NATO-ren GOI-BILERA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Trumpek NATOko aliatu europarrak kritikatu ditu, Irango gerran AEBri ez laguntzeagatik

NATOk Ankaran abiatu duen goi-bilerak agerian utzi ditu Estatu Batuen eta gainerako aliatuen arteko desadostasunak. AEBko presidenteak ohartarazi du estatubatuarrek Aliantza Atlantikoari egiten dioten ekarpena "zalantzan" egon daitekeela. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Ankaran (Turkia) gaur eta bihar egingo den NATOren goi-bilerara iristearekin bat, Europako aliatuen kontra hitz egin du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Zehazki, Erresuma Batuaren, Alemaniaren, Italiaren eta Frantziaren jarrera kritikatu du, Iranen aurkako gerran ez diotelako laguntzarik eman AEBri. 

Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentearekin bildu ondoren egin ditu hitzok Trumpek, eta aditzera eman du NATOri estatubatuarrek egindako ekarpena "zalantzan" egon daitekeela. "Zertarako xahutuko ditugu milioika dolar, behar dugunean inork lagunduko ez badigu?", galdetu du. 

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroari buruz ere hitz egin du. "Pertsona ona" izan arren, Irango gerraren testuinguruan "akatsa" egin zuela ziurtatu du, eta horrek bi herrialdeen arteko harremanari "kalte" egin ziola. 

Adierazpenokin, agerian geratu da Trumpek Europako hainbat buruzagirekin dituen desadostasunek berebiziko pisua izango dutela NATOren goi-bileran. Hitzorduaren helburuetako bat da aliatuek gastu militarrera bideratutako ekarpenak handitzea, "segurtasuna indartzeko". 

Mark Rutteren agerraldia

Hain zuzen, gastu militarraren inguruan, Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak Aliantza Atlantikoko kideei ohartarazi die Errusiaren, Txinaren eta Ipar Korearen arteko "elkarlana" geroz eta handiagoa dela defentsaren alorrean, eta horrek "alarmak piztea" eragin beharko liekeela aliatuei. "Defentsaren industrian iraultza" egiteko deia egin die, ekialdeko indarrei aurre egiteko. 

Ruttek mahai gainean jarri duen proposamenak Aliantzaren eta defentsarako industriaren arteko "lankidetza" eskatzen du. Esan duenez,  "ekoizpen militarra" areagotzea da bidea, "taldearen segurtasuna"  bermatzeko. Horretarako, alde guztien "konpromisoa" ezinbestekoa dela gehitu du. 

Iaz Herbehereetan egindako goi-bileran adostutakoa ekarri du gogora NATOko arduradunak: herrialde bakoitzak Barne Produktu Gordinaren % 5 defentsa gastuetara bideratzea erabaki zutela azaldu du, diru horrekin "defentsarako ahalmena" indartzeko. 

Azken urtebetean, Aliantzako 32 kidek orotara 32.000 milioi euro bideratu dituzte defentsarako industriara. 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X