Hilabeteak beharko dira ebolaren azken agerraldiaren aurkako txertoa lortzeko, baina arrisku globala "txikia" da, MOEren arabera
Hala ere, nazio eta eskualde mailan birusa zabaltzeko arriskua altua dela azpimarratu du Munduko Osasun Erakundeak.
Tedros Adhanom, MOE Munduko Osasun Erakundearen zuzendari nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Ebola agerraldia mundu mailan zabaltzeko arriskua "txikia" da Munduko Osasunaren Erakundearen (MOE) arabera, nahiz eta nazio eta eskualde mailan arriskua "handia" izan. Gainera, zehaztu du birus horren kontrako txertoa lortzeko hilabeteak beharko direla.
Bundibugyo aldaeraren agerraldia maiatzaren hasieran atzeman zuten, lehen aldiz Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta, gerora, Ugandara zabaldu da.
MOEk larrialdi batzordea deitu du ebola agerraldiaren garapena aztertzeko; orain arte, 139 hildako eta 600 kasu susmagarri baieztatu dituzte.
Pasa den maiatzaren 17an, MOEk nazioarteko osasun publikoko larrialdia ezarri zuen Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Uganda astintzen ari den ebolaren agerraldia dela eta. Hala ere, oraindik ez omen du "larrialdi pandemiko izateko" neurria.
Tedrosek azaldu duenez, Kongoko Errepublikako Demokratikoan osasun langile gisa lanean ari zen estatubatuar bat ebolaz kutsatu da eta Alemaniako ospitale batean artatzen ari dira.
Halaber, iragarri du MOEk 3,9 milioi dolar bideratu dituela ebola agerraldiari aurre egiteko.
Gaur-gaurkoz, ez dago ebolaren aurkako tratamendurik eta txertorik, eta MOEren arabera, hilabeteak beharko dira aldaera honen kontrako botika lortzeko.
Txertoak
MOE txertoen aukerak baloratzen ari da. Bi txerto ikertzen aritu dira, baina bat ere ez da iritsi ekoizpen-etapara.
"Aukera gehien eskaintzen dituen hautagaia" saiakuntza klinikoak berehala hasi ahal izateko dosi eskuragarririk ez duen bat da; hala eta guztiz ere, MOEk uste du lehentasunezkoa izan behar duela.
Kasu honetan, ekoizpena sei eta bederatzi hilabete artekoa izan daiteke, esan du Vasee Moorthy MOEko Blueprint Ikerketa eta Garapen Dibisioko adituak.
Bigarren hautagai bat ere badu MOEk, baina oraindik ez dute animaliekin egindako saiakeren inguruko daturik.