Energia enpresen etekinei zerga ezartzeko eskatu dute Alemaniak, Italiak, Espainiak, Portugalek eta Austriak
Bost herrialde horietako Finantza ministroek gutuna igorri diote Europako Batzordeari. Argudiatu dutenez, "gerraren ondorioz etekinak lortzen ari diren konpainiek euren partetik ipini behar dute herritarren gaineko zama arintzeko”.
Iranen kontrako gerraren ondorioz, gora egin dute argindarraren eta erregaien prezioek. Argazkia: EFE
Iranen kontrako gerra dela eta, energia konpainiak izaten ari diren aparteko etekinen gaineko zerga jartzeko eskatu dute Europar Batasuneko bost Finantza ministrok; Alemania, Italia, Espainia, Portugal eta Austriako ministroek, hain zuzen ere.
Bost herrialde horietako ministroek gutuna bidali diote Europako Batzordeari, eta Reuters albiste agentziak eskuratu du testua. Bertan diotenez, zerga bateratua ezartzeak "batuta gaudela eta jarduteko gaitasuna dugula" erakutsiko luke.
"Gainera, mezu argia bidaliko luke: gerraren ondorioz etekinak lortzen ari diren konpainiek euren partetik ipini behar dute herritarren gaineko zama arintzeko", azaldu dute eskutitz horretan.
Carlos Cuerpo Espainiako Gobernuko Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministro eta lehen presidenteordeak albistea baieztatu du X sare sozialeko bere profilean argitaratu duen mezu batean.
Bost herrialdeotako Ekonomia ministroen arabera, petrolioaren prezioaren gorakadaren eragina arindu nahi dute eta inflazioa geldiarazi, "aurrekontu publikoak gehiegi kargatu gabe".
Gogorarazi dutenez, 2022an, Ukrainako gerran, ezarri zen zerga. Euren esanetan, antzeko egoera da oraingoa eta justifikatuta legoke zerga bateratua ezartzea, estatukideek indibidualki har ditzaketen neurriez harago.