Iranek Ormuz itxi du eta Trumpek negoziazio-bideak bilatu nahi ditu
Testuinguru horretan, AEBk Iranen aurkako itsas setioa berrezarri du bart, eta laugarren egunez erasoak egiten jarraitu du. Trumpek Teheran itotzea du helburu eta Golkoan inbertsio akordio berriak egin nahi du.
Iranek Ormuzko itsasartea itxi izanak eta AEBk erasoak gogortu izanak fase kritikoan sarrarazi dute berriro Ekialde Hurbileko gatazka, eta, momentuz, bakea urrun dagoela dirudi. Gatazka hori joan den astean gaiztotu egin zen, izan ere Trumpek ekainaren 17an sinatutako su-etenaren akordioa amaitutzat eman zuen, eta bi aldeek ituna urratu izana elkarri leporatu zioten.
Diplomaziaren behin betiko hausturak liskar irekiak ekarri ditu Persiar golkora, eta Irango Guardia Iraultzaileak nazioarteko itsas trafikoa etenarazi du munduko arteria energetiko nagusian, Ormuzko itsasartean, hain zuzen ere.
Bederatzi hildako eta 200 zauritutik gora azken erasoetan
Testuinguru horretan, Estatu Batuek Iranen aurkako itsas setioa ezarri dute berriro bart, eta laugarren gauez jarraian erasoak egiten jarraitu dute Irango lurraldearen hegoaldean. Azken bonbardaketek zazpi ordu iraun dute, eta gutxienez bederatzi hildako utzi ditu, tartean zazpi militar, eta 200 zauritu baino gehiago, Irango agintariek salatu dutenez.
Eraso horri berehalako erantzuna eman dio Iranek, eta bere gain hartu ditu droneekin eta misilekin Ekialde Hurbileko estatubatuarren kokaguneen aurka egindako hainbat eraso.
Trump, negoziaziorako bide alternatiboen bila
Bien bitartean, Trump alternatiba bila ari da. Itsas blokeoari berriro ekingo ziotela iragarri ondoren, agintariak sare sozialetan eskatu zuen ontzi guztiek % 20ko tasa ordain ziezaiotela Washingtoni Ormuzko itsasartea babesteagatik.
24 ordu geroago, ordea, erabat aldatu zuen aurretik esandakoa: zerga kendu eta "merkataritza eta inbertsio handiko akordioak" eskaini zizkien Golkoko aliatuei, segurtasuna bermatzearen truke.
Mugimendu horren arabera, Trump ez da konponbide ortodoxoak bilatzen ari, duela hilabete eskas lortutako ituna dinamitatu zuen lau hilabete baino gehiagoko gatazka geldiarazteko.