Unibertsitatera Sartzeko Proba

Gorde
Kendu nire zerrendatik

EHUk plaza kopurua handituko du, berdintasun printzipioa bermatzeko eta ebazpen judizialak betetzeko

Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak baimena emango duela plaza kopurua handitzeko, Euskara azterketan ateratako zeroen inguruan epaileek hartutako erabakiak gainerako ikasleei kalterik eragin ez diezaien.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Unibertsitatera Sartzeko Probako (USaP) Euskara eta Literatura II azteketan zero atera zuten ikasleen auzian, gainerako inor kaltetu ez dadin eta berdintasun printzipioa bermatzeko, plaza kopurua behin-behinean handitu egingo du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), harik eta auziari buruzko behin betiko epaia iritsi arte. Ebazpen judizialak beteko ditu unibertsitate publikoak, eta ez ditu kontuan hartuko salaketa jarri duten ikasleek euskara azterketan ateratako kalifikazioa batez besteko notan. 

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak eman dute erabakiaren berri, EHUren Udako Ikastaroen 45. edizioaren irekiera ekitaldira sartu aurretik. Bi kargudunak premiazko bilera egin dute arratsaldean, egoera aztertu eta irtenbide bat adosteko. 

"Auto judizial bat denez, bete egin behar dugu, derrigor. Adostu dugun konponbidea da autoa betetzea eta errekurritu duten ikasleen euskara azterketako kalifikazioa kontuan ez hartzea, eta horrekin batera, plaza probisionalak sortzea hainbat gradutan. Oraindik ez dakigu ikasle horiek zer gradu aukeratu duten eta hurrenkeratan", azaldu du Bengoetxeak. EHUren abokatu taldea alegazioak prestatzen ari dela ere gaineratu du.  

Bere aldetik, Perez Iglesiasek nabarmendu du ikasleen "berdintasun printzipioa" lehenetsi duela Jaurlaritzak irizpide gisa, "inor kaltetu ez dadin". Berak zuzentzen duen sailak hartuko du bere gain behin-behineko plazen kostua, eta baimena emango dio EHUri horiek sortzeko, "inolako eragozpenik gabe". 

Justiziak ikasleei plaza gordetzera behartu du unibertsitate publikoa, eta, kasua argitu arte, ateratako nota kontuan ez hartzea agindu dio, batez besteko nota kalkulatzeko. Erabakia berehala bete beharrekoa da. Hori egin ezean, EHUko errektoretza taldeari desobedientzia edota prebarikazio delituak leporatzeko aukera zabalduko litzateke. 

Orotara, 35 bat ikaslek aurkeztu dute salaketa; azken asteotako 25 salaketei gaur hamar batu zaizkie. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X