Irango zenbait ontzik “arazorik gabe” Ormuzko itsasartea zeharkatu dute, AEBren eta Iranen arteko akordioa iragarri ostean
Hiru petrolio-ontzik eta oinarrizko produktuak garraiatzen dituzten bi merkantzia-ontzik zeharkatu dute itsasartea.
Itsasontzi bat, Ormuzko itsasartean. Argazkia: Europa Press
Iranen bandera daramaten hiru petrolio-ontzik eta oinarrizko produktuak garraiatzen zituzten bi merkantzia-ontzik “gorabeherarik gabe” zeharkatu dute Ormuzko itsasartea, AEBk ezarritako itsas blokeoa kenduta. Hala jakinarazi dute Irango Press TV telebista publikoko iturriek.
Ontzi horiek hilabeteak zeramatzaten geldirik, AEBko armadak inguruan ezarritako blokeoa zela eta. Astelehen gauean lortu dute itsasartea zeharkatzea, Washingtonen eta Teheranen artean adostutako behin-behineko akordioa iragarri biharamunean.
Akordio horren berri igandean eman zuen AEBko presidente Donald Trumpek. Haren arabera, Iranekin lortutako itunak su-etena ezartzea eta Ormuzko itsasarteko itsas trafikoa berriz irekitzea jasotzen du. Irango agintariek ere baieztatu dute akordioa, eta nabarmendu dute Washingtonek «bere baldintzak onartzera behartu» dutela.
Trumpen iragarpenaren ostean
Astelehenean, Trumpek adierazi zuen itsasartea pixkanaka desblokeatzen hasi dela, petrolioz kargatutako zenbait ontzi irten direlako. AEBren eta Iranen arteko akordioa datorren ostiralean berretsiko dute, ekainaren 19an, Genevan (Suitza), Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek iragarri duenez. Bi aldeek baieztatu dute hitzordua.
Ormuzko itsasartea munduko itsas pasabide estrategiko garrantzitsuenetako bat da; Persiar golkoa eta Omango golkoa lotzen ditu, eta petrolio merkataritzaren zati handi bat han zehar garraiatzen da.