Josu Urrutikoetxea errugabe jo dute Frantzian zuen azken epaiketan
Hau zen Frantzian zuen azken auzibidea, eta absoluzioarekin, prozesua amaitu egin da. Orain, atea zabalduko litzateke Urrutikoetxea Espainiaren esku uzteko, han zabalik dituen auziengatik.
Josu Urrutikoetxea, gaur, Parisko Apelazio Auzitegian. Argazkia: EFE
Josu Urrutikoetxea ETAko kide izandakoa errugabe jo du Parisko Apelazio Auzitegiak. 2002tik 2005era bitartean talde terroristako kide izatea egotzita epaitu zuten apirilean, eta gaur iritsi da epaia.
Hau zen Frantzian zuen azken auzibidea, eta absoluzioarekin, prozesua amaitu egin da. Orain, bidea libre geratuko litzateke Urrutikoetxea Espainiaren esku uzteko, han zabalik dituen auziengatik. Haren gaineko bi espainiaratze agindu daude indarrean; 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuagatik eta herriko tabernen auziagatik epaitu nahi du Auzitegi Nazionalak.
Gaurko saioan, Auzitegiko presidenteak ebazpena irakurri baino ez du egin, akusazioak zein diren gogora ekarri ondoren. Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra eta Frantziako Estatutik kanporatzeko agindua eskatu zituen.
Epaiketan Urrutikoetxearen aurka aurkeztu ziren froga bakanak ustez ETAk Lourdesen eta Villeneuve-sur-Loten erabilitako bi etxebizitzatan aurkitutako DNA aztarnak eta hatz markak izan ziren.
2002tik 2005era ETAko kidea izateagatik, ihesean epaitu zuten 2010ean, eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2019an atxilotu zutenean, bere aurkako epaiketa berriz egiteko eskatu zuen.
Urrutikoetxeak 75 urte ditu eta, gaur amaitu den kasuan, bake elkarrizketetan izan zuen parte-hartzea nabarmendu dute.
Elkarretaratzea, Donibane Lohizunen
EH Bairentzat "berri ona" da errugabetzea. "Epaiak berresten du hastapenetik salatzen duguna: auzi honek ez duela lekurik Euskal Herrian idekitako bake eta konponbide prozesuaren testuinguruan", esan du alderdi abertzaleak, ohar batean.
Zentzu horretan, EH Baik Frantziako Estatuari eskatu dio "bakearen zein gatazkaren konponbidearen aldeko erabaki ausarta" hartzeko eta Urrutikoetxearen estradizioa ez ahalbidetzeko.
Ezkerreko koalizioa Donibane Lohizunen antolatutako elkarretaratzera batu da, Frantziak Urrutikoetxea Espainiaren esku uzteari behin betiko uko egin diezaion eskatzeko.
Euskal preso eta iheslarien aldeko Erantzun taldeak deitu du bilkura, 'Josu Urrutikoetxea aske gurekin' goiburupean.
Zure interesekoa izan daiteke
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera