Ukrainako gerra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Biden: "Gerra nuklear bat ezin da irabazi, eta ez litzateke sekula gertatu behar"

Errusiako 300.000 erreserbistari Ukrainara joateko agindua eman ondotik hasi dira lehen erreakzioak munduko liderren aldetik. Pedro Sanchezen hitzetan, Putinek erabakia ondorioetan pentsatu gabe hartu du. "Errusia gero eta bakartuago dago", azpimarratu du Macronek.
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: Efe
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: Efe

Putinek Ukrainako gerrara joateko iragarritako mobilizazio partzialaren ondotik, 300.000 erreserbistari gerrara joateko deia egin die, munduko liderrak hasi dira Errusiako presidenteari erantzuten. Are gehiago, Errusiako presidenteak zehaztu du mobilizazioa "gaur bertan" abiatuko dela eta borrokara militar ohiak eta erreserban zeuden herritarrak bidaliko dituela.

"Europaren aurkako mehatxu nuklearren" aurrean batasuna eskatu dio Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak nazioarteari, eta gerra nuklearra "sekula" ez litzatekeela gertatu beharko erantsi du.

"Ez gara historiaren lekuko pasiboak. Historiaren egileak gara", adierazi du Bidenek Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian. Etorkizunaren eta gizateriaren alde "elkarrekin" borroka egitea eskatu dio buruzagiak nazioarteari. "Gerra nuklear bat ezin da irabazi, eta sekula ez litzateke gertatu behar", nabarmendu du.

Bidenen ahotan, Errusiak ez du soilik "Europaren kontrako mehatxu nuklearra" egin, "orain borrokarekin bat egiteko soldadu gehiago deitu baizik". Arma Nuklearrak ez Ugaltzeko Itunari "mespretxu zoroa" eta adierazpen "arduragabeak" izan direla uste du agintariak.

"Kremlina erreferendum faltsu bat antolatzen ari da Ukrainako zatiak bereganatzeko, Nazio Batuen Gutunaren urraketa larria", gaineratu duenez, Errusiak oinarrizko printzipioak "lotsagabe urratu dituelako".

Emmanuel Macronek Vladimir Putinen erabakia deitoratu du, eta Errusiako presidentearen gaineko presioa areagotzea eskatu die herrialde guztiei. "Errusia gero eta bakartuago dago", azpimarratu du Frantziako presidenteak. Bestalde, Xi Jinping Txinako presidentearen eta Narendra Modi Indiako lehen ministroaren adierazpenak txalotu ditu Macronek, Ukrainako gatazka bukatzea eskatu baitute.

Macron: "Errusia gero eta bakartuago dago"

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren hitzetan, Putinek erabakia ondorioetan pentsatu gabe hartu du. Fase berri honetan batasuna sekula baino beharrezkoagoa dela defendatu du Espainiako presidenteak. "Putinek pauso berri bat eman du, adierazpen guztiz onartezinak eginez", esan du Sanchezek New Yorkeko foro ekonomiko batean.

Bridget A. Brink Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadoreak ziurtatu duenez, presidenteak iragarritako mobilizazioa "ahultasunaren seinale" da. Brinken ustez, bai armadarako dei horrek, bai Ukraina ekialdeko zenbait eskualdetan deitutako erreferendumen "fartsak" agerian uzten dute Errusiaren "porrota".

"AEBek ez du inoiz onartuko Errusiak ustez anexionatutako lurralde ukrainarrari buruz egindako aldarrikapena, eta Ukrainari laguntzen jarraituko dugu, behar den denboran", azpimarratu du enbaxadoreak Twitter sare sozialean.

Txinak, bestalde, elkarrizketarako deia egin du, eta Ukrainan su etena ekarriko duen "edozein ahalegin" babestea eskatu du: "Krisi hau modu baketsuan konpontzeko ahalegin guztiak egin behar dira", azpimarratu du Wang Wenbin Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Hala, gogorarazi du bere herrialdeak "herrialde guztien lurralde-osotasuna errespetatzen" duela, baita Ukrainarena ere, eta, aldi berean, "herrialde guztien kezka legitimoei" erreparatzen diela, Errusiari erreferentzia eginez.

Espetxean den Alexei Navalny Errusiako oposizioko liderrak ere eman du bere iritzia, eta esan du mobilizazioak tragedia izugarria eragingo duela: "Orain argi dago gerra kriminal hau larriagotzen ari dela Putin, eta ahalik eta jende gehien inplikatzen saiatzen ari dela", adierazi du. Halaber, Errusiako presidenteak "ehunka mila pertsona odolez zikintzea" nahi duela gaineratu du.

Peter Stano. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.
18:00 - 20:00

EBk uste du Putinen hitzak etsipenaren erakusle direla, eta gerra besterik ez duela nahi

Europar Batasunak uste du Errusiako presidentearen hitzek etsipena islatzen dutela, eta agintariari "aurrera egitea eta bere gerra suntsitzailearekin jarraitzea" baino ez zaiola axola.

"Putinen diskurtsoa eta erreferendum honi buruz (Ukrainako lurralde okupatuetan) zein mobilizazio partzialari buruz egin dituen iragarpenak beste froga bat dira Errusiako presidenteak gerra besterik ez duela nahi ikusteko", adierazi du.

Gillian Keegan Erresuma Batuko Atzerri idazkaria izan da iragarpenaren ondotik lehena hitz egiten. Sky News telebista katean egindako adierazpenetan, Putinen hitzaldia "kezkagarritzat" jo du Keeganek, eta lasaitasuna eskatu duen arren, "oso serio" hartu beharreko kontua dela aitortu du. Hala ere, Keeganek berretsi du Erresuma Batuak Ukrainako herriari "ahal duen guztia" lagunduko diola.

Robert Habeck Alemaniako Ekonomia ministroaren hitzetan, Putinen iragarpena "larria eta okerra" da. Alemaniako Gobernuak Uniper gas enpresaren akzioen % 99 bereganatuko dituela iragartzeko prentsaurrekoa egin du, eta Ekonomia ministroa ere badenak bertan adierazi du Alemaniako Gobernua Putinen erabakiari nola erantzun eztabaidatzen ari dela.

Ukraina ere bat dator porro horrekin. Mijailo Podolyak Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulariak nabarmendu duenez, "Errusiarentzat 'hiru eguneko gerra' behar zuena mobilizazio militar partzial bihurtu da", Kremlinek hasiera batean zituen asmoen kontra.

Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzako ministroaren iritziz, mobilizazio honekin, Putinek "min handiagoa" eragin nahi du, baina Ukrainako gerra "galdu egin duela" uste du. "Putinek min handiagoa egitea erabaki du, suntsipen handiagoa, heriotza gehiago egotea, baina gerra galdua du, eta suntsipen eta min handiagoa eragiten saiatu arren, gerra hau galdu egingo dute", adierazi du Bolañosek.

Putinen iragarpenak eduki ditzakeen ondorioak aztertu ditu Mikel Reparaz EITB Mediako nazioarteko buruak. 

Mikel Reparaz. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

HAVANA (Cuba), 13/03/2026.- A handout photo made available by the Office of the President of Cuba showing Cuban President Miguel Diaz-Canel speaking during a press conference in Havana, Cuba, 13 March 2026. The Cuban government stated that the island 'has not relinquished its sovereign right to receive oil supplies', amid a severe energy crisis and an oil embargo imposed by the US since January, which has led to increased power outages. (La Habana) EFE/EPA/ALEJANDRO AZCUY / CUBA PRESIDENT OFFICE / HANDOUT HANDOUT EDITORIAL USE ONLY/NO SALES
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diaz-Canelek esan du Kubak "eutsi" egingo diola "AEBk zigor kolektibo" gisa erabiltzen duen "gerra ekonomiko basatiari"

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du erregai-eskasiak Kubako "funtsezko zerbitzuak" kaltetzen dituela, eta hornidura humanitarioen entregak atzeratzen eta hornigaiak garestitzen ari direla. Gainera, ohartarazi du "bildu gabeko zaborra pilatzen" ari dela hiriburuan, Habanan, "airearen kalitatea okerrera" doala "hondakinak eta janaria prestatzeko zura erretzen delako", eta "elektrizitate faltagatik 50.000 ebakuntza egin gabe" geratu zirela otsailean, besteak beste. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X