Alvaro Uribe presidente ohia berehala aske uzteko agindu du Bogotako Auzitegi Nagusiak
Hala, Kolonbiako presidente ohia aske egongo da bigarren auzialdian epaiaren aurkako apelazioa ebazten den bitartean. 12 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, eroskeria leporatuta.
Alvaro Uribe (2002-2010) Kolonbiako presidente ohia berehala aske uzteko agindua eman du Bogotako Auzitegi Nagusiak. Eroskeria kasu bategatik auzipetu dute, eta lehen auzialdian 12 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.
"Alvaro Uribe Velez herritarraren askatasun indibidualerako oinarrizko eskubidea babestea du oinarri" neurri horrek, eta indarrik gabe uzten du Sandra Heredia epailearen erabakia; 12 urteko espetxe-zigorra ezarri zion epaian "berehalako askatasun-gabetzea" agindu baitzuen.
Uribe, Zentro Demokratikoa eskuineko alderdiaren sortzaile eta buruzagia, zigor penala jaso zuen Kolonbian Mendeko epaiketa deiturikoan, eroskeria eta iruzur prozesala egitea egotzita. 2012an hasi zen auzia.
Zigor horren berri izan eta hiru egunera, agintari ohiaren abokatuek errekurtsoa aurkeztu zuten Bogotako Auzitegi Nagusian, epaileak bere oinarrizko eskubideak urratu zituela iritzita.
Epaiak dioenez, idazkian prozesuko hainbat erabaki zalantzan jarri ziren , "epaileak eta fiskalak partzialtasunez, funtzio-abusuz, errespeturik gabe, interes politiko eta ideologikoak defendatuz eta herritarrekiko eta auzipetutako presidente ohiarekiko gorrotoz jokatu zutela erakusten omen dutenak".