Iberiak eta beste konpainia batzuek bertan behera utzi dituzte Venezuelarako hegaldiak AEBk alerta igorri ostean
AEBko Abiazio Administrazio Federalak (FAA) ohartarazi du "kontu handiz" zeharkatzeko Karibe itsasoaren hegoaldea eta Hego Amerikako herrialdea.
Iberiaren hegazkin bat. Argazkia: EFE
Europako eta Amerikako zenbait airelineak Venezuelarako hegaldiak bertan behera utzi dituzte larunbat honetan, AEBko Abiazio Administrazio Federalak (FAA) nazioartean abisua eman ostean. Karibe itsasoaren hegoaldea eta Hego Amerikako herrialdea zeharkatzeko orduan "kontu handiz" ibiltzeko abisua eman du.
Iberia airelinea espainiarra izan da erabakia hartzen lehena. Venezuelarako hegaldiak bertan behera utzi ditu (horietako lehena datorren astelehenerako aurreikusita zegoen), eta egoera aztertzen joango dela jakinarazi du, operazioei noiz berrekin erabakitzeko. Iberiak bost hegaldi egiten ditu astero Venezuelara.
Konpainia horretako iturriek esan dute Iberiak beste airelinea batzuk egiten ari direnarekin bat etorriz hartu duela erabakia.
TAPek ere erabaki berbera hartu du, eta ez ditu Portugaldik hegaldiak bidaliko. TAP Portugalgo airelineak bertan behera utzi ditu gaur eta datorren asteartean Venezuelara zihoazen hegaldiak.
Ildo beretik, Avianca airelinea kolonbiarrak hegaldiak bertan behera utzi ditu gaur, eta Wingok adierazi du bere operazioak normaltasunez egiten jarraituko duela ondoko herrialdean.
Gol brasildarrak ere Caracaserako hegaldiak bertan behera utziko dituela iragarri du. Golek hegaldi bat zuen aurreikusita larunbat honetan Guarulhos nazioarteko aireportutik, São Pauloko metropoli ingurutik, Venezuelako hiriburura, eta beste bat igandean, baina bertan behera geratu dira biak, konpainiako iturriek adierazi dutenez.
Donald Trump AEBko presidenteak Venezuelatik gertu dauden Karibeko uretan ustez narkotrafikoaren aurka borrokatzeko abiatu duen operazio militarraren erdian iritsi dira erabaki horiek.