Transferentzien akordioa ez betetzea "errespetu falta onartezina" dela ohartarazi dio lehendakariak Sanchezi
"Beti 'ezetz' esaten duen eta proposamenik egiten ez duen horma baten aurka egin dugu talka", azaldu du Imanol Pradalesek, Jaurlaritzak asteon zenbait Ministeriorekin egindako bilerei buruz. Horregatik, aldeen arteko konfiantza "gero eta txikiagoa" dela ohartarazi dio Espainiako Gobernuko presidenteari.
Imanol Pradales lehendakariak ohartarazi du Espainiako Gobernuak transferentzien inguruko akordioa ez betetzea "errespetu falta onartezina" dela, eta gaineratu du aldeen arteko konfiantza "gero eta txikiagoa dela".
RTVEk egindako elkarrizketa batean, Pradalesek kritikatu du martxoan adostutakoa ez dela "bete", eta egungo negoziazioetan Eusko Jaurlaritzak "horma baten aurka" talka egin duela, "uneoro 'ezetz' esaten duena eta proposamenik egiten ez duena".
"Zertan ari dira? Espero dut euskal gizartearekin ez jokatzea", azpimarratu du.
Estatuko legegintza, "egoera kritikoan"
Bestalde, Jaurlaritzako buruak adierazi du Estatuko legegintzaldia "egoera kritikoan" dagoela, eta "ezinezkoa" dirudiela Aurrekontu Orokorrak onartzeak.
Nolanahi ere, Sanchezen Gobernuarekin lanean jarraituko duela erantsi du. Hori bai, gobernuburuak "zentzua eta ordena" eman behar dizkio agintaldiari, haren Exekutiboak "desegite prozesuan" barrena ez egiteko.
"Partidak irauten duen bitartean, guk jokatu egingo dugu", laburbildu du.
PPrekiko harremanak "ez daude une onenean"
Pedro Sanchezen aurkako balizko zentsura mozioaren inguruan, lehendakariak "bazterrak nahastea" egotzi dio PPri. Horren haritik, EAJ-PP harremanak ez daudela "une onenean" ohartarazi du.
Kazetariek hauteskunde orokorrak udal eta foru hauteskundeekin batera egitea aproposa ote litzatekeen galdetu diote, eta Pradalesek erantzun du "dakienagatik" EAJk ez duela horri buruzko hausnarketarik egin oraindik, baina "osasuntsuena" hauteskundeak egun ezberdinetan egitea dela iritzi dio.
PSE-EE: "Espainiako Gobernuaren borondatea eztabaidaezina da"
Imanol Pradales lehendakariak adierazpenak egin eta gutxira heldu da Euskadiko sozialisten erantzuna. Sare sozialen bidez partekatutako mezu batean, PSE-EEk nabarmendu du transferentzien alorrean "Espainiako Gobernuaren eta bere presidentearen borondatea eztabaidaezina" dela, eta gogora ekarri du Sanchezen Gobernuak 30 arlo eskualdatu dituela.
Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari dagokionez, Euskadiko sozialistek uste dute "zorrotza" izan behar dela, eta ez dela ibili behar "neure esana egingo, zeure esana egingo". Nabarmendu dutenez, "EAJk nahiko lukeen eskualdatze batek EAEren porrota ekarriko luke, pentsiodunei ordaindu beharko liekeelako".
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik