Indarkeria matxistaren eta konplizitate sareen aurrean, erantzukizun soziala eta erresistentzia feminista aldarrikatuko dituzte azaroaren 25ean
Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak deitu ditu Euskal Herriko hiriburuetan (Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, 19:00etan, eta Baionan, 18:30ean).
Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, gaurkoa aldarrikapen eta mobilizazio eguna izango da Euskal Herrian eta munduan zehar.
Emakundek hiru aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean abiarazitako aurtengo kanpainak "erantzukizun soziala, komunitarioa, instituzionala" aldarrikatzen ditu, indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeak "babesteko, entzuteko, sinesteko eta artatzeko".
"Ez da zure arazoa bakarrik, gurea ere bada" lelopean, instituzioek dei egiten dute gizarte osoa aktiba dadin indarkeria matxista "normalizatzea" saihesteko.
Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariaren arabera, gizarteari dagokio “erantzutea, laguntzea, ulertzea eta sinistea; gizarteak sentitu behar du ez dela emakume batzuen arazo pertsonala, arazo soziala baizik”.
Indarkeria matxista denon ardura dela azpimarratuko du aurten azaroaren 25eko kanpainak
Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, "indarkeria isilak" diren horietan egin du azpimarra. Kanpainaren xedea da sozialki justifikatutako portaeren, jarreren eta diskurtsoen inguruan gizartea kontzientziatzea; izan ere, askotan, konturatu gabe gertatzen dira, baina emakumeen kontrako indarkeria esplizituagoak eta larriagoak legitimatzeko “haztegi” gisa balio dute.
‘Egunerokoan ere ezkutatzen da indarkeria. Ikusaraz dezagun’ lelopean, Nafarroako Gobernuaren asmoa da "egunero entzuten, ikusten eta egiten dugunaren gaineko hausnarketa sustatzea, indarkeria-modu horiek errazago detektatzeko eta horiek naturalizatzea saihesteko".
"Indarkeria isilak" eta mikromatxismoak ditu ardatz azaroaren 25eko Nafarroako erakundeen kanpainak
Mobilizazioak
Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko deia egin du, "Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista" lelopean.
Horregatik, mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko hiriburuetan:
Baiona: 18:30ean, geltokitik.
Bilbo: 19:00etan, Jesusen Bihotza plazatik.
Donostia: 19:00etan, Boulevardetik.
Gasteiz: 19:00etan, San Anton plazatik.
Iruñea: 19:00etan, Gazteluko plazatik.