Delcy Rodriguezek amnistia orokorra proposatu du Venezuelan "zauriak sendatzeko"
Chavismoaren agintaldi osoari eragingo lioke, baina ez lituzke barkatuko hilketak, droga-trafikoa edo giza eskubideak urratzea egotzita zigortutako pertsonak.
Delcy Rodriguez Venezuelako presidente arduradunak amnistia orokorreko lege bat proposatu du ostiralean herrialdeko gatazka politikoak utzitako "zauriak sendatzeko". Chavismoaren agintaldian atxilotutako preso politikoei egingo lieke mesede neurriak, hau da, 1999tik gaur egun arte atxilotutakoei.
Urte judiziala abiatzeko ekitaldian, Justizia Auzitegi Gorenean, legea "datozen orduetan" Batzar Nazionalean aurkezteko agindu zien Rodriguezek Iraultza Judizialaren Batzordeari eta Bizikidetzarako eta Bakerako Programari, baita agintari legegileei "ahalik eta lankidetza handiena" emateko ere, lehenbailehen onar dezaten.
"Gatazka politikoak utzi dituen zauriak sendatzeko balioko duen legea izan dadila, gure herrialdeko justizia bideratzeko balioko duena eta venezuelarren arteko bizikidetza bideratzeko balioko duena", gaineratu zuen.
Buruzagi chavistaren hitzetan, lege-proposamen horrek kanpoan utziko lituzke giza eskubideen urraketak, droga-trafikoa eta hilketak egotzita auzipetu edo kondenatuak.
Bestalde, El Helicoide (Inteligentzia Zerbitzu Bolivartarraren egoitza) gizarte eta kirol zentro bihurtzeko eskatu zuen. Gobernuz kanpoko erakundeek eta oposizioak salatu izan dute torturak egin izan direla bertan.
Maria Corina Machado oposizioko liderrak amnistia orokorraren legea AEBren "benetako presioaren ondorio" dela adierazi zuen, eta legea burura eramatea espero duela.
Foro Penal gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 771 preso politiko daude Venezuelan.