Flotillaren abokatuek salatu dute aktibistak atxilotu zituztenetik inkomunikatuta dauzkatela
"Atzo hasi ziren itsasontziak geldiarazten, eta orain arte, ia 30 ordu geroago, oraindik ezin izan dugu baieztatu aktibistak Israelera iritsi direnik", adierazi dute.
Adalah zentro juridiko arabiarrak (Israelera iritsitakoan Flotilla Global Sumud taldeko aktibistei aholkularitza emateaz arduratzen den erakundeak) salatu du ezin izan duela aktibistekin harremanetan jarri; tartean, Euskal Herriko sei ekintzaile daude. Atxilotu zituztenetik 30 ordu baino gehiago igaro dira, Lubna Tuma abokatuak EFE agentziari adierazi dionez.
"Atzo hasi ziren itsasontziak geldiarazten, eta orain arte, ia 30 ordu geroago, oraindik ezin izan dugu baieztatu aktibistak Israelera iritsi direnik", azaldu du abokatuak Axdodgo portuan. Tuma bertara gerturatu da, aktibisten zain, eta atxilotu zituztenetik haien berririk ez dutela adierazi du.
Adalah zentroak gutun bat bidali die Israelgo agintariei aktibisten defendatzaile gisa duten egoeraren berri emateko, eta haiekin lanean hasteko prozesua noiz abiatuko den argitzeko eskatuz: "Orain arte ez dugu Israelgo agintarien erantzunik jaso".
Astelehen-asteartean, Israelgo Armadak 50 bat ontzitan zihoazen 400 aktibista baino gehiago atxilotu ditu. Ekimenaren helburua zen Israelek 2007tik Gazari ezarritako itsas blokeoa haustea eta hango biztanleriari laguntza humanitarioa ematea.
Astelehenean, Israelgo soldaduek 30 bat ontzi bidean geldiarazi zituzten nazioarteko uretan, Zipretik gertu, Flotillaren arabera. Astearte honetan, Gazara hurbiltzen ari ziren gainerako hamar ontziak atzeman dituzte, Palestinako lurralde horretatik 150 kilometrora.
Arratsaldeko azken ordurako, ekintzaileak atxikita dituen Israelgo ontzi militarra ez da Axdodgo portura iritsi. Bertatik, kartzelatara eraman ditzakete, edo aireportu batera, handik herrialdetik kanporatzeko.
"Nazioarteko uretan itsasontzi militar bat dago, eta ontzi guztietako aktibista guztiak biltzen ari da", azaldu du Tumak, Israelgo Kanpo Arazoetarako Ministerioak argitaratutako informazio bakarrari erreferentzia eginez.
"Prentsa-ohar baten bidez nabarmendu dute ontzi militarrean espetxea egongo dela. Israel erabiltzen ari den tresna berria dela esan genezake", deitoratu du abokatuak.