Abelardo de la Espriellak Kolonbiako Presidentetza hartu du
Eskuin muturreko presidente berriak Cali aukeratu du inbestidurarako, Bogota hautatu beharrean, eta talde armatu ilegalekin elkarrizketari amaiera ematea eta legez kanpoko laboreak fumigatuko dituela iragarri du.
Abelardo de la Espriellak Kolonbiako presidentetza hartu du ostiral honetan, inbestidura Calin eginda, Bogotan egin beharrean. 48 urteko presidente berriaren kargu-hartzea ezohiko protokoloagatik eta buruzagi erlijiosoen parte-hartzeagatik nabarmendu da. De la Espriellak aro berri bat abiatuko duela esan du, «Patria Milagro» izenarekin ezagutuko dutena bultzatzeko.
Santiago de Cali Unibertsitateko Arena USC zentroan egindako ekitaldian, besteak beste, errabino batek, artzain ebanjeliko batek eta Kolonbiako Apezpikuen Batzarreko presidenteak parte hartu dute, eta Maia abeslariak Leonard Cohenen Hallelujah abestia interpretatu du Fatimako Ama Birjinaren irudi baten aurrean.
Segurtasun politikan, norabide aldaketa
Presidentearen banda jaso ostean, De la Espriella ekitalditik atera eta Pichincha kuartel militarrera joan da, eta han egin du bere lehen hitzaldia presidente gisa, Indar Armatuen aurrean. Segurtasun politikan aldaketak iragarri ditu, talde armatuekin "elkarrizketaren aukera erabat agortuta" dagoela adierazi ostean.
Presidenteak legez kanpoko laboreen aurkako fumigazioak egin eta «megakartzelak» eraikiko dituztela iragarri du, herritarren segurtasunerako mehatxu handiena direnak horietan giltzapetzeko. Era berean, talde kriminalei eta narkotrafikatzaileei ohartarazi die bi aukera dituztela: legearen mende jartzea edo Kolonbiako Estatuaren eta segurtasun indarrei aurre egitea.
Ekonomia alorrean, austeritatea sustatu, inbertsioak erakarri eta baliabide naturalak ustiatuko dituztela esan du, herrialdearekiko konfiantza berreskuratzeko eta Kolonbia inbertitzaileentzako «helmuga seguru eta errentagarri» bihurtzeko.
Inbestidura eguna istilurik gabe igaro da. Bien bitartean, oposizioko ehunka lagun Puerto Resistencian (Cali) bildu dira modu baketsuan, 2021eko protesten epizentroetako batean. Ekitaldien ostean, presidenteak 18 ministro izendatu ditu ofizialki.