Belgikak 2.000 euroko soldata eskaini die urtebeteko soldaduska egin nahi duten 17 urteko boluntarioei
Borondatezko soldaduska 2026ko irailean hasiko da, eta Belgikako Gobernuak 149.000 gutun baino gehiago bidali dizkie herrialdeko 17 urteko gizon eta emakume guztiei.
Theo Francken Belgikako Defentsa ministroa astelehen honetan egindako ekitaldi militar batean. Argazkia: EFE
Belgikak soldaduak behar ditu eta Defentsa Ministerioa boluntarioak bilatzeko lanean hasi da. Belgikako Gobernuak 17 urteko herrialdeko gazte guztiei gutuna bidali die (149.000 baino gehiago), urtebeteko soldadutzaren truke 2.000 euroko soldata garbia eskainiz. Hala iragarri du Theo Francken Defentsa ministroak (N-VA Flandriako Alderdi Berria indar independentistakoa) X sare sozialean.
NATOk ezarritako helburuari jarraituz, Belgikak bere barne produktu gordinaren % 2ra arte handitu du defentsa gastua. Ekipamendu militar berriak kudeatzeko soldadu gehiago behar ditu, ordea.
Borondatezko soldadutza 2026ko irailean hasiko da, 500 gizon eta emakumerekin. 2027an 1.000 soldadu boluntario izatea espero dute Belgikako agintariek, baina helburua pixkanaka 7.000ra iristea da.
Belgikak 1993an bertan behera utzi zuen derrigorrezko soldaduska, eta 32 urte geroago atea ireki dio borondatezko soldadutzari.