2030era arte agintean jarraituko du Putinek, inoizko emaitza onenak lortuta
Errusiako presidente Vladimir Putinek agintean jarraituko du 2030era arte, botoen % 87,29 lortuta. Hiru eguneko hauteskundeei amaiera emanda, Ella Pamfilova Hauteskunde Batzorde Zentraleko presidenteak zabaldu ditu datuok, boto-paperen % 99,76 zenbatuta dagoela.
71 urterekin, orain arteko garaipenik zabalena lortu du Putinek, Ukrainako gerra eta mendebaldeko herrialdeen zigor ekonomikoak gorabehera. Gainera, parte hartzea inoizko handiena izan da, % 77,44koa, eta 1991n ezarritako errekorra (% 74,66) gainditu da oraingoan.
Parte hartze hori apaltzeko "etsaiek" egindako saiakerak salatu ditu Pamfilovak. Besteak beste, "herritarrak beldurrarazteko ekintzak" aipatu ditu Hauteskunde Batzorde Zentraleko presidenteak. "Denetik egin dute: muga lurraldeetan eraso amaigabeak eta militarrak ez ziren helburuen kontrako eraso terroristak", kritikatu du Errusiak bereganatutako lurraldeetan Ukrainak egin dituen erasoaldiak ahotan hartuta.
Horrenbestez, Errusiako presidente izaten jarraituko du gutxienez sei urtez. Izan ere, hurrengo agintaldia bukatutakoan, berriro aurkeztu ahalko da bozetara, 2020an Konstituzioaren klausulak berritu baitzituen.
Emaitzak ezagutu berritan, agerraldia egin du Putinek eta eskerrak eman dizkie errusiarrei, babesagatik: "Aurrena, eskerrak eman nahi dizkiet Errusiako herritarrei. Lantalde bat gara. Hauteslekuetara joan eta botoa eman duten horiei, eskerrik asko".
Parte hartze handia, 1991tik handiena, goraipatu du Errusiako buruzagiak, eta Ukrainako gerrarekin zerikusi zuzena duela azaldu du. "Egin behar izan dugunarekin zerikusia du. Gure herritarren interesak armekin defendatu behar izan ditugu", nabarmendu du.
Navalniri buruz: "Horrelakoa da bizitza"
Errusiako presidenteak jakinarazi duenez, Alexei Navalni trukatzeko ituna egin zuen oposizioko kidea hil baino egun batzuk lehenago. Putinek lehen aldiz aipatu du oposizioko kidearen izena ("Navalni jauna" deitu dio). Azaldu du Kremlinen kanpoko pertsona batek —Roman Abramovich aberatsa, Nalvaniren gertukoen arabera— proposatu ziola Europan preso dauden errusiarrengatik trukea egitea, eta berak onartu egin zuela. "Baina zoritxarrez gertatu zena gertatu zen", gaineratu du eta heriotza "gertakari tristetzat" jo du.
Putinen esanetan, "nik baldintza bakarra jarri nuen: ez dadila inoiz bueltatu. Baina horrelakoa da bizitza".
Gerora, Putinen adierazpenak zuzendu ditu Dimitri Peskov Kremlingo bozeramaileak. Zehaztu duenez, presidenteak ez du esan trukea egiteko "negoziazioak" izan zirela, baizik eta pertsona batek "trukerako proposamena" egin ziola eta bera ados azaldu zela.
Ia lehiakiderik eta oposiziorik gabe
Presidentegaien artean, Nikolai Jaritonov komunista izan da bigarren bozkatuena (botoen % 4,17), eta atzetik geratu dira Jende Berria alderdiko Vladislav Davankov (botoen % 4,07) eta Leonid Slutski ultranazionalista (botoen % 3,15).
Oposizioa, bestalde, ezin izan da hauteskundeetara aurkeztu, Hauteskunde Batzordeak ez zituelako hautagaien izenak erregistratu, arrazoi teknikoak tarteko edo Ukrainarekin bakeak egin nahi zituztelako.
Horren aurrean, hauteskunde adituek eta atzerriko komunikabideek manipulazioa salatu dute, baina Hauteskunde Batzorde Zentralak ukatu egin du legez kontra jokatu izana.
Aipatzekoak dira, halaber, egunotan Errusian drone bidez izan diren erasoak eta Ukrainako mugan gertatutako liskarrak. Horietan, hainbat pertsona hil dira, eta Putinek bere berrautaketa oztopatu nahi izana egotzi dio Kievi.
Zure interesekoa izan daiteke
Iranek misilekin eraso egin du Tel Aviven aurka, Ali Larijaniren hilketaren mendeku gisa
Irango Guardia Iraultzailearen esanetan, "100 helburu militar eta segurtasun helburu baino gehiago" jo dituzte, erasoan Israelgo aireko defentsa sistemak gaindituta.
Iranek baieztatu du Ali Larijani Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkaria hil duela Israelek
Martxoaren hasieran Khamenei aiatola hil zutenetik, Larijani Irango buruzagi garrantzitsuenetakoa zen. Halaber, eraso berean Golamreza Soleimani Basij indar paramilitarreko buruzagia hil dutela baieztatu du Irango Guardia Iraultzaileak. Hilketa horien aurrean, Irango agintari politiko eta militarrek "mendekua" agindu dute.
Espainiak euskara, katalana eta galegoa Europar Batasunean hizkuntza ofizialak izan daitezen nahi du
Fernando Sampedro EBko Estatu idazkariak esan du presioa egiten jarraituko dutela, nahiz eta gaiak bederatzi hilabete daramatzan Ministerioaren agendatik kanpo.
Israelgo Armadak iragarri du "eskala handiko" beste erasoaldi bat egingo duela Teheranen aurka
Israel Katz Defentsa ministroak iragarri duenez, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko agintaria hil dute.
Trumpek esan du "ohore handia" izango litzatekeela "Kuba hartzea"
Bere Administrazioa Kubako agintariekin hitz egiten ari dela errepikatu du agintariak, eta irla "porrot egindako nazio bat" dela azaldu du. "Ez dute dirurik, ez dute petroliorik, ez dute ezer".
Beste ontzi bati eraso egin diote Ormuztik gertu, Erresuma Batuko itsas agentziak jakinarazi duenez
Bestalde, AEBko Armadak baieztatu duenez, Irango "7.000 objektibo baino gehiago" jo ditu, eta ehun ontzi baino gehiago "kaltetu edo suntsitu" ditu, otsailaren 28an Israelekin batera erasoaldia hasi zuenetik.
EBk uko egin dio Ormuzera aktibo militarrak bidaltzeari, berea ez den gerra bat delako
Nazioarteko bazkideek itsasartea desblokeatuko duen hedapen militar batean parte hartzeko ideia berretsi du Trumpek.
NATOk Trumpi erantzun dio aliatuek laguntza eskaini diotela Ormuzerako
AEBko presidenteak ohartarazi zuen Aliantzak “oso etorkizun makurra” izango duela aliatuek itsasartea desblokeatzen laguntzen ez badute. Erresuma Batuak adierazi du “plan kolektibo bat” lantzen ari dela eremurako, eta EBk Atzerri ministroak bildu ditu auzia aztertzeko.
Israelek lurreko operazioa hasi du Libanon Hezbollahren "funtsezko bastioien" aurka
Israel Katz Defentsa ministroak ohartarazi duenez, "Libano hegoaldean bizi diren ehunka mila bizilagun xiitek" eta Israelen abisuen ondotik eskualde hori utzi dutenek "ezingo dute Litani ibaiaz hegoaldeko euren etxeetara itzuli" mugatik gertu dauden Israelgo eskualdeetako "segurtasuna bermatu arte".
Israelen eta Iranen arteko erasoaldi betean, Trumpek uste du ez direla su-etenerako baldintzak betetzen
"Iranek akordio bat erdietsi nahi du, baina nik ez, ez direlako horretarako baldintzak betetzen", esan du agintari estatubatuarrak NBC telebista kateari emandako elkarrizketan.