Von der Leyen, sare sozialetan sartzeko gutxieneko adina ezartzearen alde
Europar Batasunak haurrak Interneten babesteko har ditzakeen neurriei buruz aditu talde batek egindako txostenean oinarritutako proposamena da.
Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak sare sozialetan sartzeko gutxieneko adina ezartzearen alde egin du astelehen honetan, Europar Batasunak haurrak Interneten babesteko har ditzakeen neurriei buruz aditu talde batek egindako txostenean oinarrituta.
"Gure seme-alabei gidabaimena izan baino lehen autoaren giltzak ematen ez dizkiegun bezala, eta alkohola erosteko legezko adina izan arte erosten uzten ez diegun bezala, haurrak sare sozialetan legez sartzeko adina ere ezarri behar dugu", esan du Von der Leyenek prentsari egindako adierazpen batean.
Europako Batzordeko agintariek gaur jaso dute Europar Batasunak Interneten adingabeak babesteko har ditzakeen neurriei buruz aditu talde batek prestatu duen txostena. Txosten horrek EBren ikuspegi mailakatu eta harmonizatuaren alde egiten omen du.
Alemaniarrak esan du 3 urtera arte haurrek ezin dutela pantailarik erabili, eta gaineratu du 13 urtetik beherakoek gurasoen, tutoreen zein irakasleen ikuskaritzapean, eta "denbora-muga ezarrita" izan beharko luketela erabiltzaile kontua sare sozialetan.
13 urtetik aurrera, plataformek adinerako egokiak direla eta nerabeentzat seguruak direla frogatu beharko dutela eta sarbideak horren araberakoa izan beharko lukeela gaineratu du.
"Adin jakin baterako seguruak eta egokiak direla frogatzeko erantzukizuna izango dute. Horrela bakarrik irekiko da nerabe bat sare sozialetan sartzeko atea, 13 urte bete ondoren", adierazi du Batzordearen presidenteak.
Ildo horretan, Von der Leyenek esan du adingabeentzako sarbidea mugatzeko orduan bereizi egin behar direla plataforma mota desberdinak, haur eta nerabeentzat zenbateraino diren kaltegarriak ikusteko.