AEBk Raul Castro Kubako presidente ohia inputatu du, 1996an bi hegazkin eraisteagatik
Duela berrogei urte, Kubako ehiza-hegazkinek Floridako itsasartean Anaia erbesteratuen Erreskaterako erakundeko bi hegazkin txiki eraitsi zituzten, eta lau pilotu hil ziren.
Raul Castro, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak Raul Castro Kubako 94 urteko presidente ohia inputatu du, 1996ko gertakari bati lotutako karguekin. Urte hartan, Kubako ehiza-hegazkinek Anaia erbesteratuen Erreskaterako erakundeko bi hegazkin eraitsi zituzten Floridako itsasartean, eta eraso horretan lau pertsona hil ziren.
Donald Trump AEBko presidentea Kuban erregimen aldaketa lortzeko presioa egiten ari den unean gertatu da inputazioa. "Estatu Batuek ez dute onartuko estatu paria batek gure aberritik laurogeita hamar miliatara indarkeraizako operazioak egitea", esan du Trumpek komunikatu baten bidez.
Era berean, Marco Rubio Estatu idazkariak mezu zuzena helarazi dio Kubako herriari, elikagaien eta erregaien eskasia larria arintzeko 100 milioi dolarreko laguntza ekonomikoa eskainiz. Gainera, buruzagitza komunistari leporatu dio krisiaren erantzukizuna, AEBk uhartea blokeatu eta zigorrak ezarrita baditu ere.
Bestalde, Bruno Rodriguez Kubako kantzilerraren hitzetan, Rubio "interes ustel eta mendekuzaleen bozeramailea" da, baina ez ditu funtsak esplizituki errefusatu. "Kubak errefusatu ez duen 100 milioi dolarreko laguntza pakete bati buruz hitz egiten jarraitzen du (Rubiok), baina haren zinismoa agerikoa da, blokeo ekonomikoaren eta itotze energetikoaren eragin suntsitzailearen argitan", idatzi du Rodriguezek X sare sozialean.
Akusazioak
Fiskaltzak Castrori leporatzen dio 1996ko otsailaren 24an Carlos Costa, Armando Alejandre eta Mario Manuel de la Peña Estatu Batuetako herritarrak eta Pablo Morales (legezko egoiliarra) zihoazen hegazkinak eraisteko agindua ematea.
Akusazio formalean, hegazkinak erorarazten ustez parte hartu zuten beste militar kubatar batzuk ere sartzen dira: Emilio Jose Palacio Blanco, Jose Fidel Gual Barzaga, Raul Simanca Cárdenas, Luis Raul Gonzalez-Pardo Rodriguez eta Lorenzo Alberto Perez-Perez.
Kubako Gobernuak argudiatu zuen aireontziak bere aire-espazioan zeudela eta bidaiariak "terroristak" zirela, baina Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak ebatzi zuen erasoa nazioarteko uretan gertatu zela.
Gertakariaren unean, Raul Castro Indar Armatu Iraultzaileetako ministro zen, eta horrek aireontziak eraisteko erabakiaren aginte-katearen gailurrean jarriko luke.
Oraingoz, agintari estatubatuarrek ez dute argitu nola egingo luketen Castro atxilotzeko operazioa, ezta zenbat urteko kartzela-zigorra ezarriko lioketen ere.
Trumpek petrolio-blokeoa ezarri dio uharteari, herrialdearen "kontrola hartzeko" mehatxuak areagotzen dituen bitartean, eta Kubako buruzagitzaren eta Gaesa enpresa-talde militarraren aurkako zigorrak handitu ditu egunotan.