Venezuela-Curaçao-AEB-Norvegia: Bakearen Nobel saria jasotzeko Machadoren odisea
Azken asteetan hainbat hipotesi zabaldu ziren Machado Oslora saria jasotzeko iritsiko ote zen, oposizioburua ez baita joan den urtarriletik jendaurrean agertu izan, eta Nicolas Maduroren Gobernuaren zaintzari iskin egitea ez baita erraza.
Maria Corina Machado, bertaratutakoam agurtzen, Norvegiako hiriburura iritsi berritan. EFE.
Venezuelako oposizioburu Maria Corina Machado Bakearen Nobel saridunak Oslora egin duen bidaia asteartean hasi zen odisea bat izan zen. Bere herrialdetik atera zen itsasoz Curaçaora, eta hegazkinez egin zuen Norvegiako hiribururainoko 9.000 kilometroko bidaia.
Azken asteetan hainbat hipotesi zabaldu izan dira Machado Oslora saria jasotzeko iritsiko ote zen, oposizioko burua ez baita joan den urtarriletik jendaurrean agertu izan, eta Nicolas Maduroren Gobernuaren zaintzari iskin egitea ez baitzen erraza izango.
Hala ere, Machado ostegun goizaldean iritsi zen Norvegiako hiriburura, Miamitik abiatuta, hegazkin pribatuan. Curaçaon jaso zuten, Herbehereek Karibean duten uharteetako batean, Venezuelako kostaldetik 65 kilometrora. Ondoren, eskala tekniko bat egin zuen Mainen (AEB), eta, handik, Oslora, ostegunean.
Ostegun goizaldean, Norvegian, Machado Osloko Grand Hoteleko balkoian elkartu zen bere senide, lagun, hainbat herrialdetako aliatu politiko eta hura agurtzeko ordu luzez kalean zain egon ziren dozenaka venezuelarrekin.
Machadok Norvegiako kate publikoan zabaldutako bideo batean nabarmendu zuenez, Oslon egotea "miraria" izan da, eta "Venezuelako emakume eta gizon askok bizia arriskuan jarri dute gaur gauean bertan egon ahal izateko".