7,8 indarreko lurrikara bat izan da Filipinetan, eta hogei bat hildako eragin ditu
Agintariek kostaldeko hainbat eremu zaintzen jarraitzen dute, eta bitartean bilaketa lanak eta kalteen ebaluazioak egiten dihardute.
Eraikin bat, kalteturik, General Santosen izandako lurrikararen ondoren. Filipinetako Gurutze Gorriak emandako argazkia.
Gutxienez 20 pertsona hil dira astelehen honetan Filipinetako hegoaldeko Mindanao uhartean izandako 7,8 graduko lurrikararen ondorioz, azken balantze ofizialaren arabera. Agintariek jakinarazi dute, gainera, ehun bat zauritu eta hamabi lagun daudela desagertuta, eta 10.000 bat pertsonak kalteak jasan dituztela.
Filipinetako Defentsa Zibilak adierazi duenez, biktimen kopurua aldatu egin daiteke kalteen eta ondorioen ebaluazio-lanek aurrera egin ahala. Lurrikarak hainbat eraikin hondoratu ditu, eta larrialdi-zerbitzuak mobilizatu behar izan dituzte herrialdeko hegoaldeko hainbat herritan.
Filipinetako Bulkanologia eta Sismologia Institutuaren (Phivolcs) arabera, lurrikararen epizentroa Maasim herritik 32 kilometrotara izan da, mendebaldera, Sarangani probintzian, eta hipozentroa 33 kilometroko sakoneran kokatu da.
Agintariek, halaber, tsunami-alerta indarrean mantentzen dute, hegoaldeko kostaldeko hainbat gunetan —Kiamban, Maasimen eta Kudaraten, besteak beste— metro bateko olatuak atzeman ondoren.
General Santosko Poliziak eraikinetan kalte handiak izan direla eta hainbat eraikin erori egin direla jakinarazi du. Sare sozialetan zabaldutako irudietan ere agerikoak dira eraikinetan eta merkataritza-establezimenduetan eragindakoak.
Bestalde, Filipinetako Gobernuak azpimarratu du nahikoa baliabide dituela larrialdiari aurre egiteko eta erreskate-, laguntza- eta lehengoratze-lanak bermatzeko.
Lurrikarak Japonia eta Indonesia ere tsunami arriskuaren aurrean prebentziozko alertak ezartzera eraman ditu. Indonesiak, ordea, ordu batzuk geroago bertan behera utzi du abisua; Japoniak, aldiz, hegoaldeko kostaldearen zati batean zaintza-neurriak indarrean ditu, lurrikararen ondoriozko olatuak irits litezkeelako.
Filipinak Pazifikoko Su Eraztunean daude, munduko jarduera sismiko handieneko eremuetako batean.