Baionako eta Sarako herriko etxeek euskarari egindako aitortzak atzera bota ditu, behin-behinean, Paueko Auzitegiak
Euskara lekuko hizkuntza modura aitortzen duen ebazpen onartu zuen Sarako herriko etxeak uztailaren 2an eta Baionakoak 23an. Prefetaren eskariari men eginez, Paueko Auzitegi administratiboak bertan behera utzi ditu bi ebazpenak. Bi udalek helegitea aurkeztuko dute astelehenean bertan.
Baiona. Argazkia: Jesus Maria Tortajada / EITB
Paueko Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi ditu, behin-behinean, Baionako eta Sarako herriko etxeek euskara beren hizkuntza gisa ofizialki aitortzeko ebazpenak, Pirinio Atlantikoko prefetak jarritako errekurtsoa onartuta.
Sarako herriko etxeak uztailaren 2an onartu zuen ebazpena eta Baionakoak uztailaren 23an. Lapurdiko hiriburaren kasuan, euskararekin batera gaskoia ere aitortu zuten. Gogoratu behar da herriko etxean aldeko botoa aho batekoa izan zela, eskuin muturrarena barne.
Pirinio Atlantikoetako prefetak epaitegietara jo zuen ebazpen hauek legearen aurkakoak izan zitezkeelakoan eta behin-behinean ebazpena bertan bera uztea erabaki du Paueko Auzitegiak.
Bi herriko etxeek iragarri dute bihar bertan Bordeleko Administrazio Auzitegira joko dutela helegitea jartzeko eta beraien ekimena defendatzen jarraituko dutela berretsi dute.
Jean Rene Etchegaray Baionako alkateak adierazi du erabakia ezin dela ulertu eta salatu du lekuko hizkuntzen kasuan "alergia moduko bat" duela Estatuak.
Bordeleko Administrazio Auzitegian helegiteak aurrera egingo ez balu, Pariseko Kasazio Auzitegira iristeko prest daude ordezkariak.
Azaroaren 21ean, Euskal Konfederazioak manifestazio bat deitua du, eta Baionako herriko etxeak ere parte hartuko du, euskararen eta gaskoiaren ofizialtasunaren alde borrokan jarraitzeko.