Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du trafiko isunak kudeatzeko prozedura administratiboa
Barne kontseilariaren arabera, pauso garrantzitsua da Nafarroak trafiko eskumena osorik kudeatzeko bidean. Halaber, Foruzaingoa, Guardia Zibila eta udaltzaingo guztiak integratu dira isunak kudeatzeko plataforma informatikoan.
Hainbat foruzain eta Iruñeko udaltzain bat. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Gobernuak gaurtik bere gain hartu du trafiko isunak kudeatzeko prozedura administratiboa, eta beste pauso bat eman du trafiko eskumen osoa eskuratzeko bidean. Gauzak horrela, trafikoaren eta ibilgailu motordunen araudia ez betetzeagatik zigor administratiboak ezartzeko ahalmena izango du.
Inma Jurio Barne kontseilariaren arabera, pauso garrantzitsua da trafiko eskumena osorik hartzeko 2025eko martxoan abiatutako prozesu horretan.
Foruzaingoa, Guardia Zibila eta udaltzaingo guztiak isunak kudeatzeko plataforma informatiko berean egongo dira. Esaterako, Guardia Zibilak jarritako isunak Nafarroako gobernuaren plataforman automatikoki erregistratuko dira, eta radarren kontrolerako sistemak Foruzaingoaren esku geratuko dira.
Espainiako eta Nafarroako gobernuek iazko martxoan sinatu zuten trafiko eskumena Nafarroara eskualdatzeko hitzarmena, eta pausoz pauso garatzen ari da prozesua.