultimatumekin, hilketekin edo gerra krimenak burutzeko mehatxuekin bateragarria".
17 eta 45 urte arteko gizon alemaniarrek baimena beharko dute hiru hilabete baino gehiagoz herrialdetik irteteko
Urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen soldadutza lege berriaren arabera, herrialdetik kanpora hiru hilabetetik gorako egonaldiak egiteko Armadaren baimena beharko dute. Alemaniako Defentsa Ministerioko bozeramaile baten arabera, ordea, zerbitzu militarra borondatezkoa den bitartean baimenak emantzat joko dira.
Trumpek asteartera arte luzatu dio Irani Ormuzeko itsasartea irekitzeko ultimatuma
AEBko ekialdeko 20:00ak arte luzatu du epea. Asteazken goizaldea izango da Teheranen. Bien bitartean, Iranen hildakoak ugaritzen ari dira etengabe estatubatuarren eta israeldarren erasoen ondorioz.
Artemis II misioak Ilargiaren alderdi ezkutuari ateratako argazkia argitaratu dute
Misioa helmugara iristetik gertu dago, bost hamarkadatan lehenengo aldiz satelite naturalaren orbitara iristetik ordu gutxira, alegia.
Trumpek mehatxu larriak egin ditu Iranen kontra, baina astelehenerako akordioa lortzea ere "posible" dela esan du
"Uste dut aukera asko daudela akordio batera iristeko. Oraintxe ari dira negoziatzen", adierazi du, eta akordiorik lortu ezean, "dena lehertu eta petrolioaz jabetzea" pentsatzen ari dela esan du. Ormuz irekitzeko ultimatuma asteartera atzeratu du.
Artemis II misioko astronautek ikusi dute dagoeneko Ilargiaren alderdi ezkutua
"Bart ikusi dugu lehen aldiz Ilargiaren alderdi ezkutua, eta ikusgarria izan da oso. Ikustean, Ilargia ez denaren nolabaiteko sentsazio bat sortu zaigu, ez baitu ikustera ohituta gauden Ilargiarekin zerikusirik", azaldu dute.
Leon XIV.a aita santuak gerraren aurkako aldarria egin du eta armak uzteko eskatu du
Tradizioan ez bezala, non pontifizeek mundu mailako diskurtsoa erabiltzen duten nazioarteko tentsio-guneak errepasatzeko, Leon XIV.ak ikuspegi orokor baten alde egin du, eta axolagabeak ez izateko eta gaitzaren, gorrotoaren eta gerraren aurrean ez etsitzeko eskatu du.