Trumpek esan du "gustatuko" litzaiokeela Irlanda batzea: "Lehenago edo geroago gertatuko da"
Irlandan dago egunotan AEBko presidentea, eta bertan egin ditu adierazpen polemiko horiek. Erreakzioak erreskadan etorri dira.
Donald Trump eta Catherine Connolly, AEBko eta Irlandako presidenteak. Argazkia: Europa Press
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak ezustekoa eman du beste behin bere adierazpenekin. Irlandara joana da, golf txapelketa bat ikustera, eta han bota du azkena. Irlanda berriz batzea gustatu egingo litzaiokeela aitortu du. "Gertatuko da, lehenago edo geroago", iragarri du, Erresuma Batuak ere "zeresana" izango duela gaineratu ostean.
"Ez dut arazorik sortu nahi, baina gustatuko litzaidake bi Irlandek berriro bat egitea. Lagunak ditut bi aldeetan, jende bikaina. Irlandarrak dira. Gustatuko litzaidake batzea", adierazi du Micheal Martin Irlandako lehen ministroarekin batera egindako agerraldian.
Trumpen ustez, bera da bateratzea gauzatzeko "gizon egokiena", baina aitortu duenez, Erresuma Batuak ere "zeresana" izango du auzi horretan.
Irlandako uhartea bi zatitan banatuta dago: Irlandako Errepublika eta Ipar Irlanda (Erresuma Batuari dagokio). 30 urte luze iraun zuen Ipar Irlandako gatazka armatua 1998ko Ostiral Santuko Akordioa sinatuta bukatu zen. 3.500 pertsona hil ziren gatazkan. Irlandako unionistek eta nazionalistek mokoka jarraitzen dute, baina indarkeria atzean utzita.
Erreakzioak
Erreakzio soka luzea ekarri dute Trumpen adierazpenek. Downing Streeteko bozeramaile batek adierazi duenez, Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministroak lehengo lepotik du burua Irlandari dagokionez. "Nik dakidala, ez dago beste erreferendum bat egiteko babes sozial nahikorik, eta hori aldatzen ez den bitartean, ez da erreferendumik egingo", azpimarratu du.
Gavin Robinson Alderdi Unionista Demokratikoko buruak irmo hitz egin du. Horren esanetan, lurraldearen etorkizun konstituzionala "Ipar Irlandako herriak erabakiko du, ez Londresen, Dublinen edo Washingtonen egiten diren adierazpenek".
Kemi Badenoch Alderdi Kontserbadoreko buruzagiak estu hartu du Trump, "arinkeriaz" ari dela salatuta. Horren iritzian, adierazpenok "alferrikako tentsioak" sortzen dituzte, aurretiaz Trumpek Groenlandia edo Kanadarekin egin bezala.