Ukrainak eta Errusiak elkarri eraso diote: bi pertsona hil eta dozenaka zauritu dira
Ukrainako indarrek Errusia ipar-mendebaldean eragin dituzte bi heriotzak, Nizhnekamsk udalerrian. Moskuk droneak erabiliz eraso dio Kievi, eta gutxienez bost lagun zauritu ditu. AEBren arabera, baina, bi herrialdeek nahi dute gatazka konpondu.
Azken erasoaldian Odesan kaltetutako eraikinetako bat. Argazkia: EFE
Errusiako indarrek 453 drone jaurti dituzte bart Ukrainan, baina gehien-gehienak (409) indargabetu dituela zehaztu du Ukrainako Aire Armadak. Lehen datuen arabera, bost pertsona zauritu dira Odesan (bizitegi eremu bati eraso omen diote han). 13 dronek lortu dute helmuga zuten azpiegitura jotzea, eta eraitsi dituzten aparatuen zatiak erori dira zazpi kasutan.
Errusiak bere gain hartu ditu eraso horiek, eta esan du Ukrainako "zentro logistikoak" eta "instalazio energetikoak" izan dituela jomuga. Moskuren arabera, droneek "zentro logistiko bat" jo dute Odesa probintzian, bi azpiestazio elektriko Odesan eta Mykolaiv eskualdean, eta "trenbideen azpiegitura bat" herrialdearen mendebaldean. Errusiak esan du "Europako herrialdeetatik ondasun militarrak garraiatzeko" erabiltzen dituztela horiek.
Atzo, gutxienez lau pertsona hil eta 60 inguru zauritu ziren Errusiak Ukrainako hainbat eskualdetan egindako erasoetan. Besteak beste, Zaporizhian, Odesan, Donetsken, Dnipropetrovsken, Sumyn eta Kiev hiriburuan erori ziren droneak.