Hamasek Gurutze Gorriaren esku utzi ditu jada lau emakume soldadu bahituak
Al Qassam Hamasen talde armatuaren milizianoek Gurutze Gorriaren esku utzi dituzte jada gaurko askatzea aurreikusita zeuden lau emakume soldadu israeldarrak, 2023ko urriaren 7an bahitutakoak. Ekitaldi jendetsua antolatu du Hamasek Gaza Hirian su-etenean adostutako bigarren trukeari ekiteko, eta telebistaz emititu dute prozesua.
Liri Albag, 19 urtekoa; eta Karina Ariev, Naama Levy eta Daniella Gilboa 20 urtekoak izango dira libre geratuko direnak. Agam Berger soldaduak, berriz, Gazan jarraituko du.
Nahal Oz base militarrean zeuden guztiak, Gazatik kilometro batera, Hamasek bahitu zituenean.
Orain, Israelgo Defentsa Indarrek zehaztutako leku batera bidean doaz. Bertan, Giza Baliabideen Departamentuak osasun arreta eskainiko die, eta ondoren ospitalera eraman eta bertan elkartuko dira senideekin.
Su-eten akordioaren arabera, Israelek 50 preso askatu behar ditu emakume soldadu bakoitzeko, eta, beraz, espero da larunbat honetan gutxienez 200 preso aske uztea.
Sanad albiste-agentziaren arabera, askatuko dituzten 120 palestinarrek biziarteko kartzela zigorra dute, eta beste 80k, berriz, zigor luzeak. Gainera, libre geratuko diren presoetako 80 deportatu egingo dituzte.
Hamas erresistentzia palestinarraren erakundeak Gazako Zerrendan geratzen diren gatibu bizien eta hildakoen zerrenda jakiera ematea espero du larunbat honetan, erakundeko kide batek EFE albiste agentziari baieztatu dionez.
Hamaseko iturri horrek ziurtatu duenez, "akordioa arazorik gabe gauzatzen bada" (gatibuen trukea), zerrenda Israelgo agintariei emango diete.
Datozen asteetan zenbat preso palestinar askatuko dituzten zehazteko balioko du zerrendak, gatibuen balioa aldatu egiten baita haien egoeraren arabera.
Bestalde, Israelgo Espetxe Zerbitzuak preso palestinarrak Ramalan (Zisjordania okupatua) eta Gazako Zerrendaren mugan, Kerem Shalomen askatuko ditu. Hasiera batean, preso palestinarrak Israelgo Ofer (Jerusalemdik gertu) eta Ktziot (Gazako hegoaldean) kartzeletara eramango dituzte. Bertan, Gurutze Gorriko ordezkariek identifikatuko dituzte.
Gazan hasi zen su-etenaz geroztik, gatibu israeldarren eta preso palestinarren bigarren trukea izan da gaurkoa.
Joan den igandean, Hamasek hiru emakume eta Israelek 90 palestinar aske utzi zituzten. Egun horretan, Hamasek gatibuak askatu zituen arratsaldean, eta Israelgo agintariek preso palestinarrak aske utzi zituzten astelehen goizaldean, Ramala ondoko herri batean.
Senideek amore ez emateko eskatu diote Netanyahuri
Palestinako erresistentziaren eskuetan dauden gatibu israeldarren senideek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren Gobernuari eskatu diote eskuin muturreko gobernukideen presioen aurrean amore ez emateko eta su-etenaren fase guztiak errespetatzeko.
Bahituen Familien Foroak, gatibuen senideak biltzen dituen erakunde nagusiak, adierazi du erasoak berriz abiatzea "heriotza-zigorra" izango litzakeela askatu ezin dituztenentzat.
Senitartekoek Tel Avivera sartzeko errepide nagusia blokeatu dute gaur, eta akordioaren ahultasuna salatzeko pankartak zabaldu dituzte, Israelgo komunikabideek jaso dutenez.
Israelen erasoak Zisjordanian
Bitartean, asteartean martxan jarritako sarekadarekin aurrera jarraitzen du Israelek Yeninen (Zisjordania). Dagoeneko 14 palestinar hil eta 40 baino gehiago zauritu ditu Armada sionistak. Azken biak auto baten aurka egindako bonbardaketa batean hil dituzte, Qabatiyan, Yenin hegoaldean. Sionisten arabera, hildakoetako 10 milizianoak ziren, eta operazioan beste 20 atxilotu dituztela erantsi dute.
Asteartetik ibilgailu blindatuek eremuko sarrera guztiak blokeatuta dituzte (anbulantziei ere bidea mozten diete) eta frankotiratzaile israeldarrek, eraikin garaietan jarrita, oinezkoen joan-etorria eragozten dute.
Sarekadak gehien kaltetutako lekuetako bat Yeningo Gobernu Ospitalea da, Armada sionistak hainbat auzotan argindarra moztu ondoren, eta, gainera, erdigunera erregairik iristea eragozten ari da, Wafa albiste agentzia palestinarraren arabera.
Bestalde, Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Rafah "erabat suntsitu" dutela salatu du gaur, erakundeko lantalde batek iazko maiatzetik Gaza hegoaldeko hiria lehen aldiz zeharkatu ostean.
Zure interesekoa izan daiteke
Artemis II misioa: "Gizakia Lurretik inoiz urrunen egon den tokira iritsi gara"
Lau astronautak gaur sartu dira Ilargiaren orbitan, eta satelitearen alde ezkutua behatzen hasiko dira. Lehen irudiak erakusten hasi da NASA gaur.
Iranek AEBren su-eten proposamena baztertu eta gerra behin betiko bukatzeko eskatu du
Iranek hamar puntuko proposamen bat helarazio dio AEBri, Pakistanen bitartez, gatazka erabat bukatzeko helburuarekin. Trumpen arabera, "ez da nahikoa", eta Iran osorik suntsitzeko mehatxua bota du, berak jarritako epea betetzen bada.
Ormuzko itsasartetik igarotzeko "protokoloa" negoziatzen ari dira Iran eta Oman
"Elkarrizketa hauen helburua da ontziak Ormuzko itsasartetik segurtasunez pasatzeko prozedura aztertzea", esan du gaur, astelehenarekin, Ismail Bagaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
AEB, Iran eta hainbat bitartekari 45 eguneko balizko su-eten bat negoziatzen egon litezke
Bestalde, Irango Atzerri ministroaren bozeramaileak esan du ez dituela Trumpen ultimatumak onartuko, "negoziazioa ez delako ultimatumekin, hilketekin edo gerra krimenak burutzeko mehatxuekin bateragarria".
17 eta 45 urte arteko gizon alemaniarrek baimena beharko dute hiru hilabete baino gehiagoz herrialdetik irteteko
Urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen soldadutza lege berriaren arabera, herrialdetik kanpora hiru hilabetetik gorako egonaldiak egiteko Armadaren baimena beharko dute. Alemaniako Defentsa Ministerioko bozeramaile baten arabera, ordea, zerbitzu militarra borondatezkoa den bitartean baimenak emantzat joko dira.
Trumpek asteartera arte luzatu dio Irani Ormuzeko itsasartea irekitzeko ultimatuma
AEBko ekialdeko 20:00ak arte luzatu du epea. Asteazken goizaldea izango da Teheranen. Bien bitartean, Iranen hildakoak ugaritzen ari dira etengabe estatubatuarren eta israeldarren erasoen ondorioz.
Artemis II misioak Ilargiaren alderdi ezkutuari ateratako argazkia argitaratu dute
Misioa helmugara iristetik gertu dago, bost hamarkadatan lehenengo aldiz satelite naturalaren orbitara iristetik ordu gutxira, alegia.
Trumpek mehatxu larriak egin ditu Iranen kontra, baina astelehenerako akordioa lortzea ere "posible" dela esan du
"Uste dut aukera asko daudela akordio batera iristeko. Oraintxe ari dira negoziatzen", adierazi du, eta akordiorik lortu ezean, "dena lehertu eta petrolioaz jabetzea" pentsatzen ari dela esan du. Ormuz irekitzeko ultimatuma asteartera atzeratu du.
Artemis II misioko astronautek ikusi dute dagoeneko Ilargiaren alderdi ezkutua
"Bart ikusi dugu lehen aldiz Ilargiaren alderdi ezkutua, eta ikusgarria izan da oso. Ikustean, Ilargia ez denaren nolabaiteko sentsazio bat sortu zaigu, ez baitu ikustera ohituta gauden Ilargiarekin zerikusirik", azaldu dute.
Leon XIV.a aita santuak gerraren aurkako aldarria egin du eta armak uzteko eskatu du
Tradizioan ez bezala, non pontifizeek mundu mailako diskurtsoa erabiltzen duten nazioarteko tentsio-guneak errepasatzeko, Leon XIV.ak ikuspegi orokor baten alde egin du, eta axolagabeak ez izateko eta gaitzaren, gorrotoaren eta gerraren aurrean ez etsitzeko eskatu du.