EHUko Ikasle Kontseiluak ohartarazi du erabaki judizialak berdintasun printzipioa hautsi dezakeela
EH Bilduk, Ezker Anitzak, Steilasek eta LABek bat egin dute epaitegien erabakiaren aurkako kritikarekin, eta PPk eta PSE-EEk neurriak hartzeko eskatu diote Unibertsitateari.
Artxiboko irudia.
Unibertsitatera Sartzeko Probako (USaP) Euskara azterketan zero atera zuten ikasleen familiek eskatutako kautelazko neurriek zalaparta handia sortu dute, bai ikas-komunitatean, bai esparru politikoan. Eusko Jaurlaritzak eta EHUk 2026-2027 ikasturtean plaza kopurua behin-behinean areagotzea erabaki dute, eta akordio horren berri eman aurretik, ez dira gutxi izan auto judizialei buruzko iritzia eman dutenak.
EHUko Ikasle Kontseiluak ohartarazi duenez, Justiziara jo zuten ikasleek Euskarako kalifikazioa kontuan ez hartzeko erabaki judizialak "unibertsitatera sartzeko berdintasun printzipioa hautsi dezake".
Ildo beretik, EH Bilduren legebiltzarkide Ikoitz Arresek esan du epaitegi horien erabakia "gogor" gaitzesten duela, "onartezina" den neurri hori "milaka eta milaka euskal ikaslerentzako bidegabekeria" delako, eta "aurrekari oso arriskutsua" sortu dezakeelako.
Arresek hedabideen aurrean agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean eta, bertan, esan du "bereziki kezkagarria" dela Eusko Jaurlaritzaren jarrera, azterketak "zuzentzeko sistema zalantzan jartzen duelako".
Ezker Anitza-IUk ere "argi eta garbi diskriminatzailetzat" jo ditu "zeroak bertan behera utzarazten dituzten" auto judizialak, eta Eusko Jaurlaritzari Unibertsitateko plaza kopurua areagotzeko eskatu dio.
Ohar batean, ezkerreko alderdiaren iritziz, "epaileen erabakiak beste arazo bat gehitzen dio auziari; izan ere, babesa eta segurtasuna eskaini beharrean, probak ezarritako arauei jarraituta gainditu zuten gainerako ikasleei kalte egiten die".
Sindikatuei dagokienez, Steilas kritiko agertu da kautelazko neurriekin, bere ustez, ikasgaia gainditu duten ikasleen "ahalegina zigortzen" duelako eta hezkuntza sistemaren "aukera berdintasuna ahultzen" duelako.
Sindikatu horren ustez, probaren emaitzek agerian uzten dituzte euskal hezkuntza sisteman sareen artean dauden "desorekak" eta, bere ustez, "azken neurri horrek diagnostikoa indartu besterik ez du egiten".
Bestalde, LABek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio azterketak zuzendu dituzten irakasleak babesteko eta "euskararen aurkako oldarraldia ez elikatzeko".
Sindikatuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, “EHUko egungo errektoretzaren aurkako jarrera politikoak” bultzatuta, "orain arte selektibitateko proben zuzenketak sortu ez duen arazoa indartu eta elikatu du, Hezkuntza Sailak eta EHUk erantzukizun partekatua duten eremuan".
Errektoreari exijentziak, autoak bete ditzan
Muriel Larrea Gipuzkoako PPren presidente eta legebiltzarkideak "bere burua auzi-ihesean deklaratzea" leporatu dio Joserramon Bengoetxea EHUko errektoreari, eta "arduragabekeriaz" eta "ikasleek ordainduko duten harrokeria onartezinarekin" jokatzea leporatu dio.
Sare sozialen bidez, Larreak errektoreari ohartarazi dio justizia ez dela "negoziatzen, bete egin behar baita", eta EHUren "zentzugabekeria benetako esperpentoaren mailara" iritsi dela deitoratu du.
Bestalde, PSE-EEren Batzorde Betearazleak EHUko errektoreari eskatu dio "unibertsitatera sartzeko probetan ikasle guztien eskubideak eta aukera-berdintasuna berma ditzala, hori ez baita gertatu USaPen azken deialdiko azterketa jakin batzuen ebaluazioarekin, eta epaimahaiek adierazitako kautelazko neurriak bete ditzala".
PSE-EEko Unibertsitate, Berrikuntza eta Ikerketa idazkari Patricia Campelok, gainera, "ereduak defendatzeko jarrera proaktiboa izatea eta egungo sistema zalantzan jartzen duen edozein saiakeraren aurrean modu aktiboan jokatzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, "ikasle guztiei bi hizkuntza ofizialetan gaitasun egokia ematera behartuta baitago".