Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Irango txalupa bat, Ormuzko itsasartean. Argazkia: EFE
Iranek eta Omanek akordioa lortu dute Ormuzko itsasartean nabigazio bide berri bat egiteko, eta hitzarmen horri buruzko adierazpen bateratu bat plazaratzeko azken fasean daude, Esmail Baghaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak jakinarazi duenez.
"Bi aldeek adostu dituzte proposatutako ibilbidearen koordenatu geografikoak, eta, hirugarrenek prozesua oztopatzen ez badute, puntu nagusiak jasotzen dituen adierazpen bateratua berrikuspen eta idazketa fasean dago", adierazi du.
Hala ere, bozeramaileak azpimarratu du ezen akordiok ez duela ekarriko itsasartea berehala berriro irekitzea, AEBren eta Israelen erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Baghaeiren arabera, Irango ontzi eta portuen gaineko blokeoak eta Errepublika Islamikoaren aurkako beste ekintza "erasokor eta mehatxagarri" batzuk egiten jarraitzen duten bitartean, itsasartea ezin izango da segurutzat jo merkataritza nabigaziorako.
Donald Trump AEBko presidenteak asteburuan esan zuen Iranen aurkako eraso bat bertan behera utzi zuela, eta astelehenean negoziazioak hasiko zirela, baina Teheranek ukatu egin du hori.
Iranek eta AEBk elkar ulertzeko memoranduma sinatu zuten ekainaren 17an, gerrari amaiera emateko, baina Washingtonek erasoei berrekin zien, eta Teheranek Ormuzko itsasarte estrategikoa itxi zuen berriro.