Netanyahuk bat egin du Trumpek Gazarako duen planarekin, baina Hamasek onartzen ez badu "Israelek bere lana amaituko" duela gaineratu du
Netanyahuren hitzetan, Trump "Israelek Etxe Zurian inoiz izan duen lagunik handiena da", eta azpimarratu du Washingtonen planak bat egiten duela Gobernuak enklabearen aurkako erasoaldiari amaiera emateko ezarri zituen bost printzipioekin.
Donald Trump AEBko presidenteak Etxe Zurian egindako agerraldi bateratu batean adierazi duenez, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak onartu egin du Gazan bakea lortzeko 20 puntuko plana. Horrek Hamasek parte hartuko ez lukeen trantsizio-gobernu bat aurreikusten du, Trump bera buru izango lukeen batzorde batek gainbegiratuta.
"Eskerrak eman nahi dizkiot Netanyahu lehen ministroari plana onartzeagatik eta hainbeste urte, hamarkada eta mendez ikusi dugun heriotzari eta suntsipenari amaiera eman ahal izango diogulakoan egoteagatik, eta horrela eskualde osorako segurtasun, bake eta oparotasun aro berri bati hasiera emateagatik", esan du Trumpek Netanyahurekin izandako bileraren ostean.
"Hamasek akordioari uko egiten badio, eta hori posible da, kontra egingo dioten bakarrak izango dira. Gainerako guztiek onartu dute", gaineratu du AEBko presidenteak. Nolanahi ere, talde islamistaren aldetik “erantzun positiboa" izango dela uste duela esan du. Agerraldia egin orduko, Hamaseko agintariek jakinarazi dute oraindik ez dutela plan horren kopiarik jaso.
Trumpek ere esan du, Hamasek proposamena atzera botaz gero, Israelek AEBren erabateko babesa izango duela milizia suntsitzeko.
Israelgo lehen ministroak ere baieztatu du AEBko presidentearen 20 puntuko plana babestu duela. "Gazako gerrari amaiera emateko plana babesten dut, gure gerra-helburuekin bat baitator: bahituak itzultzea, Hamasen gaitasun militarra desegitea, bere domeinu politikoari amaiera ematea eta Gazak Israelentzat inoiz gehiago mehatxurik ez izatea bermatzea", esan du.
Netanyahuren hitzetan, Trump "Israelek Etxe Zurian inoiz izan duen lagunik handiena da", eta azpimarratu du Washingtonen planak bat egiten duela Gobernuak enklabearen aurkako erasoaldiari amaiera emateko ezarri zituen bost printzipioekin.
Bere esanetan, printzipio horiek bahituen askapena, Hamasen armagabetzea, Gazaren desmilitarizazioa, enklabearen segurtasunaren gaineko Israelen kontrola eta Hamasen parte ez den gobernu bat osatzea dira.
Lehen ministroak adierazi duenez, Palestinako Agintaritzak, okupatutako Zisjordaniako zati batzuk gobernatzen dituenak, ezin du paperik izan Gazaren etorkizunean, aurretik "erabateko erreforma" egin gabe.
Halaber, Hamasek Trumpen proposamena onartzen ez badu, Israelek Gazako setioari eutsiko diola ohartarazi du, "lana amaitu arte".
Trumpen planak Israelen berehalako su-etena aurreikusten du, bahitu guztiak askatzea eta trantsizioko gobernu teknokrata bat ezartzea, Trump bera buru duen eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia kide izango lukeen batzorde batek gainbegiratuta.
Ondoren, Palestinako Aginte erreformatu batek hartuko luke bere gain enklabearen kontrola, eta Hamas, berriz, desmilitarizatua izango litzateke eta ezingo luke etorkizuneko gobernu baten parte izan. Gainera, Estatu Batuek konpromisoa hartuko luke Israelen eta Palestinaren artean bitartekari lanak egiteko, "elkarrekin modu baketsuan bizi ahal izateko", eta Palestinako Estatua sortzeko atea irekitzeko.
20 puntuko plana
Errepublikanoak plana aurkeztu dio gaur Israelgo lehen ministroari Etxe Zurian egindako bileran, baina oraindik Hamasek onartu beharko luke. Ildo horretan, talde islamistak ohartarazi du agerraldia egin orduko oraindik ez zutela planaren berri izan.
Hauek dira 20 puntuak:
1- Gaza terrorismorik gabeko eremua izango da eta ez da Israelentzat mehatxu bat izango.
2- Gaza bere herriaren onurarako berreraikiko da.
3- Israelgo indarren berehalako su-etena eta pixkanakako atzera egitea bahituen askapena prestatzeko.
4- Hamasek bahitu guztiak askatuko ditu 72 orduan, bizirik zein hilik.
5- Israelek bizi osorako kartzela zigorra duten 250 preso palestinar eta urriaren 7ko atentatuen ostean atxilotutako 1.700 gazatar askatuko ditu.
6.- Hamasek konpromisoa hartzen du elkarrekin modu baketsuan aritzeko eta armak uzteko.
7- Akordioa onartu ondoren, Gazarako behar den laguntza humanitario guztia bidaliko da.
8- Laguntza humanitarioa interferentziarik gabe eta Nazio Batuen agentzien bidez sartu eta banatuko da.
9- Trump bera buru duen nazioarteko "Bakearen Batzorde" batek gainbegiratutako batzorde teknokratiko batek administratuko du Gaza. Batzorde horretan Tony Blair Britainia Handiko lehen ministro ohia arituko da. Palestinako Aginte erreformatu batek hartuko du kontrola ondoren.
10- Gazarako garapen ekonomikorako plan bat sortuko da, inbertsioak erakarriko dituena.
11- Gazan gune ekonomiko berezi bat sortuko da.
12- Ez da behartutako desplazamendurik egongo, eta borondatez joaten direnek itzultzeko eskubidea izango dute, baina "jendea animatuko da geratzera eta Gaza hobea eraikitzeko aukera eskainiko zaie".
13- Hamasek eta beste fakzio batzuek ezin izango dute Gaza gobernatu "ez zuzenean ez zeharka", eta Zerrenda desmilitarizatuko da, nazioarteko ikuskaritzapean.
14- Eskualdeko herrialdeek bermatuko dute Hamasek eta beste talde batzuek beren konpromisoak beteko dituztela eta Gaza ez dela "bere herritarrentzako eta bizilagunentzako mehatxua".
15- Nazioarteko Egonkortze Indar (ISF) bat hedatuko da, AEBk kide arabiarrak lagunduta, Palestinako polizia-indarrak entrenatzeko eta barneko eta mugetako segurtasuna mantentzeko. Egiptok eta Israelek eremu horretan lagunduko dute.
16- Israelek ez du ez Gaza okupatuko ez anexionatuko, kontrola pixkanaka erretiratuko da ISFri transferitzeko, eta segurtasun-perimetro bat mantenduko du, beharrezkoa bada.
17- Hamasek proposamena "atzeratzen edo baztertzen" badu, aurreko guztia Israelek ISFri transferitutako "terrorismorik gabeko" eremuetan ezarriko da.
18- Erlijioen arteko elkarrizketa sustatuko da, palestinarren eta israeldarren arteko tolerantzia eta bizikidetza baketsua sustatzeko.
19- Berreraikitzeak aurrera egin ahala eta Palestinako Agintaritzaren erreformak bete ahala, autodeterminaziorako eta Estatu palestinarra sortzeko aukera irekiko da.
20- Estatu Batuek elkarrizketa bat ezarriko dute Israelen eta Palestinaren artean, elkarrekin modu baketsuan eta oparoan bizitzea ahalbidetuko duen helburu politiko bat adosteko.
Bonbardaketek jarraitzen dute Gazan
Israelgo Indar Armatuek azken orduetan egindako bonbardaketek, gutxienez, 23 pertsona hil dituzte Gazan. Horietako lau familia bereko kideak dira, Ikastetxe Mediko Palestinarreko eraikin batean zeudenak, Sanad albiste agentzia palestinarrak jaso duenez.
Bestalde, anbulantziek eta larrialdietako taldeek 10 gorpu berreskuratu dituzte Israelek Gaza hiriko Al Naser kalean egindako eraso baten ondorioz, eta uste dute gorpu gehiago daudela hondakinen azpian. Gainera, hainbat pertsona hil dira drone israeldar batek Al Sabra auzoko eraikin baten aurka egindako erasoan, Gaza hiriaren hegoaldean.
Beste pertsona bat hil eta beste bederatzi zauritu dira Nuseirat iparraldean, Gazako Zerrendaren erdialdean, kanpin-denda baten kontra egindako eraso batean.
Gazako Zerrendako agintariek jakinarazi dutenez, dagoeneko 66.055 pertsona hil dira guztira Israelgo Armadak enklabearen aurka egindako erasoetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Trump: "Ormuz zabaldu ezean, gau bakarrean suntsi dezakegu herrialde osoa"
Euskal Herrian goizaldeko 02:00ak direnean amaituko da Ormuzko itsasartea zabaltzeko Trumpek Irani emandako epea. Iranek Pakistanen bitartekaritzarekin proposatutako 10 puntuko dokumentua ez zaio, nonbait, nahikoa iruditu AEBko presidenteari. Iranek esan du negoziazioak ez direla mehatxuekin bateragarri. Israelek, bitartean, irandarrei ohartarazi die ez daitezela trenean ibili ez badute euren bizitza arriskuan jarri nahi.
Trumpek Artemis II.aren misioko tripulatzaileekin hitz egin du eta erakutsitako ausardia eskertu die
AEBko presidenteak tripulazioarekin hitz egin zuen Ilargiaren aurpegi ezkutua behatu ondoren, egindako misio historikoagatik zoriontzeko. "Gaur historia egin duzue eta harrotasunez bete duzue Amerika osoa, harrotasun ikaragarria", esan zuen Trumpek elkarrizketan.
Artemis II misioak Lurrera itzultzeko bidaia hasi du, Ilargiaren alde ezkutua behatu ondoren
Aurreikusita zegoen bezala, misioko lau astronautek —Reid Wiseman, Victor Glover, Christina Koch eta Jeremy Hansen— Lurrarekiko komunikazioa galdu dute, 40 minutuz. Tarte horretan, satelitearen alde ezkutua behatu dute eta inoiz ikusi gabeko tokien argazki eta datuak bildu dituzte.
Artemis II misioa: "Gizakia Lurretik inoiz urrunen egon den tokira iritsi gara"
Lau astronautak gaur sartu dira Ilargiaren orbitan, eta satelitearen alde ezkutua behatzen hasiko dira. Lehen irudiak erakusten hasi da NASA gaur.
Iranek AEBren su-eten proposamena baztertu eta gerra behin betiko bukatzeko eskatu du
Iranek hamar puntuko proposamen bat helarazio dio AEBri, Pakistanen bitartez, gatazka erabat bukatzeko helburuarekin. Trumpen arabera, "ez da nahikoa", eta Iran osorik suntsitzeko mehatxua bota du, berak jarritako epea betetzen bada.
Ormuzko itsasartetik igarotzeko "protokoloa" negoziatzen ari dira Iran eta Oman
"Elkarrizketa hauen helburua da ontziak Ormuzko itsasartetik segurtasunez pasatzeko prozedura aztertzea", esan du gaur, astelehenarekin, Ismail Bagaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
AEB, Iran eta hainbat bitartekari 45 eguneko balizko su-eten bat negoziatzen egon litezke
Bestalde, Irango Atzerri ministroaren bozeramaileak esan du ez dituela Trumpen ultimatumak onartuko, "negoziazioa ez delako ultimatumekin, hilketekin edo gerra krimenak burutzeko mehatxuekin bateragarria".
17 eta 45 urte arteko gizon alemaniarrek baimena beharko dute hiru hilabete baino gehiagoz herrialdetik irteteko
Urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen soldadutza lege berriaren arabera, herrialdetik kanpora hiru hilabetetik gorako egonaldiak egiteko Armadaren baimena beharko dute. Alemaniako Defentsa Ministerioko bozeramaile baten arabera, ordea, zerbitzu militarra borondatezkoa den bitartean baimenak emantzat joko dira.
Trumpek asteartera arte luzatu dio Irani Ormuzeko itsasartea irekitzeko ultimatuma
AEBko ekialdeko 20:00ak arte luzatu du epea. Asteazken goizaldea izango da Teheranen. Bien bitartean, Iranen hildakoak ugaritzen ari dira etengabe estatubatuarren eta israeldarren erasoen ondorioz.
Artemis II misioak Ilargiaren alderdi ezkutuari ateratako argazkia argitaratu dute
Misioa helmugara iristetik gertu dago, bost hamarkadatan lehenengo aldiz satelite naturalaren orbitara iristetik ordu gutxira, alegia.