Erasoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Burlatako jaietan zinegotzi bati egindako erasoa salatu du UPNk

Alderdiaren esanetan, Carlos Otok bularrean kolpea jaso zuen UPNren egoitzan. Nafarroako presidenteak eta hainbat alderdik erasoa gaitzetsi dute eta babesa agertu diote zinegotziari.

UPNk salatu duenez, larunbatean eraso fisikoa egin zioten Burlatako Udaleko zinegotzi Carlos Otori herriko jaietan. Alderdi erregionalistaren hitzetan, erasotzailea UPNren egoitzan sartu zen, alderdiko hainbat kide eta beste pertsona batzuk jai-giroan bilduta zeudenean, eta kolpe bat eman zion zinegotziari bularrean. Ondorioz, osasun-zerbitzuetara joan behar izan zuen.

UPNren arabera, erasotzaileak "UPN kanpora", "hijos de puta" eta "putos fachas" esan zuen oihuka, eta Poliziaren esku-hartzearekin amaitu zen gertakaria.  Horren esanetan, horrelakoak "demokrazian onartezinak" dira, gertakariak gaitzesteko eskatu die alderdi politiko guztiei, eta babesa agertu die Carlos Otori eta Burlatako "familia erregionalista" osoari.

Nafarroako presidente María Chivitek ere gaitzetsi egin du erasoa, eta babesa eta elkartasuna adierazi dizkie zinegotziari eta UPNri. "Indarkeriak ez du lekurik izan, ezta izango ere, gure gizartean", esan du sare sozialetan. Geroa Baik ere "gaitzespen argia eta irmoa" egin du, eta Nafarroako Alderdi Popularrak erabat gaitzetsi du erasoa. Horren iritzian, "desberdintasun politiko eta sozialek ezin dute inoiz inolako indarkeria edo erasorik justifikatu".

UPNk ohartarazi du bere ordezkarien aurkako indarkeria fisikoa eta hitzezkoa "erabat desagerrarazi" behar dela, eta jaiak "giro onez, elkarbizitzaz eta errespetuz" bizi behar direla azpimarratu du. Alderdiak Carlos Oto eta Burlatako gainerako ordezkariak animatu ditu herritarren alde lanean jarraitzera, eta horrelako erasoen erantzuleek zigorrik gabe gera ez daitezela eskatu du.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Manifestazioa Itsasun, Iparretarrak taldeko kide baten omenezko murala ezabatzeko aginduaren kontra

Frantziako Gobernuko ordezkariak Iparretarrak talde armatuko kide ohi baten murala ezabatzeko agindua eman ostean, gaur Itsasun, Lapurdin, ehunka lagun kalera atera dira erabaki hori gogor kritikatzeko. Ez dago argi Udalak noiz ezabatuko duen Txomin Olhagaray Iparretarrak taldeko kidea irudikatzen duen margoa. Manifestariek adierazi dute artelan bat baino ez dela eta noizbait liburuak ere erreko ote dituzten galdetu dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X