Ruandako Gobernuak adierazi du prest dagoela Erresuma Batutik kanporatutako milaka migratzaile hartzeko
Erresuma Batutik kanporatutako migratzaileak hartzeko Gobernu britainiarrarekin egin duen akordioa defendatu du Ruandako Gobernuak eta, ildo horretatik, azpimarratu du "milaka pertsona" hartzeko prest dagoela.
Yolande Makolo Ruandako Exekutiboaren bozeramaileak adierazi du Erresuma Batura ihesean joan ziren pertsonei "bizimodu berri bat" eskaini nahi dietela. Hala, ziurtatu du aterpea eta herrialde afrikarrean bizitzeko baimena emango dietela, asilorako eskubidea aitortu ez arren.
Halaber, esan du beste herrialde batera edo beren jaioterrira bueltatzeko aukera izango dutela. Edonola ere, "gurekin geratzeko hautua egingo dutela espero dugu, Ruandan bizitzea zigorra ez dela pentsatzen baitugu", nabarmendu du.
Giza-eskubideen aldeko erakundeek, berriz, gogor kritikatu dute Erresuma Batuaren deportazio-plana.
Bestalde, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak esan du bere Gobernua ez dela "kikilduko, ezta lotsatuko ere", eta aurrera jarraituko duela Erresuma Batura legez kanpoko ibilbideetatik iritsitako migratzaileak Ruandara deportatzeko planarekin.
Agintari britainiarrek apirilean jakinarazi zuten martxan zela Mantxako kanalaren eta beste ibilbide batzuen bidez Erresuma Batura egoera irregularrarekin iristen ziren pertsonak atxilotu eta Afrika ekialdeko herrialde horretara bidaltzeko plana, nahi izatera, han eska dezaten asiloa.
"Gure helburua beteko dugu, ziurtatuko dugu bereizketa argia egiten dugula –uste dut edonork ikus dezakeela bidezkoa eta arrazoizkoa dela– onurak dakarzkigun eta gure herrialdera ibilbide seguru eta legezkoetatik egindako eta defendatu eta babesten dugun legezko immigrazioaren, eta Mantxako kanaletik nahiz beste ibilbide batzuetatik egiten den migrazio arriskutsu eta ilegalaren artean, azken hori geldiarazi nahi baitugu", adierazi du, eta berretsi du hori dela "Frantziatik Erresuma Batura bidaiak antolatzen dituzten gaizkile taldeen aurka egiteko modu bakarra".
Johnsonek gaur eman du mezu hori, Afrikako herrialderako lehen hegaldia aireratzea aurreikusita dagoen egunean. Halere, ez dakite oraindik zenbat lagun joango diren hegaldi horretan, airean baitaude oraindik Justizia britainiarrari egindako zenbait eskaera indibidual.
Exekutiboak esan duenez, "hegazkina atera egingo da, bidaiari bakarra izanda ere", "pertsonen trafikatzaileei" aurre egiteko aurrekaria ezartze hutsagatik.
Erresuma Batuko Apelazio Gorteak astelehenean uko egin zion ontziaren aireratzeari betoa jartzeari, harik eta uztailean, epaiketa batean, Gobernuaren plana legearekin bat datorren aztertu arte, hainbat sindikatuk eta gobernuz kanpoko erakundek eskatu moduan.
Kritika gogorrak
Gobernu kontserbadorearen ekimena Parlamentuko oposizioak ez ezik, Carlos printzeak ere kritikatu du; azken horrek, 'The Times' egunkariaren arabera, Johnsonen plana "tamalgarritzat" jo du, antza, arlo pribatuan.
Egunkari honek, gainera, Eliza Anglikanoko kupularen gutun bat argitaratu du gaur, Erresuma Batua "lotsatzen duen politika inmorala" gaitzesten duena.
Filippo Grandi errefuxiatuentzako NBEren goi mandatariak adierazi duenez, bi herrialdeen artean adostutakoaren haritik, Erresuma Batutik Ruandara asilo-eskatzaileak deportatzea "aurrekari katastrofikoak" izan ditzakeen "akatsa" da.
"Nire bizitza arriskuan dago"
Erresuma Batutik Ruandara deportatzeko arriskuan dauden asilo-eskatzaile batzuek beren buruaz beste egingo dutela ohartarazi dute, herrialdetik kanporatzen badituzte.
"Ezin dut jan, ezin dut lorik egin. Zergatik joan behar dut Ruandara?", galdetu du Zahirrek, segurtasunagatik benetako izena eman nahi ez duen 25 urteko mutil batek. Iraketik ihes egin zuen duela bi hilabete, Sky News telebista-kateak jakinarazi duenez.
Zahirrek azaldu duenez, jaioterria utzi zuen arriskuan zegoelako, liskarra izan zuen familiako kide batekin; antza, senide horrek Irakeko Gobernuarekin harremanak zituen eta heriotza-mehatxua egin zion.
Hilabete eman zuen Turkia eta Europa zeharkatzeko 5.600 kilometroko bidaia osatzen, denbora gehiena kamioi baten atzealdean ezkutatuta egon zen, pertsona-trafikatzaileek antolatutako bidaia batean.
Gazteak dioenez, bederatzi egunez egon zen Calaisen, txalupa kaskar batean sartu eta Erresuma Batura itsasoratzeko. Aurtengo maiatzaren 23an iritsi zen kostalde britainiarrera.
Zahir ez da inolaz ere azken urteetan zeharkaldi hau egin duen bakarra. 2021ean, 28.526 pertsonak zeharkatu zuten Mantxako kanala txalupa txikietan Erresuma Baturaino, datu ofizialen arabera. 2020an 8.404 izan ziren.
Doverreko hondartzak zapaldu eta hilabete baino gutxiagora, agintari britainiarrek jakinarazi diote bera eta berarekin zihoan lagun bat Ruandarako lehen hegazkinera igoko direla asteartean.
Justiziara jotzeko aukerak gero eta urriagoak dira eta orduek aurrera egin ahala, argiagoa dirudi bi gazteak Afrikako kontinenterantz egingo dutela hegan; 9.600 kilometroko hegaldia zalantzaz betetako etorkizunerantz.
"Barne Ministerioan galdetu ziguten: "Zergatik zoaz Iraketik? Zergatik eskatu nahi duzu asiloa? 'Eta nik bakarrik esan nuen "nire bizitza arriskuan dago", esan du Zahirrek.
Zure interesekoa izan daiteke
Artemis II misioko astronautak prest dira 02:07an Kaliforniako kostaldearen parean itsasoratzeko
Hego Euskal Herriko 02:07an, NASAren aurreikuspenen arabera, San Diegoko (Kalifornia) kostaldean itsasoratuko da Orion espazio ontzia.
Ekuadorrek % 50etik % 100era igoko ditu Kolonbiako inportazioen muga-zergak, merkataritza-gerra gogortuz
Noboaren gobernuaren arabera, "segurtasun nazionala" bermatzeko hartu dute erabakia, eta "erantzukizun partekatua indartzea du helburu, mugan narkotrafikoaren presentziari aurre egiteko". Petroren ustez, neurri hori "gehiegikeria" da, eta "errespetua" eskatu du "narkotrafikoak eraildako 200.000 kolonbiarrentzat".
Israelek iragarri du Hezbollahko buruzagiaren idazkaria eta iloba hil duela
Hildakoa Ali Yusef Harshi da, Naim Qassemen iloba.
Iranek itxi egin du Ormuzko itsasartea, hainbat orduz irekita egon ondoren
Itsasartea irekita egon da hainbat orduz. Itsasoko trafikoa monitorizatzen duten plataformek mugimenduak atzeman dituztela adierazi dute. Hala ere, Israelek Libanori egindako erasoaren ostean, Irango agintariek berriro etenarazi dute petrolio-ontzien nabigazioa, Guardia Iraultzailearekin lotutako Fars agentziak jakinarazi duenez.
Milaka indigena Brasiliara iritsi dira, 2026ko Lur Librea Kanpamentuan parte hartzeko
Brasilgo indigenek martxa bat egin dute Brasilgo Kongresu Nazionalera euren eskubideak aldarrikatzeko, Brasilian urtero egiten duten kanpaldiaren testuinguruan.
Israelek gutxienez 250 pertsona hil ditu Libanoren aurka egindako "erasorik handienean", su-etena izan arren
AEB eta Iranen artean bitartekari lanak egin dituen Pakistanen arabera, Libanori ere eragiten dio tregoak. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ordea, akordiotik kanpo utzi du herrialdea.
Iranen bake-plan proposamenaren hamar gakoak
Iranek arma nuklearrak ez fabrikatzeko konpromisoa hartu du, eta bere kontrako zigor guztiak kentzea eta jasandako kalteak konpentsatzeko funts bat sortzea eskatu du. Horiek dira, besteak beste, Teheranek AEBrekin gerra amaitzea negoziatzeko aurkeztu duen planaren puntuak.
AEBk eta Iranek bi asteko su-etena adostu dute, Ormuz ireki egingo dutela bermatuta
Pakistanen bitartekaritzak su-eten akordioa lortzea ahalbidetu du. Ituna berehala sartuko da indarrean, eta Islamabadeko bake negoziazioei ateak irekiko dizkie.
Irandarrek giza-kateak osatu dituzte zentral elektriko eta zubietan, Trumpen mehatxuen aurrean
Donald Trump AEBko presidenteak Ormuzko itsasartea irekitzeko emandako epea amaitu baino ordu batzuk lehenago, Irango herritarrak kalera irten dira, eta giza-kateak osatu dituzte zentral elektriko eta zubietan. Irango banderak, erresistentziarako aldarriak eta liderren argazkiak hartuta, azpiegitura publikoak erasotzea gerra-krimena dela salatu dute.
Trumpen azken mehatxua: "Gaur gauean zibilizazio oso bat hilko da"
Irani emandako ultimatuma amaitzeko ordu gutxiren faltan, agintari estatubatuarrak iragarri du gaur "munduaren historia luze eta konplexuko unerik garrantzitsuenetako bat" biziko dela.